wrapper

2008/09/15

Euskararen erabilera sustatu eta normalizatzeko Udal ordenantza

Azpeitiko hirian eta udalean euskeraren erabilera sustatu eta normalizatzeko udal ordenantza.

Azpeitiko Udalbatzak, 2005eko abenduaren 1ean egindako bilkuran, Azpeitiko Udalean eta Udalerrian Euskararen erabileraren sustapena eta normalizazioa bermatzea helburu duen Udal-Ordenantzari haserako onarpena eman zion.

HITZAURREA

Errealitatearen eta indarrean dagoen legediaren arabera, Azpeitiko berezko hizkuntza euskara da. Horregatik, Ordenantza honen helburua da, Azpeitiko Udalean ezezik, udalerri-eremuan ere, euskararen normalizazioa bermatuko duten ondorio juridikoak garatzea, bertoko errealitate soziolinguistikoa aintzat hartuta.

Autonomia Estatutuaren 6. artikuluari jarraiki, eta hizkuntza-alorrean garatzen duen legediari ere -funtsean 10/1982 Legea, azaroaren 24koa-, Euskal Autonomia Erkidegoko berezko hizkuntza euskara da. Eta, euskara nahiz gaztelania, biak hizkuntza ofizialak dira.

Horren guztiaren ondorio da gure Erkidegoan bi hizkuntzak erabil daitezkeela eraginkortasun eta balio juridiko osoarekin, mota guztietako harreman publikoetan zein pribatuetan. Alabaina, Ordenantza honen artikulatuan ez da garatzen, hizkuntza ofizial gisa gaztelania erabiltzeko dagoen eskubidea. Izan ere, soilik euskararen normalizazioa du xede. Alegia, eraginkortasunez bermatzea Azpeitiko berezko hizkuntzaren erabilera erreala -eta ez bakarrik teorikoa-, hiritarrek bi hizkuntza ofizialen artean aukera egin dezaketenean.

Hartara, udal-izaera daukan araudi honen oinarrizko helburua da, Azpeitiko administrazio-eremuan, kultura-alorrean eta mota guztietako harreman sozialetan, euskararen erabilera ahalmentzea, sustatzea, erraztea, eta bermatzea, bere normalizazioa erabatekoa izan dadin.

Halaber, Ordenantza honek adierazten du, udal-Administrazio barruko lan-harremanei dagokienean -baita Administrazio instituzionaletako nahiz bere menpe dauden sozietate guztietakoei ere-, lan-hizkuntza euskara dela, baldin eta bertan lan egiten duen pertsonalak, dagokion lanpostuari zor zaion hizkuntza-eskakizuna eskuratua duen.

Azkenik, araudi honen xedea da, Azpeitiko udalerrian hiritar guztiak, edozein harremanetan edo jarduera sozialetan, euskaraz bizi ahal izatea, kontuan hartuz, 2001. urteko azken biztanleria-erroldaren arabera, Azpeitian erroldatuta dauden 13.000tik gorako biztanleen %5ak bakarrik ez duela euskara ezagutzen.

Jakina, bi hizkuntza ofizialen ikuspegitik, Azpeitiko biztanle guztiei, oro har, bermatu behar zaizkie euren hizkuntza-eskubideak. Aitzitik, onartu beharra dago, ia XX. mende osoan zehar, euskara baztertu egin dela Azpeitiko udal-administrazioan ezezik, harreman publikoetan ere. Hortaz, gaur egun, Azpeitiko Udalaren lehentasuna da euskara sustatzea, hemengo berezko hizkuntza delako. Eta errespetatzea ere Udalarekin harremanetan jartzen diren hiritarren hizkuntza-eskubide oro, hizkuntza dela-eta inolako diskriminaziorik egitea ez baita onartzen.

Honenbestez, Ordenantzaren testu artikulatuan, lehenik eta behin, xedapen orokor multzo batek ñabarki aditzera ematen ditu erregelamendu honen oinarri juridikoak. Jarraian, udal-Administrazioaren menpe lan egiten duen pertsonalari dagozkion xedapenak zehazten dira; baita euskararen erabilera arautzen dutenak ere, udal-administrazioan, gainerako toki-erakundeetan eta bizitza sozialaren bilakaeran. Honek guztiak zera du helburu: Gure udalerriko eremu guztietan, azpeitiar orok euskara erabiltzeko daukan eskubidea sustatzea eta bermatzea.

LEHENENGO ATALA.XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.Euskararen ofizialtasuna.

Euskara da Azpeitiko udal-barrutiko eta bere erakunde publiko guztietako berezko eta ofiziala den hizkuntza, eta hiritarrek erabili ahal izango dute, balio eta eraginkortasun juridiko osoz, mota guztietako harreman publikoetan zein pribatuetan. Herritarrei ezagutu eta erabiltzeko eskubide ukaezina dagokie.

2. artikulua.Berezko hizkuntza.

Euskara da Azpeitiko berezko hizkuntza, baita bere erakunde publiko guztietakoa ere.

3. artikulua.Udal-zerbitzuetako lan-hizkuntza.

Euskara Azpeitiko udal-administrazioaren menpe dauden udal-zerbitzu guztietako lan-hizkuntza izango da.

4. artikulua.Hizkuntza dela-eta diskriminaziorik eza.

Azpeitiko udal-zerbitzuek, hiritarrei harrera egiterakoan eta emandako erantzunetan, hizkuntza dela-eta ez dute inor diskriminatuko. Herritarrak udal-langileekin harremanetan jartzeko erabiltzen duen hizkuntza ofizialean jasoko du udal-langileen erantzuna.

5. artikulua.Hizkuntza-eskubide orokorrak.

Hiritarrei aitortzen zaizkien hizkuntza-eskubideak:
a)Euskaraz harremanetan jartzeko eskubidea udal-zerbitzu eta erakunde guztiekin, ahoz nahiz idatziz, zerbitzuaren edo erakundearen izaera juridikoa, publikoa ala pribatua den, formalki kontuan hartu gabe.
b)Udalaren eta bere menpeko erakundeen edo sozietateen jakinarazpenak nahiz argitalpenak euskaraz jasotzeko eskubidea. Baita komunikabideen bitartez Udalak argitara ematen dituen berriak ere.
c)Ogasun publikoak diruz lagundutako udal-ekintza sozial, kultural eta aisialdiko guztiak, udalerriko berezko hizkuntza den aldetik, euskaraz izan daitezen eskubidea. Edo gutxienez, euskarari lehentasunezko tokia ematea.
d)Udal-argitalpen nahiz komunikabide guztiak, udalerriko berezko hizkuntza den aldetik, euskaraz izateko eskubidea. Edota gutxienez, euskarari lehentasunezko tokia ematea.
e)Euskara erabiltzeko eskubidea, kontsumitzaile edo erabiltzaile gisa, udal-barrutian diharduten enpresekin, saltokiekin edo establezimenduekin harremanak izaterakoan. Eta hori, 6/2003 euskal Legearen arabera, baita Legea garatzen duen araudiari nahiz Ordenantza honi jarraiki ere.

6. artikulua.Hezkuntza-arloko hizkuntza-eskubideak.

Hiritarrei aitortzen zaizkien hezkuntza-eskubideak:
a)Erakunde publikoek diruz lagundutako irakaskuntza mota oro euskaraz burutzeko eskubidea.
b)Hezkuntza-ziklo guztietan, hasierakoan nahiz etengabekoan, udalerriko ikastetxe nahiz ikastegi orok euskararen irakaskuntza eraginkortasunez berma dezala.
c)Heziketa-maila guztietan euskara ikasi ahal izateko eskubidea.

7. artikulua.Hiritarren hizkuntza-eskubideak osasun-arloan.

Udala arduratuko da hiritarrei ondokoa berma diezaieten:
a)Udal medikuntza-zentroetan euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea.
b)Osakidetzaren sail guztietan euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea.
c)Kontsumitzaile eta erabiltzaile gisa, medikuntza-zerbitzu pribatuetan euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea, 6/2003 euskal Legeko 40. artikuluaren arabera.

8. artikulua.Hiritarren hizkuntza-eskubideak justizia-eremuan

Udala arduratuko da hiritarrei ondokoa berma diezaieten:
a)Justizia-sail guztietan, atzerapenik gabe, eraginkortasunez euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea.
b)Izapide judizial guztietan euskara hizkuntza ofiziala bezala erabiltzeagatik, diskriminatuak izan ez daitezen eskubidea.
c)Erregistro Zibileko asientoak euskaraz beteko dira, baldin eta, Erregistro Zibilean aurkeztutako agiriak euskaraz idatzita badaude, edo herritarrak ahozko adierazpenak euskaraz egiten baditu. Erregistro Zibilean aurkeztutako agiria elebiduna bada, aurkezten duenak aukeratuko du asientoa zein hizkuntzatan egingo den.

9. artikulua.Hizkuntza-eskubideak polizia-harremanen esparruan.

Udala arduratuko da hiritarrei ondokoa berma diezaieten:
a)Udaltzaingoak eta Ertzaintzak eraginkortasunez euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea.
b)Estatuko indar eta segurtasun-kidegoek eraginkortasunez euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea.

10. artikulua.Hizkuntza-eskubideak eta funtzio publikoen jarduera pribatua.

Udala arduratuko da hiritarrei ondokoa berma diezaieten:
a)Jabego-erregistroan, atzerapenik gabe, eraginkortasunez euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea. Baita erregistroari dagozkion agiri guztiak euskaraz eskuratzeko eskubidea ere.
b)Notario-jardueran eraginkortasunez euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea. Baita notariotzari dagozkion agiri guztiak euskaraz jasotzeko eskubidea ere.

11. artikulua.Nomenklaturak eta toponimoak.

Euskaraz ezarriko da Azpeitiko udalerriko kaleen, errepideen, auzoen, mendien, ibaien eta ubideen nomenklatura ofiziala, baita, oro har, bertako toponimo guztiena ere, baldin eta euren jatorrizko deiturak beste hizkuntza bati dagozkionak ez diren heinean.

BIGARREN ATALA.UDAL-ADMINISTRAZIOAREN MENPEKO PERTSONALA

12. artikulua.Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunak Administrazioan.

1. Funtzio publikoari dagokion legediaren arabera, baita legedi hori garatzen duen araudiari jarraiki ere, udal-administrazioaren zerbitzuan jarduten duten langile-zerrendan, bertako lanpostu orori derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna esleituko zaio, ondoko helburuarekin: Administrazio-unitate guztiek euskaraz lan egin eta zerbitzua euskaraz eman ahal izatea.
2. Udal-Administrazioaren zerbitzuan jarduten duten langile guztiek, eurei egokitutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatu beharko dute, dagokion lanpostua eskuratu edo euren lanpostuei atxikita jarraitu ahal izateko, legedi autonomikoarekin bat.

13. artikulua.Udal-administrazioaren menpeko sozietateak eta erakundeak.

1. Udal-administrazioaren menpe dauden edo berak sortutako sozietate eta erakunde publikoetan nahiz pribatuetan jarduten duten langileei, zera ezarriko zaie: Zuzenean Azpeitiko Administrazioaren menpe lan egiten duen pertsonalari ezartzen zaion hizkuntza-araudi berbera.
2.Udal-Administrazioaren menpeko sozietateetan nahiz erakundeetan jarduten duen pertsonalak, zera egiaztatu beharko du: Bere lana burutzeko galdatzen zaion euskararen ezagutza-maila egiaztatu beharko du, baita, hala badagokio, euskaraz zerbitzua emateko ezagutza-maila ere.

14. artikulua.Zerbitzu publikoen emakidadunak.

Emakidadun batek edo Administrazioaren zerbitzuan jarduten duen pertsonala ez denak ematen dituen zerbitzu publiko guztietan, Udalak zera bermatu beharko du: Udalak zerbitzuaren erabiltzaileari harrera egin eta erantzun diezaioten, ordenantza honen arabera, udal-administrazioari galdatzen zaizkion hizkuntza-baldintza berberetan. Honetara, kontratuaren esleipena, klausula hau betetzearen menpe egongo da.

15. artikulua.Udalaren hizkuntza-plangintza.

Dagokion hizkuntza-plangintza abian jarriko edo egokituko da, ondoko helburuarekin: Administrazio-unitate guztiek euskaraz lan egin eta zerbitzua erabat euskaraz eman ahal izatea, udal-administrazioaren zerbitzuan jarduten duten langile guztiek, euren lanpostuari egokitutako zereginak burutzeko galdatzen zaien euskararen ezagutza-maila egiazta dezaten.

16. artikulua.Pertsonala izendatzea eta kontratatzea.

1.Udalak, bere menpe lan egingo duen pertsonala hautatzeko prozesuan, ondoko irizpideekin bat jardun beharko du: Objektibotasuna, argitalpena, berdintasuna, meritua eta gaitasuna, alegia. Udalak irizpide horiei men egin beharko die, bai zuzenean Udalaren zerbitzuan jardungo duen pertsonala hautatzerakoan, baita bere menpeko erakundeetako edo sozietateetako pertsonala hautatzen duenean ere. Eta irizpide berberak jarraituko dira, langile hori funtzionarioa, kontratatutakoa, finkoa ala bitartekoa denean, betiere, euskal funtzio publikoaren Legeari jarraiki, baita helburu horretarako onartu diren oinarriei ere.
2.Azpeitiko Udalaren menpeko lanpostu bat eskuratzen duen langile orok -baita bere menpeko erakundeetakoa eta sozietateetakoa lortzen duenak ere-, Udalak benetan izenda edo kontrata dezan egiaztatu beharko du, lanpostu horren funtzioak euskaraz burutzeko gaitasuna baduela.
3.Enpresa-emakidadunetan lan egiten duen pertsonalak, edo zerbitzu publikoak emateko Udalak kontratatzen dituen enpresetakoak, zera bermatu beharko du: Zerbitzu hori emango duela, udal-administrazioari galdatutako hizkuntza-baldintza berdinetan.

17. artikulua.Zerbitzu publikoetako pertsonalaren hizkuntza-obligazioak.

1. Udal-Administrazioan lan egiten duen pertsonalak -baita bere erakunde instituzionaletakoak nahiz menpeko sozietateetakoak ere- euskaraz burutu behar du bere lana.
2. Udal-Administrazioan lan egiten duten udal-langileek -baita bere erakunde instituzionaletakoek nahiz menpeko sozietateetakoek ere -, hiritarrei lehenengo hitza euskaraz egin behar diete. Baina hiritarrak hizkuntza ofizial baten hautua egiten duenean, udal-langileak hizkuntza ofizial horretan erantzungo dio herritarrari.

HIRUGARREN ATALA.EUSKARAREN ERABILERA UDAL-ADMINISTRAZIOAN

18. artikulua.Udal-organoetako lan-hizkuntza.

1.Udal-organo guztietako ohiko lan-hizkuntza euskara izango da, udalerriko berezko hizkuntza delako.
2.Udal-organo guztien batzarretarako deialdiak, eguneko gai-zerrendak, mozioak, boto partikularrak eta proposamenak, baita informazio-batzordeen irizpenak ere, euren hartzaileei euskaraz jakinaraziko zaizkie. Dena den, hala eskatzen duten udal-organoetako kideei, beraiek hautatutako hizkuntza ofizialean ere igorriko zaie dokumentazio guztia.
3.Udal-organoetako bilerak euskaraz burutuko dira. Dena dela, udal-ordezkaritzat hautatu diren organoetako kideek, ofiziala den edozein hizkuntza ere erabil dezakete.

19. artikulua.Udal-organoetako aktak.

Udal-organo guztien bileretako akten jatorrizko testuak euskaraz idatziko dira. Dena dela, beharrezkotzat jotzen denean, galdatutako hizkuntza ofizialera itzuliko dira. Akta-liburu ofiziala euskaraz idatziko da.

20. artikulua.Liburuak eta udal-errolda.

1. Euskaraz idatziko dira, sarreren eta irteeren erregistro-liburua, urteko aurrekontu-liburua, baita udalerriko gainerako liburu ofizialak ere.
2.Udaleko administrazio-erregistroan euskaraz inskribatuko dira, Azpeitiko Udaleko erroldan aurkeztutako dokumentuak, baita Udalak berak igortzen dituenak ere.

21. artikulua.Txostenak eta proiektu teknikoak.

Udal-organoek eskatutako txosten nahiz proiektu tekniko guztiak, gutxienez euskaraz idatziko dira.

22. artikulua.Hiritarren eskura dauden inprimakiak eta agiriak.

1.Udal-organo guztiek hiritarren eskura uzten dituzten inprimaki eta dokumentu ofizial guztiak euskaraz idatzita egongo dira.
2. Hiritarrek eskubidea izango dute halaber, eurak hautatutako hizkuntza ofizialean udal-dokumentuak eta inprimakiak eskuratzeko.

23. artikulua.Administrazioen arteko harremanak.

1.Udalak edo udal-organoek, euskara ofiziala den lurralde batean kokatuta dauden beste erakunde publiko batzuei bidali beharreko idazki guztiak, euskaraz bakarrik igorriko dizkie.
2.Udalak edo bere udal-organoek, beste erakunde ofizialetatik jasotzen dituzten eta gutxienez euskaraz idatzirik ez dauden idazki guztietan, 10/1982 Legeko 8. artikulua betetzea galdatuko da, ezargarria den heinean.

24. artikulua.Arauzko xedapenen argitalpena.

Udal-korporazioko organoetan, arauzko xedapenak euskaraz eztabaidatuko eta egingo dira. Dagokion itzulpena egin ostean, Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan, Aldizkari Ofizialean elebitan argitaratuko dira.

25. artikulua.Administrazio-egintzen jakinarazpena.

Azpeitiko errealitate soziolinguistikoaren arabera, udal administrazio-egintzak euskaraz jakinaraziko dira. Dena dela, bi hizkuntza ofizialak erabili ahal izango dira, kargazko administrazio-egintzak jakinarazteko, edota interesdunak Udalari hala eskatzen dion kasu guztietan. Hartara, Administrazioarekin harremanetan jartzeko hizkuntza ofizialetako bat hobetsi duten azpeitiarren errolda bat antola dezake Udalak.

26. artikulua.Udal-bulegoetako errotulazioa.

Administrazioaren zerbitzuan jarduten duen pertsonalak bakar-bakarrik erabiltzen dituen udal-bulegoen barnealdean, errotulazioa euskaraz baino ez da izango. Halaber, euskara hutsean dauden errotuluak jar daitezke: Udal-zerbitzuaren izenak Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan antzeko grafia duenean, edo mezuak piktogramen bitartez ere adieraz daitezkeenean.

LAUGARREN ATALA.EUSKARAREN ERABILERA TOKI-ERAKUNDEETAN ETA BIZITZA SOZIALAREN BILAKAERAN

27. artikulua.Udalaren menpeko toki-erakundeak.

Udalari ezargarria zaion erregimen juridiko berbera ezarriko zaie, udal-korporazioak bertan eratu dituen Udalaren menpeko erakundeei, baita hala badagokio, udal-zerbitzu publikoen emakidadun diren enpresei ere.

28. artikulua.Diruz lagundutako entitate pribatuak.

Euskal Administrazio publikoek diruz lagundutako entitate pribatuek, edota edozein euskal Administrazio publikorekin lankidetza-hitzarmen bat izenpetu dutenek, Eusko Legebiltzarraren 6/2003 Legearen 39. artikuluaren arabera, Azpeitiko udal-barrutian, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak diren pertsonen hizkuntza-eskubideak bermatu beharko dituzte:
a)Idatziz zein ahoz, gutxienez euskaraz harrera eginez eta erantzunez, baita euren zerbitzuei buruzko informazioa emanez ere.
b)Gutxienez euskaraz errotulatuz euren lokalak eta argitalpenak.
c)Gutxienez euskaraz eskainiz euren jarduerari dagozkion inprimakiak, oharrak, dokumentazioa, eskaintzak edo gainerako zerbitzuak euskaraz eskainiz.

29. artikulua.Interes orokorreko zerbitzuak ematen dituzten pertsona juridikoak.

Interes orokorreko zerbitzuak -unibertsaltzat legez ziurtatutako zerbitzuak edo antzeko kategoria baten arabera ziurtatutakoak- ematen dituzten pertsona juridikoek, edo unibertsaltasun nahiz berdintasun erregimen juridiko baten menpe dauden zerbitzuak -hots, garraio, telekomunikabide edo energia-zerbitzuekin gertatzen den bezala- ematen dituztenek, Azpeitiko udal-barrutian, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak diren pertsonen hizkuntza-eskubideak bermatu beharko dituzte:
a)Idatziz zein ahoz, gutxienez euskaraz harrera eginez eta erantzunez, baita euren zerbitzuei buruzko informazioa emanez ere.
b)Gutxienez euskaraz errotulatuz euren lokalak, zerbitzuak eta argitalpenak euskaraz errotulatu.
c)Gutxienez euskaraz eskainiz euren jarduerari dagozkion inprimakiak, oharrak, dokumentazioa, eskaintzak edo gainerako zerbitzuak euskaraz eskaini.

30. artikulua.Enpresak eta merkataritza-establezimenduak.

Azpeitiko enpresek eta merkataritza-establezimenduek euren zerbitzuak gutxienez euskaraz errotulatuko dituzte, eta eurei euskaraz zuzentzen zaizkienei, udalerriko berezko hizkuntzan ahoz zerbitzua emango diete.

31. artikulua.Udal hizkuntza-paisaia.

Udala arduratuko da Ordenantza honetan jasotzen diren xedapenak bete daitezen, bereziki lortzeko, gutxienez euskaraz errotula daitezela hiritarrei zabaldutako dauden udalerriko establezimendu guztiak. Hartara, udal-erabaki bitartez egokitzat jotako diru-laguntzak finkatu ahal izango dira, euskararen erabileraren normalizazioari buruzko 10/1982 Legearen 27. artikuluaren babesean.
32. artikulua.Azpeitian merkaturatutako produktuen etiketak.

Azpeitian merkaturatutako produktuei etiketak jarri ahal izango zaizkie, bertako hiritarrek erraz ulertzen duten hizkuntza ofizialean. Nolanahi ere, Azpeitian eginiko artisau-produktuei euskara hutsean etiketak jarri ahal izango zaizkie.

33. artikulua.Sustapeneko jarduera publiko orokorra.

Bizitza sozialaren bilakaeran, mota guztietako jardueretan euskara sustatzearren, Azpeitiko Udalak egokitzat jotako neurriak abiaraziko ditu. Honen helburua da, hiritar orori erraztea, udalerriko berezko hizkuntzan bizi daitezela. Bereziki lehentasuna emango zaio euskararen normalizazioari eta sustapenari, merkataritzako, elkartze, kirol eta kontsumo-jardueretan, euskararen normalizazioari buruzko 10/1982 Legearen 26. eta ondorengo artikuluen arabera, lehentasuna emango zaio baita kontsumitzaileei eta erabiltzaileei buruzko 6/2003 Legearen 37. eta ondorengo artikuluei jarraiki ere.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengo xedapen gehigarria.Euskara Batzordea.
Udaleko Euskara Batzordeari dagokio, Ordenantza honen ezarpenaren segimenduaz arduratzea, baita Azpeitiko udalerrian hizkuntza-normalizatzeko proposamenak egitea ere.

Bigarrengo xedapen gehigarria.Azpeitiko Euskara Patronatua.
Azpeitiko Euskara Patronatuari dagokio, Ordenantza hau ezartzeko beharrezkoak diren neurri teknikoak zuzentzea. Halaber, hiritarrek ager ditzaketen kexak izapidetuko ditu, ondoko helburuarekin: Kexak bidezkoak izango balira, eurak zuzentzeko egokitzat jotako neurriak har daitezela.

Hirugarrengo xedapen gehigarria.Udal-proiektuak.
Udal proiektu eta programa guztietan aintzat hartuko da, Ordenantza honek bizkarrezur duen hizkuntza-normalizazioaren irizpidea. Hartara, Euskara Batzordeari eta Azpeitiko Euskara Patronatuari zera dagokie: Egokitzat jotako proposamenak egitea, Ordenantza honen helburuak egokitu eta benetan bete daitezen.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengo xedapen iragankorra.Udal-zerbitzuetako lan-hizkuntza.

Udal-langileek dagokien hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea lortu ez duten udal-zerbitzuetan, euskara bertako lan-hizkuntza bezala gauzatzea denboran geroratu ahal izango da.

Bigarrengo xedapen iragankorra.Pertsona juridiko pribatuak
Pertsona juridiko pribatuek Ordenantza honetan ezartzen zaizkien xedapenak betetzeko obligazioa daukate, Ordenantza argitaratzen denetik urtebeteko epean. Hartara, obligazio horiek bete ditzaten, Azpeitiko Euskara Patronatuaren laguntza eta aholkularitza jasoko dute.

Xedapen indargabetzailea.
Indargabetuta daude Ordenantza honek ezartzen duenarekin bat ez datozen xedapenak eta, baita Ordenantza ezeztatzen duten erabakiak ere indargabetuta gelditzen dira.

Azken Xedapena.
Ordenantza hau indarrean sartuko da, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

 

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea