Proiektu hau hasierako fasean dago, orain PAU-a egin behar da. Horren ostean lursailen partzelazioa egin eta etxebizitzak eraiki ahal izateko lehiaketa publikoa jarriko da martxan. Beraz, datorren agintaldian gauzatuko den proiektua izango da.
Proiektu honek hiru helburu dituela zehaztu du Nagore Alkorta alkateak: “Etxebizitza babestuen eskaintzaren bidez, azpeitiarren etxebizitza premiari erantzungo diogu; Santutxoko auzoko irisgarritasuna hobetuko du eta, Alde Zaharra biziberritzeko beste pauso bat emango dugu proiektu honekin”. Gogoratu du eremu horretan Apaiz-etxean ere babestutako etxebizitzak egin dituztela eta beste etxe bat erosi eta eraitsita ere egin dela.
Santutxon 28 etxebizitza eraikitzearekin batera, eremu hori eta Alde Zaharra konektatzeko eta irisgarritasuna hobetzeko eskuhartzea ere egingo da. Eskailerak hobetzeaz gain, igogailu publikoa egitea ere aurreikusten da, horren bidez bi guneak gerturatzeko eta herritarren irisgarritasuna erraztu eta hobetzeko.
Etxebizitza politikan eragiten
Santutxoko proiektua azken urteetan babestutako etxebizitza politiken baitako urrats bat gehiago da. Udalaren ildo estrategikoa bilakatu da etxebizitzena eta Etxebizitza Planean markatutako bideorriari jarraitzen ari da.
“Azken urteotan saiatu gara tipologia eta babes desberdinetako etxebizitzak eskaintzen herritarrei”, zehaztu du. Alde Zaharreko hainbat bloke zahar berritu eta babestutako etxebizitzak egitea, Esklabak-Iturzulo eremuko babestutako etxebizitzak edo urte bukatzerako abian izango diren esklabetako alokairuko 48 etxebizitzak dira horren adibide. “Gazteen emantzipazioa errazteko neurriak hartzen ari gara; emantzipazioa gero eta beranduago ematen da eta zailtasun askorekin, hori errazteko helburuz hartzen ditugu neurriak”, azaldu du Leire Goenaga zinegotziak.
Eskaintzaz gain, ordez, etxebizitzen inguruko lanketa integrala egiteko bidea ere jarri dutela azpimarratu nahi izan du Alkortak eta iaz onartutako Etxebizitza Planari egin dio erreferentzia: “Hor zehazten dira datozen urteetan landu beharreko lau ardatzak: Etxebizitza arloan arreta, pertsonalizatua, informazio osoa eta aholkularitza zerbitzu integrala eskaintzea; hutsik dauden etxebizitzak mobilizatu eta alokairura bideratzea; babes publikoko etxebizitza berriak sustatzea eta eraikinen birgaitzea sustatzea”.