wrapper

Oharrak

2008/09/15

Ibilgailuen zaratari buruzko ordenantza

Ibilgailuen zaratari buruzko ordenantza.

Azpeitiko Udal Batzarrak, 2004ko azaroaren 4an egindako bilkuran, ondoren argitaratuko den ibilgailuen zarataren gaineko udal agintarauari haserako onarpena ematea onartu zuen.

UDAL AGINTARAUA

1. artikulua. Helburua eta ezarpen-esparrua.

1. Agintarau honen helburua da ingurumen arloaren kalitateari dagokionez pertsonek dituzten eskubideak babestu eta hobetzea, motordun ibilgailuek, eta batik bat ziklomotor eta motozikletek, sortutako zaratek dakarten kutsadura akustikoaren aurrean.
2. Ezarpen eremua Azpeitiko udalerria izango da. Han jasotako xedapenak Administrazioaren beste erakunde batzuek, euren eskumeneko gaietan, egin ditzaketen partehartzeen kalterik gabe ezarriko dira.
3. Motordun ibilgailuen eta ziklomotorren titular diren pertsonak derrigortuak daude indarrean diren zarata mailak ez gainditzeko beharrezko diren neurriak jartzera, norbanakoei halakorik eskatzeko egintza edo agindurik eman beharrik gabe.

2. artikulua. Zirkulaziorako baldintza orokorrak.

Trakzio mekanikoz dabiltzan ibilgailu guztiek funtzionamendu egoera onean izan beharko dute motorra, transmisioa, karrozeria eta zaratak eta dardarak sor ditzaketen gainerako elementuak eta, bereziki, ke-hoditik ateratzen diren gasen zarata isilgailua, dagokion ibilgailuak, hala zirkulazioan nola geldirik dagoela ateratzen duen zarata-mailak ez ditzan gainditu Agintarau honetan ezarritako neurriak.

3. artikulua. Debeku orokorrak.

1. Debekatua dago motordun ibilgailu eta ziklomotorrek elementu isilgailurik gabe zirkulatzea edo haiek alferrikakoak edo desegokiak dituztela edota hodi burrunbariak jarrita.
2. Debekatua dago ibilgailuen martxak behartzea, beharrezko ez diren azelerazioen ondorioz zarata gogaikarriak sortuz.
3. Debekatua dago ibilgailuen kanpoaldean Agintarau honetan jarritako neurriak gaindituko dituen bolumenean erabiltzea soinu-erreprodukziorako sistemak.
4. Debekatua dago jendea bizi den guneetan klaxonak edota gainerako beste edozein seinale akustiko jotzea, une horretan norbait harrapatzeko edota ibilgailuek elkar jotzeko arriskua balego izan ezik edota larrialdietako zerbitzu publiko edo pribatuak izan ezean.

4. Isilgailuak konpondu eta saltzeko jarduerak.

1. Ibilgailuentzako isilgailuak saldu eta/edo konpontzeko lantegien titularrek adierazi egin beharko diete ibilgailuen jabe diren pertsonei debekatua dagoela isilgailurik gabe ibiltzea, eta herrian zirkulatzeko dagokion ibilgailuarentzat homologatua ez legokeen isilgailurik ezin dela erabili. Era berean, manipulatzea ere debekatua dagoela, eta beraiek ezin dutela horrelako ekintzarik egin.
2. Bestalde, udal-agintariekin lankidetzan arituko dira, Agintarau hau praktikan jartzeko

5. artikulua. Kautelazko neurriak.
Ingurumen arloan herritarrek izan beharreko kalitatea zaintzeko komenigarri ikusiko balitz, Udalak hainbat zonalde edota zirkulazio bide babestu ahal izango ditu, haietan Agintarau honetan ezarritakoaren arabera trafikoak zarata-maila altuak sortuko balitu, eta trafikoaren ordutegia, abiadura edota han ibili ohi diren ibilgailuen zirkulazioa murrizteko arauak eman ahal izango ditu.

6. artikulua. Udal ibilgailuak.

Udalak zarata maila txikia sortzen duten ibilgailuen erabilera bultzatuko du hala bere jabetzako ibilgailuetan nola obra edo zerbitzu publikoen esleipena jaso dutenen artean, zirkulazioan edota dagokion jarduera egiterakoan. Horretarako, kontrataziorako baldintza tekniko-administratiboetan hori lortzeko baldintza zehatzak jarriko ditu.

7. artikulua. Trafikoa zaintzea.

1. Agintarau honetan xedatua dagoena betetzen dela zaintzeko lanak Azpeitiko Udaltzainei dagozkie. Horretarako ibilgailu zaratatsuak gelditu ahal izango ditu, eta motordun ibilgailu eta ziklomotorren jabe edo/eta gidariek euren ibilgailuak zarata kontrolatzeko frogak bete beharko dituzte derrigorrez, Udaltzainek hala eskatuko baliete.
2. Motordun ibilgailuen eta ziklomotorrek sortutako zarata kontrolatu ahal izateko, izaera orokorreko kontrol prebentiboak egin ahal izango dira, Udal honek ezarriko dituen egitasmoen arabera.
3. Ibilgailuen gidari eta/edo jabe guztiak derrigortuak daude Agintarau hau betetzeko Udaltzainek edota enpresa homologatu edo kontzesionarioetako pertsonal kualifikatuak ezar ditzaketen probak egitera.
4. Udaltzainek, hala kalean nola zeregin horietarako prestatutako udal dependentzia edo barrutietan, zarata kontrolatzeko neurketak egiten dituzten guztian, lortutako emaitzak jasoko dituen akta bat egin beharko da.

8. artikulua. Ibilgailuen kontrola.

1. Udaltzainek irizten diotenean ibilgailu bat Agintarau honetan zehaztutako zarata-mailak gainditzen ari dela, sortutako zarataren neurketa egingo da eta, horrez gain, ibilgailuaren elementu eta osagarriak indarrean den legediari egokitzen zaizkion egiaztatuko.
2. Egindako neurketa kontrakoa baldin bada, badaezpada ere, honakoa egingo da:
a) Lortutako emaitzek sei (6) dB(A) baino gutxiago gainditzen badituzte Agintarau honetan ezarritako neurriak, salaketa jarriko da, akats hori konpontzeari baldintzatua. Honelakoetan, ibilgailuaren titularrak hamabost eguneko epea izango du akatsak zuzentzeko, konponketak egiteko baimena duen edozein lantegitan.
Aipatutako epe hori igarotzen denean, ibilgailuaren titularrak udal bulegoetara agertu beharko du, zarata-igorpena neurtzeko berriro. Akatsa konpondu dela ikusiko balitz, salaketa kendu egingo da, beti ere titularrari ez balitzaio aurrez kendu beste salaketa bat arrazoi beragatik.
Aipatutako epea igaro ondoren akatsak ez balira konpondu, Udaltzainek ibilgailua jaso egingo dute udal-bulegoetan, dagokion arau-hasuteagatik jarri beharko duten salaketaren kalterik gabe.
b) Ateratako emaitzek sei (6) dB(A) gaindituko balute ezarrita dagoen zarata-maila, ibilgailu edo ziklomotor hori zuzenean ibilgetu eta dagokion salaketa egingo da.
3. Ibilgailu edo ziklomotorra ibilgetua geratzen denean, haren titularrak hamabost egun izango ditu akatsak zuzentzeko eta hura jasotzeko. Lekualdatzeagatik eta gordeta edukitzeagatik dagozkion tasak ordaindu ondoren, atoi edo karga sistemaren bat erabili beharko du ibilgailua edo ziklomotorra konponketa-lantokiren batera eramateko, ibilgailuaren osagarriak indarrean den legedia betetzen duten jakite hutserako, bide publikoan martxan jarri gabe.
4. Ibilgetze hori zarata-igorpenaren neurketak egin baino lehen egin ahal izango da, baldin-eta gidariak ez balitu egin nahiko zarata-kontrolerako neurketak edota ibilgailua «ihes-tutu librea» isilgailurik gabe baldin balebil edota gasak ateratzeko hodia aldatuta baldin badauka edota, hura jarria daukan ibilgailuarentzat homologatu gabea izanik, antzeko ondorioak sortzen baditu. Ibilgailuaren segurtasunerako edota hura erabili ezina bermatzeko ibilgetzea helburu horretarako zehaztuko den udal-biltegian egingo da eta dagokion salaketa jarriko da.
5. Zarata-igorpenak neurtzeko prozedura Agintarau honen Eranskinean xedatuko denaren arabera egingo da.
6. Baztertutako edo alde batera utzitako ibilgailu edo ziklomotortzat joko dira biltegira ekarri ondoreneko bi hilabeteko epean jasoko ez direnak.

9. artikulua. Onar daitezkeen zarata-neurriak.

1. Oro har, zirkulatzen ari diren ibilgailu-mota guztiek, zaratari dagokionez, 1958ko martxoaren 20ko Genevako Akordioari erantsitako 9., 41. eta 51. Araudiak bete beharko dituzte, bai eta ibilgailu berrien homologaziorako 92/97/CEE Zuzentaraua eta ondorengo eguneratze-agiriak ere.
2. Ziklomotorrei dagokienez, bi eta hiru gurpileko Motordun ibilgailuen elementu eta ezaugarriei buruz 92/97/CE zuzentarauaren 9. kapituluan jasoa dagoena bete beharko dute 2000-06-17tik gerora matrikulatutako ibilgailuek eta, egun hori baino lehen matrikulatutakoek, berriz, zaratari dagokionez ibilgailuak homologatzeari buruzko 1972/05/25eko 1439/72 Dekretua.
Udalerrian ibiliko diren ibilgailuen zarata-igorpenaren kontrolari dagokionez, berriz, motozikleta, ziklomotor eta kuadriziklo arinentzat onar daitezkeen gehieneko baloreak dokumentazioan/dagokion motorraren abiadura-erregimenerako ibilgailuaren homologazio xaflan jarriak daudenak izango dira. Ibilgailuak ez balu izango horrelako aderazpenik, ezarri beharreko neurriak ondorengo taulan datozenak izango dira:

 

 

 

Ziklomotor eta motozikletek, ibilgailua geldituta dagoela, sortuko duten zarata-mailarentzako gehienezko neurriak

Límites máximos del nivel sonoro emitido por ciclomotores y motocicletas a vehículo parado

Ibilgailuaren kategoria

Categoría del vehículo

Zilindrada

Cilindrada

Zarata maila, dB(A)tan adierazia

Nivel sonoro expresado en dB (A)

Sidekarrik gabeko bi gurpileko ibilgailuak eta kuadriziklo arinak

Vehículos de dos ruedas sin sidecar y cuadriciclos ligeros

£ 80 cc

96

Sidekarrik gabeko bi gurpileko ibilgailuak eta kuadriziklo arinak

Vehículos de dos ruedas sin sidecar y cuadriciclos ligeros

80 cc a 175 cc.

98

Sidekarrik gabeko bi gurpileko ibilgailuak eta kuadriziklo arinak

Vehículos de dos ruedas sin sidecar y cuadriciclos ligeros

> 175 cc.

101

 

3. Ebaluazioa egiteko saiakerak beti ibilgailua geldian dagoela egingo dira eta Agintarau honen Eranskinean zehaztutak daudenak izango dira.

10. artikulua. Zarata neurketak egiteko kapazitazio mailak.

Aurreko artikuluetan adierazi diren neurketak egiteak horretarako gaitasun teknikoa izatea eskatzen du, neurketa horien fidagarritasuna eta haien emaitzak bermatu ahal izateko.
Neurketa horiek egiteko Sonometroen erabileran trebatzeko ikastaro bat egitea eta Agintarau honen ezagutza eskatu ahal izango dira. Ikastaro horrek gutxienez 12 ordu iraungo du eta ondorengo hauek eman ahal izango dute:
-Akustikan aditua den Enpresa edo Ingenieri-etxeak.
-Administrazioarekin lan egiten duen Erakunde batek.
-ENAC-ek ikerketa akustikoak egiteko akreditatutako laboratorioak.

11. Tresneria akustikoak izan beharreko prezisio baldintzak.

-Sonometroek:
-Araudiak:
Neurketetan erabiliko diren ekipoek UNE EN 60651:1996ean eta ondorengo UNE EN 60651/A1:1997 -Sonometroak- eta UNE EN 60804:1996 aldaketetan eta ondorengo UNE EN 60804/A2:1997 - Sonometro integradore promediadoreak aldaketetan edota haiek ordezkatuko dituzten araudietan zehaztuak dauden eskakizunak bete beharko dituzte.
-Zehaztasuna:
Neurketak egiteko sonometroei eskatuko zaien zehaztasun maila 1. Tipokoa izango da.
-Mantenimendua:
Zarata-neurketak instituzio baimendu batek akreditatutako kalibrazioa duten ekipoekin egingo dira. Kalibrazio-datak neurketen eguna baino urte bete gutxiagokoa izan beharko du.

12. artikulua. Arau hausteak eta zigorrak.

1. Arau-hauste administratibotzat joko dira Agintarau honetan jasoak dauden xedapenen aurka egindako egintzak eta ez-egiteak.
2. Arau hausteak arinak, larriak eta oso larriak izango dira, ondorengo ataletan jasoa dagoen mailaketaren arabera.
2.1. Arau-hauste arina.
Arau-hauste arina izango da:
a) Onar daitekeen zarata-neurria 6 dB (A) baino gutxiago gainditzea.
b) Agintarau hauei egin dakiokeen beste edozein arau-hauste, hura arau-hauste larri edo oso larrietan espreski sartua ez badago.
2.2. Arau-hauste larria:
Arau-hauste larriak izango dira:
a) Onar daitekeen zarata-neurria 6 eta 12 dB(A) artean gainditzea.
b) Aurkitu diren akatsak zuzentzeko Udalak egindako eskariak ez betetzea.
c) Beste arau-hauste arin bat egitea urte beteko epean.
d) Ibilgailua ez aurkeztea ikuskatze-saioetara.
2.3. Arau-hauste oso larria.
Arau-hauste oso larria izango da:
a) Isilgailurik gabe ibiltzea edo haiek alferrikako edo desegokiak direla edota hodi burrunbariak jarrita ibiltzea.
b) Ikusketa eta kontrol lanari ezetz esatea edo haiei oztopoak jartzea.
c) Onar daitekeen zarata-neurria 12 dB(A) baino gehiago gainditzea.
d) Beste arau-hauste larri bat egitea urte beteko epean.
3. Alkateari dagokio zigorrak ezartzea, maila guztietan, beste agintaritza-maila batzuei dagozkienen kalterik gabe. Halakoetan, indarrean den legediak zehazten dituen arau-hausteen berri emango zaie agintari horiei.
4. Zigorrak:
Agintarau honi egiten zaizkion arau-hausteak era honetan zigortuko dira:
a) Agintarau honen arabera arau-hauste arinak direnak: Ohartarazpena edota 60 € arteko isuna.
b) Agintarau honen arabera arau-hauste larriak direnak: 61 €tik 80 €arteko isuna.
c) Agintarau honen arabera arau-hauste oso larriak direnak: 81 €tik 91 € arteko isuna.
Trafikoari, Ibilgailu motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legean zehaztuak dauden zigorrak ezarriko zaizkie arau horretan espreski arau-hauste larri edota oso larrietan sartzen direnei.
Udalak dagokion sektoreko legedian jasoak dauden zigorrak ezarri ahal izango ditu, egin den arau-haustea sektoreko legedian espreski tipifikatua baldin badago.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agintarau honetan xedatu den jardunbidea Administrazioaren beste organismo batzuei euren eskumenen arloan dagozkien interbentzioen kalterik gabe izango da.

AZKEN XEDAPENA

Agintarau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta dagozkion erreklamazio eta iradokizunak aurkezteko hogeita hamar eguneko jendaurreko epea inolako iradokizun edo erreklamaziorik aurkeztu gabe, edota, aurkeztuko balira, horretarako eskumena duen organoak haiek aztertu eta erabakitzeko epea igaro ondoren jarriko da indarrean, agintarauaren behin betiko onarpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agintarau hau indarrean jartzearekin indagabeturik geratuko dira Agintarau honetan aratutakoaren aurka datozen, harekin kontraesanean dauden edota harekin bateragarriak ez diren maila bereko arau edo udal erabaki guztiak.

ERANSKINA

IBILGAILU ETA ZIKLOMOTORREN ZARATA-IGORPENAK NEURTZEKO METODO MURRIZTUA

Neurketak egiteko baldintza orokorrak.
Neurketa horiek neurgailuaren A frekuentziako ponderazioa eta FAST (azkarra) denbora-ponderazioa erabiliz egingo dira. Neurketa epean LMAX maila zehaztu beharko da.
-Eguraldi baldintzak:
Neurketak ez dira egingo eguraldi baldintzak aldekoak ez direnean. Haizearen aurkako babesen bat erabiliko balitz, kontuan izan beharko da horrek mikrofonoaren sentsibilitate eta ezaugarri direkzionaletan izan dezakeen eragina.
-Ibilgailuaren egoera:
Ibilgailuak hura mugitzeko beharrezko ez diren baina errepidean, zirkulazio normalean dabilenean erabiltzen, beharrezko diren tresnak baldin baditu, aginte automatikoko haizegailuak, estate baterako, hauek funtzionamenduan izan beharko dute, fabrikatzailearen espezifikazioen arabera.
-Neurketa egiteko barrutiaren ezaugarriak eta lekuaren baldintzak:
Neurketak egiteko gune edo barruti egokitzat joko da kanpoan, atari zabalean dagoen edozein leku, haren zoladura hormigoi, asfalto edota islapen-ahalmen handiko beste edozein materialezkoa baldin bada (ez dira onartuko lurrezko azalerak, harrotuak izan edo ez) eta han errektangulu bat marrazterik baldin badago, gutxienez ibilgailuaren ertzetatik hiru metroko tartearekin (motozikleta eta ziklomotorretan, eskulekua kontuan izan gabe). Errektangulu horren barruan ez da oztopo nabaririk egongo eta, bereziki, ibilgailua ez da jarriko espaloi-ertz batetik metro bete baino gutxiagora ihes-tutuaren zarata neurtzeko lanak egiterakoan.
Neurketa egiteko lanetan ez da egongo inor gune horretan sartua, izendatutako neurtzailea eta gidaria izan ezik eta, edonola ere, haiek han egoteak ez du neurketaren emaitza nahasiko.
Ingurunean dagoen zarata-maila neurtu beharko da. Horrek emango duen emaitzak neurtu nahi den zarata-maila baino 10 dB(A) txikiagoa izan beharko du, gutxienez.
Neurketa egiteko modua.
-Neurketa kopurua:
Hiru neurketako laginketa egingo da, gutxienez, puntu bakoitzean. Neurketak ez dira ontzat emango laginketa bat berean, bata bestearen atzetik egindako hiru neurketaren artean aterako den aldea 2 dB(A) baino handiagoa bada eta horrelakoetan neurketak berriro egin beharko dira.
-Ibilgailuaren kokapena eta prestaketa:
Ibilgailua neurketarako gunearen erdian jarriko da, martxa-aldagailua abiadura-martxarik sartu gabe jarrita eta motorra lozagi edo enbragea sartuta. Ibilgailuaren diseinuak ez badu horrela egiteko aukerarik ematen, euskarri baten gainean jarrita neurtuko da, ibilgailu horren gurpil eragilerari aske biratzeko aukera emanaz.
-Zarataren neurketa ihes-tutuaren inguruetan.
-Mirofonoaren kokapena (ikus 1. et 2. irudiak):
Ihes-tutuko gasen irteera zuloaren altura berera jarriko da mikrofonoa, baina edonola ere gutxienez 0,2 metroko altuera izan beharko du.
Mikrofonoaren mintza gasen irteera-tuturantz begira jarriko da eta zulo horretatik 0,5 metrora.
Mikrofonoaren sentikortasunik handieneko ardatzak lurzoruari paraleloan egon beharko du eta 45.º ± 10.º angelua eginez gasen irteerako norabideak sortzen duen plano bertikalarekin. Ardatz honi dagokionez sonometroaren egileak emandako jarraibideak errespetatu egin beharko dira. Plano bertikalari dagokionez, ibilagiluaren batez besteko plano longitudinaletik hasita ahalik eta tarterik handiena lortzeko moduan jarri behar da mikrofonoa. Zalantzarik balego, mikrofonoaren eta ibilgailuaren perimetroaren artean tarterik handiena ematen duen kokapena aukeratuko da.
Elkarren artean 0,3 metro baino gutxiagoko tartea duten bi aterabide edo gehiago dituzten ihes-tutuak balira, laginketa bakarra egingo da. Mikrofonoa, berriz, lurretik irteera-tuturik altuenera dagoen alturara jarriko da.
Elkarren artean 0,3 metro baino tarte handiagoa duten hainbat irteeraz osatutako ihes-tutua duten ibilgailuentzat, aterabide bakoitzarentzat hiru neurketako laginketa egingo da, horietako bakoitza irteera bakarra balitz bezala, eta egindako laginketa horietatik aterako den neurririk altuena hartuko da.
-Motorraren funtzionamendu baldintzak:
Motorraren abiadura ondorengo balio hauetakoren batean jarriko da:
* ½ S, S hori minutuko 5.000 bira (rpm) baino handiagoa baldin bada.
* ¾ S, S hori minutuko 5.000 birakoa (rpm) edo txikiagoa baldin bada.
S hori izango da motorraren potentziarik handiena lortzen denean duen abiadura (minutuko biratan, rpm). Ibilgailuak homologazioko zatara-mailaren datua baldin badu (zarata ibilgailua geldirik dagoela) han adierazten den abiadurara (birak minutuko, rpm) egonkortuko da motorra.
Gehienez ?%3ko okerra duen prezisiodun tresna independiente (takometroa, arrabolak...) batez neurtuko da abiadura hori. Takomentro independienterik ez balitz izango eskura, azelerazioaren bide erdira arte poliki-poliki azeleratu ondoren estabilizatuko da motorearen bira-erregimena.
Bira-erregimen estabilizatua lortzen denean, azeleragailua ralenti egoerara eramango da azkar-azkar. Une labur batean motorrak biraketa-erregimen estabilizatu batean funtzionatzen duen bitartean eta desazelerazio denbora guztian neurtuko da zarata-maila. Sonometroak emango duen gehieneko neurriari dagokiona izango da ontzat emango den neurketa.
-Emaitzak interpretatzea:
Egingo den ebaluazio-aktan beharrezko diren datu guztiak jarriko dira eta, bereziki, ibilgailuak geldian sortzen duen zarata neurtzeko balio izan dutenak.
Sonometroz jasotako neurriak hurbilen gertatzen den dezibeliora ekarriko dira. Hiru neurketa jarraitan lortutako neurriak bakarrik hartuko dira kontuan eta, beti ere, haien arteko aldeak 2 dB(A) baino handiagoak ez badira.
Kontuan hartuko den balioa hiru neurketa horien batezbesteko aritmetikoa izango da ziklomotorrei dagokienez, eta hiru neurketen arteko gehieneko neurria, berriz, motozikleta eta kuadriziklo arinen kasuan.
Neurgailuek izan dezaketen doitasun edo zehaztasun-eza kontuan izateko, neurketa egitean neurgailuan irakurritako balioak 1 dB(A) jaitsiko dira.


Azpeitia, 2004ko azaroaren 9a.-Julian Eizmendi Zinkunegi, Alkatea.
(3751) (10378)

 

 

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information