Idoia Arrizabalaga Berdintasun teknikariak, azken urteotan egin bezala, festa inguruan gerta daitezkeen erasoei aurre egin edo erantzun ahal izateko informazio, sentsibilizazio eta arreta kanpaina abian jarri dela azpimarratu nahi izan du: "Azpeitiko Udalarentzat ezinbestekoa eta estrategikoa da erasoen inguruko prebentzio lana egitea. Urte osoan zehar aritzen gara prebentzio lanean proiektu, ekintza eta bestelakoak antolatzen eta gaian sakontzen, Emakume Txokoarekin elkarlanean". Uztailean, festen atarian, bereziki festei begirako lanketa eta prebentzio lana indartu dutela gaineratu du. Hala, hitzaldi, bilera eta autodefentsa tailerrak antolatu dituzte. "Tabernariei ere beren tabernan erasoren bat gertatzen den kasuan jarraitu beharreko protokoloaren inguruko informazioa ere bidali diegu", gaineratu du. Banatutako euskarri fisikoen artean Indarkeria Matxistarik gabeko gunea dela adierazten duen kartela dugu, eta beren tabernetan jartzera animatzen dituzte horrrela, bertan zabaltzen den mezuaz gain herritarrei zuzendutako protokoloa ere badago bertan eta QR baten bitartez edonork izan dezake eskura: "Erasoei aurre egiteko guztion inplikazioa behar" dela ere nabarmendu du.
Aurretik sentsibilizazioan eragiteko egindakoaz gain, festa egunetan ere erasoen inguruko lanketa, informazio eta arreta eskainiko da egunero. Horretarako karpa bat jarriko da eta festak iraun bitartean arratsaldetik goizaldera zabalik egongo da informazioa eta arreta eskainiz, Plaza Txikian.
Herritarrei festez "libre, gustura eta nahi bezala ospatzeko" deia ere egin nahi izan die. "Baina aldi berean, elkarzaintzarako deia ere egin nahi dugu. Erasoren bat sumatu edo ikustean elkarbabestu dezagun".
Erasorik Gabeko Gunearen xehetasunak
Uxana Agirresarobe Berdintasun teknikariak festetako kanpaina eta karparen inguruko xehetasunak azaldu ditu. Indarkeria Matxistarik gabeko Gunea festek iraun bitartean arratsaldetik goizaldera bitartean zabalik egongo da. Gunea plaza txikian kokatuko da uztailaren 30, 31ean eta abuztuaren 1ean."Karpak helburu bikoitza du; batetik, festen testuinguruan gaiak espazio publikoan presentzia izatea, eraso matxisten kontrako kontzientziazio lana burutuz eta bestetik, erasoren bat jaso duen emakumeeren baten lehenbiziko artatze espazioa izateko aukera ahalbidetzea", azaldu du
Karpan, gaian adituak diren profesionalak izango dira eta bertan, erasoen inguruko informazioa eta aholkularitza eskainiko dute.: "Edozein duda, aholkularitza, behar, eraso edo antzekoen aurrean, herritarrei karpara etortzeko deia egiten diegu. Bertan, profesionalak izango baitira laguntzeko eta artatzeko".
Karpa uztailaren 30ean, 18:00etatik 06:00etara, uztailaren 31n, 20:00etatik 04:00etara eta abuztuaren1ean, 18:00etatik 06:00etara izango da Plaza txikian.