wrapper

Apirilaren 18an amaituko da 2024ko sorkuntza beketara proiektuak aurkezteko epea
Azpeitiko Udalak 2017an onartu zituen aurrenekoz kultur sorkuntza bekak, eta urtez urte egitasmoa sendotzen joan da. Aurten ere 20.000 euro jarriko ditu artistek beren proiektuak sor ditzaten. Bi modalitate egongo dira: 12.000 euro bideratuko ditu
Zaparraie taldea, Azpeitiko Euskara Mahaiko kide berria
Norabide berean eta elkarlanean arituz, bakoitzak bere eginkizuna eta estiloa izango ditu: euskararen normalizazioa mahaiak, herritarren kontzientziazioa Zaparraiek. Azpeitiko Euskara Mahaiak 2024. urteko lehenengo bilera egin zuen atzo
Dagoeneko eman daiteke izena Elizkaleko adinekoentzako etxe tutelatuetan
Adinekoentzako etxe tutelatuak aurkeztu ditu Azpeitiko Udalak. Hamabi etxe dira, eta modu independentean baina, aldi berean, behar duten laguntza guztiarekin bizitzeko aukera emango diete adinekoi. Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko,

AzpeitiaOroimena

Eskola Agenda 2030 egitasmoaren baitan jolasa eta ikasteko metodologia berriak erabiliz, 5. eta 6. mailako 16 talde inplikatuko ditu murgiltze-esperientzia baten bidez

Aurtengo Agenda 2030 egitasmoaren baitan, Ekoetxea Azpeitiak erronka bat jarri die Azpeitiko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako 400 bat ikasleri: energia-trantsizioko ‘superheroi’ bihurtzea eta ingurumen-erronka handi horren alde lehen pertsonan aktiboki aritzea. Horretarako, murgiltze-esperientzia bat sortu du, publiko gazteena, jolasaren eta ikasteko metodologia berrien bidez arlo horretan inplikatzeko.


Ekoetxea Azpeitiak txikienekin hasi du bide hori, otsailaren 15etik apirilaren 28ra Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako 16 ikasle-taldek, 400 bat ikaslek, gozatuko duten esperientzia berri baten bidez. Esperientziak hiru atal izango ditu, eta bigarrena Ekoetxean izango da. Beste biak ikasgelan egingo dituzte eta, beraz, irakasleen laguntza funtsezkoa izango da. Elementu bereizgarri handiak ditu murgilketa handiagoa izan dadin. Ikasleek ‘superbotereak dituzten heroiak’ izango dira, eta misio bati aurre egin beharko diote: Azpeitiko igerilekuak ixtea saihestea, energia gehien kontsumitzen duen udal-instalazioetako bat delako.


Lehenengo atalean, ingurumen-zentrora iritsi baino egun batzuk lehenago, ikasleei beren ‘superahalmenak’ ezagutzeko eskatuko zaie, eta, ondoren, abenturarekin jarraitzeko beharrezkoak izango den sarbiderako ezkutuko kodea aurkitzeko. Bigarren atalean, Ekoetxea Azpeitian, erronka handia izango dute ikasleek: igerilekuak salbatzea. Erronka horren ondoren, klima-aldaketari aurre egiteko keinu jasangarria egiteko konpromisoa hartuko dute. Hirugarren atalean, ikasgeletara itzuli ostean, esperientziatik zenbat ikasi duten egiaztatu ahal izango dute. Gainera, Azpeitiko herritarrentzako energia-trantsizioari buruzko informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina baterako ideiak bilatzeko proiektua proposatuko zaie.


Esperientziak energia-trantsizioari eskolatik ekiteaz gain, 2030 eskola-agendaren udal-diagnostikoa egitea ere du helburu. Eta baita Azpeitiko Udalak arlo horretan hartutako neurriei balioa ematea ere. Besteak beste, 360 eguzki-panel jarri dira udal-igerilekuaren eraikinean, eta 109, udaletxeko teilatuan. Horri esker, urte bakar batean eraikinean kontsumitutako energiaren %30 inguru sortu da.

Proiektua abian jartzeko helburuz, Azpeitiko Udalak igerilekuaren inguruko lanketa eta prestaketa egin ditu, haur eta gaztetxoentzat egokituta. Horretarako, Alain Sorazuren laguntzarekin, hainbat baliabide ere sortu ditu: prototipoaren photocall-a, aurre jarduereretarako bideoa eta igerileku interaktiboa, besteak beste. Proiektua sortzeko prozesu osoan, Ihoberen aholkularitza eskura izan du Azpeitiko Ekoetxeak. Izan ere, Zentroa Eusko Jaurlaritzaren Ekoetxea Sareko kidea da, eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak kudeatzen du.

Ikasleek igerilekua ez ixteko misio edo erronka izango dute eta diagnosia egin beharko dute aurten. Datorren ikasturtean, berriz, aurten landutako oinarri hartuta, herrian informazio eta sentsibilizazio kanpaina egin beharko dute. Hala, ikasleak eta herritarrak energiaren kontsumoaren arazoaz sentsibilizatzea lortu nahi da.

Ekimena Ekoetxearen helburu berriaren parte da: interpretazio-lekuak izateaz gain, zentro hauek herritarrengan aldaketa sustatuko duten ingurumen-zentro bihurtu nahi dira, ingurumena gehiago errespetatzen duten eta jasangarriagoak diren ohiturak landu eta praktikan jar ditzaten. Aldaketa ekosoziala Ekoetxeko lau zentroen helburuetako bat izango da, eta gainera, zentro-kopurua handituz joango da 2023an. Guztiak ingurune adierazgarrietan daude, gizartea inplikatzeko leku aproposetan.

Erronka globalak tokiko apustuekin
Klima-aldaketaren eta Energiaren 2021eko Barometroaren datuen arabera, EAEko biztanleek klima-aldaketak garrantzi handia duela uste dute, 1etik 10erako eskalan 8,1 puntu emanez. Halaber, herritarren %89k klima-aldaketaren eta energiaren arteko erlazioa ‘nahiko estu’ eta ‘oso estu’ bitartekoa dela uste du.


Eusko Jaurlaritzak klima-aldaketaren eragina gure ingurunean eta gure osasunean murrizteko konpromisoari eusten dio hainbat estrategia eta ekintzaren bidez, hala nola Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketaren Plana 2021-2024. Plan horretan, klima-aldaketaren arintzea eta egokitzea eta energia-trantsizioa batera egitea proposatzen da, 2024 baino lehen hainbat helburu betetzeko. Helburu horietako batzuk berotegi-efektuko gasen emisioa %30 murriztea edo energia berriztagarriak azken energia-kontsumoaren %20 bilakatzea dira.


Gainera, 2050erako, neutraltasun klimatikoa lortzea espero da. Horretarako, hainbat arlotan jardun behar da: instalazioen eta etxeen eraginkortasun energetikoaren hobekuntza, energia berriztagarrien garapena eta ustiapena, erregai berriak erabiltzea eta emisiorik gabeko garraioa, birgaitzea eta hiri-eraikuntza.


Herritarrak kontzientziatzea funtsezkoa da bide horretan, eta Ekoetxea Sareak horretarako gune estrategiko bihurtu nahi ditu bere zentroak. Gaur egun, Urdaibai, Azpeitia, Meatzaldea eta Txingudiko lau zentrok osatzen dute sarea, eta 2023an kopuru hori handitu egingo da, eta hiru lurralde historikoetako zentro elkartuak eta laguntzaileak ere bilduko ditu.


Eratze partekatu prozesu baten ondoren, 2022an Ekoetxea Sarearen estrategia berria landu zen. Garapen Jasangarriaren Helburuetatik abiatuta, biodibertsitateari, klima-aldaketari eta ekonomia zirkularrari buruzko politikak pertsonekin lotzea du helburu. Hala, Ekoetxea bakoitza interpretazio-zentro izatetik ingurumen-zentro izatera igarotzen da, eta jendea erdigunean jartzen duen eta herritarrengandik hurbil dagoen ekipamendua izan nahi du. Haien asmoa pertsonen pentsaera eta jarduteko era aldatzea da, ingurumena gehiago errespetatzen duten ohitura jasangarriagoak bultzatuz.