Azpeitian edo Urola Kostako eremu funtzionalean egon behar da izena emanda: Aia, Aizarnazabal, Azkoitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia. Aginduak beste eskakizun hauek ere jasotzen ditu: bizikidetza-unitateak gehienez hiru kidekoak izatea; inskripzioaren titularretako bat gutxienez Azpeitian erroldatuta egotea; eta horietako bat gaur egun 36 urtetik beherakoa izatea. Arlo ekonomikoari dagokionez, aginduak ezartzen du 2022ko ekitaldian 3.000 eta 42.315 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak eduki behar direla eta ez dela etxebizitzarik jabetzan, azalera-eskubidean edo gozamenean izan behar.
Gehienez, bost urterako
48 zuzkidura-bizitokien artean (horien eraikuntza aurreratuta dago), mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonentzat egokitutako bi logela daude. Gainerako 46etatik 29 logela bakarrekoak dira, eta 17 bi logelakoak. Bizitokiak komentuaren ekialdean daude, 7.951 metro karratuko espazio batean, eta apartamentuak beheko, lehen eta bigarren solairuetan daude banatuta. Gehinez bost urterako izango dira esleipenak, eta hileko kanon bat ordaindu beharko da. Kanon hori esleipena egiten zaienen diru-sarrera haztatuen %30 baino txikiagoa izango da.
Eskakizunetako batzuk, hala nola gutxieneko diru-sarrerak edo Azpeitian edo Urola Kostan erroldatuta egotea, ez dira aplikatuko mugikortasun urria duten pertsonen edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen kasuan.
Interesdunek aukera hauek dituzte eskabidea tramitatzeko: Azpeitia Berritzenen bulegoan; Etxebideren webgunearen bidez; presentzialki, aurretik zita eskatuta, Zuzenean zerbitzuko bulegoen bidez; edo posta arruntaren bidez, Gipuzkoako Etxebizitza Ordezkaritzara zuzenduta.
Azpeitiko Esklabak eraikinarena zuzkidura-bizitokien sustapena da, eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Euskadi osoan abian jarritako lan-ildo baten barruan kokatzen da, Euskadiko udalerrietan erabiltzen ez diren eraikin bereziak baliarazteko eta haiek alokairu eskuragarriko etxebizitza edo zuzkidura-bizitoki bihurtzeko. Proiekturako, Sailak sei milioi euro inbertitu ditu herriko Udalak doan lagatako eraikina birgaitzeko.