Saninazio festetan asko izaten dira festara etortzen direnak, baina baita lanera etortzen direnak ere. Azken horietako batzuk kale-saltzaileak dira. Lanera etorri ohi diren horien egonaldia hobetu asmoz, 2019an egin bezala aurten ere aterpea prestatu du Perdillegiko Karmelo Etxegarai ikastetxeko gimnasioan.
Uztailaren 30etik abuztuaren 2ra bitartean 24 orduz izango da irekita. Bertan, egoteko, lo egiteko eta dutxatzeko lekua izango dute, komunaz gain. Kale-saltzaieei leku eskaerarekin batera txartel bat eman zaie, lekua erabili ahal izateko. Ez dutenek, berriz, udaltzaingoan eskuratzeko aukera izango dute festa egunetan. Espazio hori atonduz, festa egun horietako egonaldia erraztu nahi zaie lanera datozenei.