wrapper

kultura sub

soreasu

 

Pauso garrantzitsuak eta asko eman dira azken urteotan Azpeitian, kultur arloan. Dinamika bizi eta ugari ematen dira, baina badira hobetu beharrekoak edota hutsuneak ere, leku guztietan bezala. Horiei irtenbidea eman eta Soreasuri bizia emateko prozesu bat dute abian Udalak eta Kultur Mahaiak. Azken hilabete luzeetan aritu dira Soreasuko hariari tiraka iritzi eta hausnarketak trukatzen elkarren artean, zein kulturako talde zein hainbat norbanakorekin. Baina fase berri bat eman eta pauso kualitatibo bat emateko unea iritsi dela iritzi diote. Eztabaida eta hausnarketak plazaratu, eta ideia eta ekarpenak biltzekoa. Horretarako, lehen zita zapaturako egina dago, 10:00etatik aurrera Sanagustinen. Soreasuz, sormenaz eta beste hainbat kontutaz hitz egiteko aukera izango da batzar irekian. 

Josu Labaka kultur batzordeburuak azaldu duenez, "egin nahi duguna azaltzera gatoz, edota dagoeneko egiten ari garena, hasiak baikaude lanean. Baina eztabaida zabaldu nahi dugu. Iritziak, beharrak, asmoak... elkarri kontatu eta horrela kulturan ditugun hutsuneei erantzuna emanez sortu nahi dugu Soreasuko sormen gunea". Eztabaida orain egitearen arrazoiak ere eman ditu: "Sanagustingo proiektua egonkortuta dago, plaza ederra da artistentzat. Baina belaunaldi berriak sormenari bultzaka datoz. Sortzeko gune faltari aurre egiteko, kultur dinamika oraindik eta gehiago indartzeko, elkarlana handitzeko, belaunaldi aldaketari atea irekitzeko eta Soreasuri duena baino bizi handiagoa emateko helburua dugu erronka berri honekin". Azpeitiak duen kultur dinamika bizia denboran mantendu beharrekoa irizten dio, eta horretarako kultura bizi mantendu behar dela ere aipatu du.

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea