2001. urtetik Azpeitiko Udalak, Lagun Onak Mendizale elkarteak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak Joxe Urbieta Takolo mendizale azpeitiarraren izena daraman beka ematen dute. Urtez urte goi-mendizaletasuna, zientzia, abentura, esplorazioa eta dibulgazioa sustatu asmoz egiten dute deialdia. Aurtengoan, gainera, bekaren kopurua handitu dute; bekaren irabazleek 4.000€ jasoko dituzte proiektua gauzatzeko. Beka eskaerara proiektuak aurkezteko azken eguna martxoaren 15a izango da.
Bekaren irizpideak
Aurkeztutako proiektuak ireki aurretik, proiektuaren originaltasuna (% 29 gehienez), zailtasuna (% 29 gehienez), parte-hartzaileen perfila (% 21 gehienez) eta jardueraren eta baliabideen finantzaketa (% 21 gehienez) irizpideak objektiboki baloratuko ditu lan horretarako izendatutako batzorde teknikoak.
Proiektua aurkezten dutenek, diruz laguntzea eskatu den proiektu edo jardueraren ardura duen ordezkari edo pertsonak eskari-instantzia ofizialaren atal guztiak bete beharko dituzte, eta horri Nortasun Agiriaren fotokopia erantsi. Egin nahi den proiektuaren memoria, hari dagokion aurrekontuarekin batera ere aurkeztu beharko da, bai paperean baita euskarri informatikoan ere.