wrapper

2008/09/15

Fatxadak aldatu edo balkoiak isteko udal ordenantza

Balkoiak ixtea eta, oro har, aurrealde edo fatxadak aldatzea arautuko duen ordenantza

Agintarau honen helburua da balkoiak ixteko egiten diren jarduerak eta beste aldaketa batzuk arautzea (hala nola aurrealde edo fatxadetan bao edo zulo berriak ateratzea edo haiek handitzea, bai eta pertsianak edo markoak aldatzea, balkoiak egokitzea eta abar) hirigintza aldetik finkatuak dauden eraikinen aurrealde edo fatxadetan.
Banaka-banaka egin diren itxitura horiek eta lan horien maiztasunak, kalte handia sortu du herriaren itxuran, inolako irizpiderik gabe hondatu egin baitira fatxadek itxura aldetik zituzten taxuketa irizpideak.


Beraz, beharrezko egiten da horrelako egoeren aurrean irizpide argi bat izatea era honetako jardueretan eta, balkoiak ixtearen edota, oro har, eraikinen aurrealdeak, fatxadak aldatzearen bidez etxebizitzak hobetzeko aukera onartuta ere, ez daitezen kalte larriak sortu aurrealde edo fatxadek itxura aldetik dituzten taxuketa irizpideetan eta dagokion eraikinean trataera bateratu berria lortzeko.

Azaldu berri dugun guztiaren ondorioz prestatu da balkoiak ixtea eta, oro har, etxebizitzen aurrealdeen osagarri diren elementuen aldaketak arautzeko Udal Agintarau hau.

1. artikulua.

Agintarau honek Azpeitiko udalerrian, etxebizitzatarako erabiliko den hirilurrean, izango du indar.

2. artikulua.

Aurrealdeak, fatxadak ixteko edo aldatzeko proposamenek eraikinaren aurrealde horretan bere osotasunean aritzea hartu beharko dute kontuan, haseran duen egoeraren ordez beste bat proposatuz, aurrealdea, fatxada orokorrean tajutzeko hartuko den iritzi zehatz bati erantzunez.
Aurrealdeen itxiera edo aldaketa berri horiek batera egin beharko dira, balkoi edo hurtsarteen ardatz edo zutabe bertikal baten inguruan. Gerta litezkeen fatxada-itxuren ugaritasuna kontuan izanik, bao edo zuloen eraketa bertikal garbirik ez dagoenetan beste eraketaren bat lortzen saiatu beharko da, fatxaden taxuketaren arabera, hala nola binakako itxierak eginez, simetrikoak
Edonola ere, gutxienez lortu behar den taxuketa berria Udalak zehaztu beharko du.

3. artikulua.

Ez da onartuko hirilurrean etxebizitzatarako dauden eraikinetan balkoiak ixtea edota aurrealdeen taxuketan aldaketak egitea ondorengo egoeretan:
-12 urte baino gutxiagoko eraikinetan.
-Haiek izan ditzaketen balio estetiko, historiko edota kulturalengatik hirigintza araudietan babestutzat jotako eraikinetan.
-Duten kokalekuagatik, egoeragatik edota balio estetikoengatik Udalak haietan balkoiak ixteko baimenik ez emateko erabakia hartzen duen eraikinetan.

-Herriko Hirigintza Agintarauen arabera balkoi itxiak jartzeko baimenik emango ez den Eremuetan dauden etxebizitzetan.

4. artikulua.

Aldatu nahi den aurrealdea, fatxada osatzen duten etxebizitzek bao eta bolumenen taxuketa simetriko bat balute, aipatu berri den simetria horretan sartuak dauden etxebizitza guztietan ezarri beharko da Agintarau hau.

5. artikulua.

Eraberritu nahi den eraikina, beste eraikin batzuekin batera, finka bakarrean txertatua badago edota gaur eguneko kanpo-tratamendua antzekoa bada finkako edo Eremuko eraikinetan, aipatutako etxebizitza guztiak kontuan hartuko dituen azterlan bateratua eskatu ahal izango du Udalak. Azterlan hori, jabekide edota eragina jasoko duten guztiek aldaketa hori onartzen dutela dioen agiri frogagarri batekin batera aurkeztu beharko da.

6. artikulua.

Aurrealde, fatxada osoaren aldaketa proposamena onartu egingo da ondorioa onargarri jotzen bada estetika eta taxuketaren ikuspegitik, ez bakarrik bere horretan, baizik eta inguruan dituen eraikinak ere kontuan hartuta.

7. artikulua.

Proposatutako aldaketek ezingo dute sortu, inolaz ere, eraikitako azalera handitzerik.

8. artikulua.

Proposatutako aldaketak eraikinaren egiturako elementuak aldatzea baldin badakar berekin, ezinbesteko izango da goi-mailako arkitektuak idatzitako proiektu teknikoa aurkeztea.


Gainerako egoeretan, egin nahi diren lanek hala eskatuko balute, goi-mailako teknikari batek idatzitako proiektu teknikoa aurkeztea eskatu ahal izango du Udalak.
Proiektua beharrezko ez den egoeretan, gutxienez agiri hauek aurkeztu beharko dira:
-Aurrealdeak, fatxadak gaur egun duen itxuraren argazkiak.
-Altxaeraren planoak, itxitura berriaren osaketa eta materialak adieraziko dituztenak, gutxienez 1:50 eskalan.
-Aurrekontua.

9. artikulua.

Egin behar diren lanak, onartu egiten badira, oso-osorik eta fase bakarrean egin beharko dira, baimena ematerakoan adierazitako epean.

10. artikulua.
Dagoeneko eginak dauden itxiturak berritu edo aldatzeko baimena eman ahal izango da, nahiz eta bere garaian baimenik gabe eginak izan, beti ere 3. artikuluan jasotako baldintzak betetzen baldin badira edota, eraikinari dagokion itxitura diseinua erabakia balego, eredu horrekin bat baldin badatoz, beti ere.

11. artikulua.

Norbanakoek, bakarka, gaur egungo arotz-lanak eta pertsianak aldatu eta ezaugarri beretakoak jarri nahi izango balituzte, pertsona horiek dagokion udal baimena lortu beharko dituzte, gainerako dokumentazio osagarririk gabe.
Norbanakoek, bakarka, gaur egungo arotz-lan eta pertsianen ordez beste ezaugarri batzuetakoak jarri nahi izango balituzte (materiala aldatu, modulaketa) pertsona horrek udal baimenaren eskariarekin batera, jabekideen elkartearen baimena eta jarri nahi den arotz-lan berriaren ezaugarrien gainean hartutako erabakia aurkeztu beharko ditu.
Gaur egun jarriak dauden arotz-lan eta pertsianen kolorea aldatzea eraikinaren aurrealde, fatxada osoan aldi berean egin beharko da.

12. artikulua. Arau hausteak.

Abenduaren 16ko 57/2003 Legeak, Toki Gobernua gaurkotzeko neurrien ezartzekoak, handitu zuen Toki Jaurbideko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. Tituluaren arabera arau haustea izango da Agintarau honetan jasotako betebehar eta debeku edo mugaketak ez betetzea. Honela sailkatuko dira arau-hauste horiek:
-Arau-hauste oso larriak:
a)Balkoi-ixteak, edota daudenak aldatzeak, dagokion hirigintza baimenik izan gabe egitea, baimenik gabe egindako itxitze edo aldatze hori ezin izango balitz legeztatu.
-Arau-hauste larriak:
b)Balkoi-ixteak, edota daudenak aldatzeak, dagokion hirigintza baimenik izan gabe egitea, baimenik gabe egindako itxitze edo aldatze hori Agintarau honetako 2. eta 3. artikuluetan zehaztutako baldintzetan legeztatu ahal izango balitz.
-Arau-hauste arinak:
c)Aurreko ataletan larri edo oso larritzat jo diren egoerak, baina herriaren txukuntasun itxuran duten eragin txikiagatik ez balira gertatuko kalifikazio horiek emateko baldintzak.

13. artikulua. Agintaraua hausteagatik jarri beharreko zigorrak.

Agintarau honetan jasoak dauden arau-hauste administratiboak egiteagatik ondorengo zigorrak jarri ahal izango dira:
a)Arau-hauste oso larrietan:
Arau-hauste oso larrietan gauzak lehengo egoeran jartzea aginduko da eta 3.000 € arteko isuna jarriko.
Lehengo egoerara itzultze hori ez balu egingo norbanakoak, Udalak, dagokion espedientea tramitatu ondoren, haren ordez egingo du lan hori, araua hautsi duenaren kontura.

b)Arau-hauste larrietan:
-1.500 euro arteko isuna.
c)Arau-hauste arinetan:
-750 euro arteko isuna.

14. artikulua. Beste arau-hauste batzuk.

Egoera hauetan ezarri beharreko sektore-araudietan zehaztutako gainerako arau-hausteak haietan xedatutakoaren arabera zigortuko dira.

15. artikulua. Prozedura.

Agintarau honetan araututako arau-hauste guztietan erabiliko den prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 16ko 30/1992 Legean jasoa dagoen zigortzeko ahalmenaren irizpideei lotuko zaio eta, zigor-xedapen bakoitzaren jatorri normatiboaren arabera 2/1998 Legea, otsailaren 20koa, EAEko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenaren gainekoa edota zigortzeko ahalmena burutzeko Araudia onartzen duen abuztuaren 4ko 1398/1993 E.D.a ezarriko da.


Lehenengo xedapen gehigarria.

Gaur egunean balkoiak bakarka itxita edota fatxaden aldaketa bakarka egina duten eraikinetan, eta beti ere lan horiek Agintarau honen 3. artikuluarekin bat badatoz, salbuespen gisa bakarkako ixte-lan berriak baimendu ahal izango dira, Udal honen iritzian eraikinaren gaur eguneko aurrealdeari, fatxadari, estetika aldetik itxura hobetzen zaionean.

Azpeitia, 2006ko martxoaren 23a.-Julian Eizmendi Zinkunegi, Alkatea.
(859) (3195)

GAO (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala)

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea