Urtea ari da bere hondarrera iristen, eta urtea bukatzerako 2021. urteko aurrekontuak osatu eta abenduan onartuko ditu Azpeitiko Udalak. Hala adierazi dute gaur prentsaurrean Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak. Aurten, inoiz baino garrantzitsuagoa izango dela herritarren beharrei erantzungo dien aurrekontuak osatzea azpimarratu nahi izan dute.
Aurrekontuak osatzerakoan, herritarren artean kezka nagusi diren ekonomia eta babes soziala izango dira ardatz: "Horiek dira eta izango dira lehentasun. Hau da, 2021. urteko aurrekontuek bi oinarri sendo izango dituzte; okerren pasatzen ari direnei baliabideak eskaintzeko gizarte zerbitzuetako aurrekontua mantendu edo handitu egingo da eta ekonomiaren sustapena bultzatzea. Osasun krisiaren ondorioek, udalak azken urteotan zehaztutako lehentasunak berretsi ditu. Aurrekontuak inoiz baino sozialagoak izango direla aurreikusten dugu; egoerak horrela eskatzen duelako eta herritarren beharrei erantzutea delako lehentasuna. Behin eta berriro diogu, krisi honetatik guztiok elkarrekin irten behar dugu, eta helburu horrekin osatuko ditugu aurrekontuak", adierazi du alkateak.
Urte arraroa izaten ari da 2020. urtea osasun alarmaren ondorio ekonomikoak herritarrez eragiteaz gain, udalari ere eragingo diola azpimarratu dute. Aurten, foru funtsetik jasoko den ekarpena nabarmen jaistea aurreikusten da, eta horrek eragin zuzena izango du 2021. urteko aurrekontuetan. Goenagak azaldu duenez, Udalak sarreren erdia jasotzen du foru funtsetik eta aurreikuspenen arabera %5 gutxiago jasoko da; hau da, 700.000€ gutxiago izango dira aurrekontuetarako..
Sarreren jaitsiera horrek, aurrekontuetan eragin zuzena izango du: "Datorren urtean egiteko hainbat inbertsiotan edota proiektutan eragin dezake. Hala ere, inbertsioei heltzeko konpromisoa dugu; agian, aurreikusitako epeetan ezin izango ditugu egin, baina aurreikusitako inbertsioekin jarraitzea da helburua", gaineratu du Goenagak.
Prozesua, baldintzatuta
Atzo egin zuten Ogasun batzordean aurkeztu zuten aurrekontuen zirriborroa. Datozen bi asteetan ekarpenak jasotzeko bideak jarriko dituzte. Hala, lanketa batzordez batzorde egingo da udal teknikari eta oposizioarekin. Herriko eragileekin osasun alarma egoera dela eta, beharrezko kasuetan aztertuko da bilerak egitea; sortutako mahaien bidez edo arloko batzordeburuekin harremanetan jarriz izango dute ekarpenak egiteko aukera. Herritarren ekarpenak jasotzeko moduak ere egokitu egin dira; hala, udal webgunearen bidez izango dute beren ekarpenak online egiteko aukera. Guztiak kontuan hartuta, azaroaren bukaerarako azpeitiarren beharrei erantzungo dien 2021. urteko udal aurrekontuak prest izango ditu udalak.