wrapper

2008/09/15

"Enpresen haztegia" egitarauaren barruan Udalak sartzen dituen lokaletarako aukera izateko arautegia.

"Enpresen haztegia" egitarauaren barruan Udalak sartzen dituen lokaletarako aukera izateko arautegia.

Azpeitiko Udalbatzak 2004ko abenduaren 2an egindako bilkuran, ondoren argitaratuko den «Enpresen Haztegia» izeneko egitasmoaren baitan sartutako lokalak erabiltzea arautuko duen ondorengo agintarauari haserako onarpena ematea onartu zuen.

1. artikulua. «Enpresen Haztegia» egitasmoa.

Azpeitiko Udalak bultzatutako «Enpresen Haztegia» egitasmoaren helburua da herrian enplegu sustapena bultzatuko duten enpresa-ekimen berrien hasierak eta finkatzea erraztu eta bultzatzea.
Egitasmo honetan, Udalak zehaztutako lokalak edo lokalen barruan gune zehatz batzuk lagako dira, aldi baterako, enpresa-ekimen berriak jartzeko bertan.
Lokal horiek Azpeitiko Udalaren jabetzakoak izango dira edota, balegokio, beste erakunde publiko zein pribatu batzuenak, eta horren ezaugarri nagusiak izango dira Udalak lokalaren jabe den erakundearekin lankidetza izatea eta Azpeitiko udal-barrutian kokatua egotea.
Egitasmoaren xedea eta hortik sortuko diren lagapenak aurkeztu diren proiektuak jartzeko lokalak edota espazio erabilgarriak izateari baldintzatuak egongo dira.

2. artikulua. Egitasmoaren onuradunak.

Enpresa-ekimenak izanik, euren enpresak abian jarri eta sendotze faseetarako Azpeitiko Udalari laguntza eskatzen dioten pertsona fisiko edo juridikoentzat da egitasmo hau.
Herrirako berritzaileak (orain ez daudenak) diren eta herriko enpresa-sarearen dibertsifikazioa edo modernizazioa sortuko duten proiektuei emango zaie lehentasuna.

3. artikulua. Eskatzaileentzako baldintzak.

Egitasmo honetan parte hartu ahal izango dute:
1. Azpeitiko udalerrian enpresa txiki bat sortzea helburu duen proiektu bat sustatu nahi duten pertsona fisikoek.
2. Eskaera egin baino 12 hilabete lehenagoko epearen barruan eratu diren enpresak. Enpresa horiek Azpeitian izan behar dute baltzu-egoitza, 60.000 € baino gutxiagoko kapitala eta 10 langile baino gutxiago eta hura bultzatu dutenek dagokion jarduera horretan heziketa edota lan-esperientzia izan beharko dute.
Ezingo dute egitasmo honetan parte hartu orain «Enpresen Haztegia» egitasmoan sartzea eskatu duten enpresa-proiektuaren jarduera sektore berean orain baino lehen beste enpresa edo negozio baten titular edo titularkide izandako pertsonek.
Era berean, ezingo dute «Enpresen Haztegia Egitasmoan» parte hartu aurrez egitasmo berean sartua egon den beste enpresa-proiektu batean aritu izan diren pertsonek.

4. artikulua. Eskaerak aurkeztea.

«Enpresen Haztegia» egitasmoaren onurak jaso nahi dituzten sustatzaile eta enpresek Azpeitiko Udalaren Sarrera-erregistroan aurkeztu beharko dute eskaria, erakunde horrek emango dien eredu arautuan, eta proiektuaren Negozio Plana aurkeztu beharko dute, ondorengo alderdiak jasoko dituena gutxienez:
-Negozioaren asmoa.
-Esparrua: Izan dezakeen bezeria, antzeko ekimenen lehia, salmenta-kuotaren bilakaera.
-Inbertsio/Finantziazio Egitasmoa (hiru urtera begira).
-Ekonomia eta Finantza arloko egitasmoa (hiru urtera begira).
-Enpresaren giza-baliabideak (bultzatzaileen kurrikuluak barne).
-Forma juridikoa.
-Enpresa eratua dagoela frogatuko duten agiriak, bai eta erakundeekiko duen lege-egoera eta haserako inbertsio planak eta enplegua sortzeko planak benetan betetzen direla dioten agiriak.
Aurreko atalean adierazi denaren kalterik gabe, Udalak beretzat gordetzen du dokumentazio osagarria eskatzeko aukera, enpresa-proiektuaren berri zehatzagoa izateko.

5. artikulua. Haibat eskari aldi berean gertatzea.

Bi enpresak edo gehiagok lokal bera edo lokal baten barruan espazio bera hartu nahi badute, lehentasun-ordena honela zehaztuko da:
1. Iraurgi Lantzen S.A. Garapenerako Eskualde Agentziatik datozen proiektuak.
2. Iraurgi Lantzen, S.A.ren antzeko helburuak dituzten erakunde eta organismoetatik datozen eta haiek bermatzen dituzten proiektuak. Esate baterako, Gipuzkoako Foru Aldundian horretarako eskumena duen ataletik, Eusko Jaurlaritzan horretarako eskumena duen ataletik eta/edo enpresen sustapen-arloan aholkularitza eta laguntza ematen duten enpresetatik.
3. Izaera bereziki berritzailea duten eta/edo herriarentzat interes orokor berezia duten beste proiektu batzuek.

6. artikulua. Proiektuen aukeraketa egiteko irizpideak.

Negozio plana aurkeztuta, Udalak agiri guztiak Iraurgi Lantzen, S.A. Garapenerako Eskualde Agentziara bidali ahal izango ditu, zuzenean, erakunde horrek aztertu eta neurtu ditzan.
Proiektua baloratu aurrez, argibideak edota agiri osagarriak eskatu ahal izango dira, eta horiek hartarako ezarritako epean aurkeztu beharko dira. Ezinbestekoa izango da baloratuko den jarduera zehatz hori jartzeko lokal edo gunea izatea Udalak, eta hala ez balitz, aurkeztutako eskariari ezezkoa esan ahalko dio.
Eskaria osatzen duten agiriak osatu ondoren eta, legokiokeenean, Iraurgi Lantzen erakundearen txostena lortu, Udalak eskariaren egokitasuna baloratuko du, ondorengo irizpideak kontuan izanda:
-Sustatzaileen gaitasuna eta profila: Sustatzaileak/ek garatu nahi den enpresa-asmoarekiko duten egokitasun-bateragarritasuna. Arreta berezia eskainiko zaie lan-mundura sartzeko zailtasunak dituzten kolektiboek bultzatutako enpresa-proiektuei: Gazteak, langabezian luzaroan dauden langabeak, emakumeak, 45 urtetik gorakoak, ezinduak (gehienez 15 puntu emango zaizkio).
-Udalerriko ekonomi-jardueraren dibertsifikazioan duen eragina (gehienez 20 puntu emango zaizkio).
-Aurkeztu den proiektuaren edo enpresaren bideragarritasun ekonomiko-finantzieroa. (Gehienez 20 puntu emango zaizkio).
-Enplegua eta aberastasun ekonimikoa sortzeko aukera: Enpresa berriak sortuko dituen lanpostu zuzenen eta zeharkakoen kopurua. (Gehienez 20 puntu emango zaizkio).
-Berrikuntza teknologikoaren maila. (Gehienez 15 puntu emango zaizkio).
-Jarduera berritzaileak eta sortutako balio erantsia. (Gehienez 10 puntu emango zaizkio).
Proiektu bat aukeratua izan eta «Enpresen Haztegia» egitasmoan sartua izateko, gutxienez 50 puntu atera beharko ditu.

7. artikulua. Kontratua gauzatzea.

Proiektu bat «Enpresen Haztegia» egitasmoan sartzeko aukeratua izaten denean, eta lokala erabiltzeko lagapenaren kontratua gauzatu aurretik, onuradunak ondorengo agiriak aurkeztu beharko ditu:
-Enpresa plana.
-Enpresa eratu dela frogatzen duten erregistro-datuak, badagokio.
-Nortasun txartel edota Identifikazio Fiskaleko txartelaren kopia.
-Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren ziurtagiri eguneratuak, erakunde horiekin dituen betebeharretan egunera dagoela diotenak.
-Ekonomi Jardueren gaineko Zergaren altaren kopia.
-Enpresa Gizarte Segurantzan alta emana dagoenaren kopia.
-Gizarte Segurantzan, dagokion Erregimenean, alta emana dagoen kopia.
-Udalaren ziurtagiria, tributuen ordainketan eguneratua dagoela dioena.
-Erantzukizun zibilerako eta kalteetarako poliza bateratua eratu izana frogatzen duen agiria. Lagapena jasoko duen jarduera motaren arabera Udalak zehaztutako kopurukoa izan beharko du poliza horrek.
Agiri horiek aurkeztu ondoren, Azpeitiko Udalak horretarako idatzitako lokala erabiltzeko lagapen kontratua gauzatuko da.

8. Onuradunaren betebehar orokorrak.

1. Laga zaion lokala eta harekin batera datozen elementu eta zerbitzu orokorrak erabiltzea, baimendutako jardueraren arabera.
2. Inolako obrarik ez egitea, aurrez jabeak hartarako baimenik espreski ematen ez badu. Esleipena jaso duenak obrak eta gainerako zainketa, hobekuntza era eraberritze lanak egiten utzi beharko du, haiek egitea ezin denean kontratua amaitu arte atzeratu.
3. Lokala zainketa, segurtasun eta higiene egoera onean gordetzea. Era berean, eta «Enpresen Haztegia»ren irudi ona gordetzeko, guztiek erabili beharreko guneak higiene eta garbitasun egoerarik handienean gordetzea eskatuko zaie lokalak darabiltzaten enpresei.
4. Edozein eratako kartel adierazgarriak jarri aurretik Udalaren baimena beharko da.
5. Udalak enpresaren kontrol eta jarraipenerako jarriko dituen baldintza guztiak betetzea.
6. Egingo duten jardueraren ondorioz sortutako zerga eta tasak ordaintzea: Foru Ogasuna, Toki Ogasuna, Gizarte Segurantza.
7. Argindar, telefono eta uraren horniketa zerbitzuak ordaintzea. Lokal bat bera hainbat enpresariren artean badarabilte, Udalak zehaztutako proportzioan banatu beharko dira zerbitzu-horniketen gastuak.
8. Kontratua ez betetzearen ondorioz «Enpresen Haztegia»ri edota hirugarren batzuei ekonomikoki neurtu daitezkeen kalteak sortuz gero, haiei erantzutea. Horretarako, lagapena jasoko duenak erantzunkizun zibilari eta kalteei aurre egiteko aseguru poliza bateratu bat hartu beharko du, lagapen kontratuan zehaztuko den zenbatekoa izango duena, egin nahi den jarduera-motaren eta sor ditzakeen arriskuen araberakoa eta gutxienez eraikuntza edukitzailearen balioa beteko duena.
9. Instalazioak erabiltzearen eta haietan aritzearen ondorioz sortutako edozein kalte edo hondaketa ordaindu. Lagapena jaso duenak, gainera, jaso zituenean zeuden egoera berean itzuli beharko ditu instalazioak.

9. artikulua. Kontratuaren iraupena.

1. «Enpresen Haztegia» egitasmoaren baitan egingo den lokal edo gunearen aldi baterako lagapena hasera batean urte beterako egingo da, kontratua sinatzen denetik hasita, eta espreski luzatu ahal izango da urte beteko epeka, gehienez hiru urte bete arte.
2. Lagatako lokaletan jarraitu nahiko luketen sustatzaileek, urtez urte berritu beharko den kontratuaren amaiera-eguna baino bi hilabete lehenago, Udalak lagapena jaso duen enpresari ondorengo agiriak aurkezteko eskatuko dio:
-BEZ-PFEZ-Sozietateen Zerga aitorpenen kopiak.
-Emaitzen kontu eta balantze eguneratuak.
-Enpresaren eratze-egunetik egindako inbertsioen zerrenda (zergatia eta zenbatekoa).
-Bazkide eta langileak Gizarte Segurantzan alta emanak daudenaren kopia.
-Azpeitiko Udalaren ziurtagiria, tributuen ordainketan egunera dagoela dioena.
-Interesgarria den eta enpresaren eboluzioaren berri jakiteko balioko duen beste edozein infomazio.
Aurkeztutako agiriak aztertu ondoren, eskatutako jarraipena eman edo ez erabakiko du Udalak.
3. Era berean, jarraipenik ez eskatzea eta lagatako eraikina uztea erabakitzen duten sutatzaileek ere aurreko atalean adierazitako agiriak aurkeztu beharko dituzte, aipatutako epe berean.
4. Kontratua epea amaitu baino lehen eteteak ez du sortuko zigorrik, ez eta fidantzaren inkautaziorik ere. Hala ere, jarduera amaitu aurretik, lagapena jaso duenak ordaindu egin beharko ditu ordaindu gabe leudekeen zerbitzu-horniketei dagozkien gastuak.
5. Udalak beretzat gordetzen du hura amaitu baino lehen kontratua bertan behera uzteko ahalmena, lagapena jaso duenari entzun ondoren, lokala erabiltzeko lagapen kontratuan zehaztutako helburu orokor edo zehatzak beteko ez balira.

10. artikulua. Interpretazioa.

Araudi hau interpretatzerakoan sor daitekeen edozein zalantza Azpeitiko Udalak erabakiko du.

 

 

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea