Joanes Antxieta musikari urrestildarra, Berpizkunde garaiko eliz polifoniaren eta polifonia profanoaren ordezkari nabarmenenetakoa izan zen. Baina herritar ugarik, ezer gutxi daki musikari honen obrari buruz. Bere heriotzaren 500. urteurrenaren baitan, hainbat herritar, udala, Eresbil eta Donostiako Musika Hamabostaldiak elkartuta, bere lana ezagutarazteko zikloa antolatu dute. Gaur aurkeztu eta azaldu dituzte prentsaurrean ekimenaren inguruko xehetasunak eta bertan izan dira Nagore Alkorta alkatea, Eneritz Albizu Kultura batzordeburua, Eresbileko zuzendari Peio Leiñena, Loreto F. Imaz organista, Miren Urkizu Julian Barrenetxea abesbatzako lehendakaria eta Maria Jesus Aranburu antolaketan parte hartzen ari den herritarra.
Joanes Antxietaren heriotzaren 500 urteurrenaren harira, musikari eta konpositoreak eginiko ekarpena herriratzea da antolatzaileen asmoa. Izan ere, Antxieta Urrestillan eta Azpeitian izan den konpositore onenetakoa da. XV.-XVI mende artean, Errenazimendu garaian, elizako musika polifonikoaren eta profanoaren autore esanguratsuenetakoa izan zen. Iberiar penintsulan lehena, musika polifonikoa egiten, adituen arabera. Gara hartako musikari nabarmenetakoa izan zen, errege katolikoen musika arduraduna eta haien seme-alaben kapilaua izatera ere heldu zen. "Baina haren izana baino gehiago haren obrak eta ekarpenak du garrantzia guretzat, eta horri begirako ziklo bat osatu dugu, hainbat eragilerekin batera. Gure asmoa, herritarren artean bere obra ezagutarazi eta herriratzea da", azaldu du Albizuk.
Imanez, Antxieta mundu osoan ezaguna dela azpimarratu nahi izan du:"Duela 500 urte ez zegoen bere pareko musikaririk. Musikari onena izan da bere garaian", zehaztu du. Hori zabaltzearen beharra ere azpimarratu nahi izan du. Leiñena bat etorri da Imazekin, eta Antxietaren lana ezagutarazteko Eresbilek webgune bat egiteko asmoa duela ere gaineratu du: "Bere obra zabaltzeko webgunea prestatzea da gure asmoa". Herriko taldeek eta izen handiko musikariak hartuko dute parte zikloan, eta Urkizu ere gogoz azaldu da: "Pozik gaude zikloan parte hartzeaz. Guretzat erronka polita da hau". Aranburuk elkarlana aipatu nahi zan du: "Kulturan interesa dugun hainbat herritar eta eragile batu gara honetarako, eta hauxe osatu dugu". Bukatzeko Albizuk Juan Antxieta Musika Eskola aipatu nahi izan du: "Aurten Musika Eskolak 40 urte betetzen ditu eta kointzidentzia polita da izena zor dion musikariaren heriotzaren 500. urteurrenarekin koinziditzea", ekarri du gogora.
EGITARAUA
EKAINA
Plaka jarriko dute Urrestillan bere omenez eta lore eskaintza egingo da.
ABUZTUAK 18
JUAN DE ANTXIETARI BURUZKO KONTZERTUA
Donostiako Musika Hamabostaldiarekin batera.
• Lekua: Urrestillako Elizan
• Ordua: 20:00etan
Intonationes
David Sagastume, kontratenorra eta zuzendaria
Andrés Miravete, tenorra
Oriol Mallart, baritonoa
Guglielmo Buonsanti, baxua
Carlos García Bernal, organoa
URRIAK 27
JUAN DE ANTXIETARI BURUZKO HITZALDIA ETA MAHAI-INGURUA
• Lekua: Basazabal Jauregia
• Ordua: 18:30ean
Hizlariak:
Eresbil-en(Musikaren Euskal Artxiboa) zuzendaria den Pello
Leiñena eta Ion Bagues (zuzendari ohia).
Iñigo Alberdi, Bilboko Koral Elkarteko zuzendaria.
Ignacio Arakistain, Musikari eta ikertzailea.
AZAROAK 18
V. MENDEURREN (1523-2023) KONTZERTUA:
Juan de Antxieta, Francisco de Peñalosa eta Juan de Urrede.
• Lekua: Frantziskanetako elizan
• Ordua: 19:00etan
Partehartzaileak:
Vandalia ahotsak, Bilboko Koral Elkarteko Euskeria Korua,
Azpeitiko Julian Barrenetxea Abesbatza, Azketa eta Parrokiko Abesbatza.
Zuzendaria: Urko Sangroniz.
ABENDUAK 16
JUAN DE ANTXIETAREN SINE NOMINE KONTZERTUA.
• Lekua: Sebastian Donearen Parrokia
• Ordua: 19:30ean
Antxieta Ahots Taldea
Tipleak: Maider Biguri, Lucía Gómez, Isabel Lácar
Altoak: David Azurza, Larraitz Gorriño, Mario Hernández
Tenoreak: Xabier Barriola, Iñigo Vilas, Jon Zaldua
Baxuak: Xabier Sarasola, Miguel Angel Segarra, Ander Simal.
Organista: Loreto Fdez. Imaz
Zuzendaria: Oscar Rodriguez
JUAN DE ANTXIETAREN OMENEZKO EKITALDI INSTITUZIONALA
Antxieta etxean plaka,kantak eta hitz batzuk egingo dira
Lekua: Antxieta etxearen aurrean
Eguna eta ordua zehazteke