Egun arraroak dira Azpeitian, azken hauek. Festen atariko egunak izan beharko lukete egoera normalean, baina Covid19aren pandemia dela eta festak bertan behera uztea adostu zuten eragileek eta Udalak uztailaren hasieran. Egitaraurik gabe, festarik ez dela izango azpimarratu du Alkortak: "Saninazioak festa bereziak dira azpeitiarrontzat, baina aurtengoan ez da festarik ospatuko. Egun berezio horietarako neurri bereziak adostu ditugu tabernariekin gainera". Hala, aforoa zorrotz kontrolatuko da, terrazan edo taberna barruan soilik izango da kontsumitzeko aukera, udaltzaingoa indartuko da egun horietan eta taberna, jatetxe eta soziedadeak 00:00etan itxiko dira. Herritarrei "arduraz jokatzeko, planak birplanteatzeko eta jende pilaketarik ez sortzeko" eskatu die.
"Benetan festa maiteak dira, dugun onena erakusten dutelako; elkarlana, parte-hartzea, aniztasuna, berdintasuna, elkartasuna... Halere, aurten, beste modu batera bada ere, dugun onena erakusteko garaia da: erakus ditzagun ardura eta errespetua. Ardura, herritar guztion osasuna zaintzeko; eta errespetua, gaixotasun honen aurrean zaurgarrienak diren kolektiboekiko eta beldurrez daudenekiko", gaineratu du.
Bixitariei ez etortzeko deia
Saninazioetan familia giroko ospakizunetara zein kaleko giroaz gozatzera bisitan jende asko etorri ohi da euskal Herriko txoko desberdinetatik. Horiei, ez etortzeko deia egin die alkateak: "Egoera hobetzen denean, guztiak esku zabalik hartuko ditugu, baina bereziki uztailaren 30 eta 31n eta abuztuaren 1ean ez etortzeko deia egin nahi diegu. Ez dagoelako ospakizuneratako baldintzarik".
Bukatzeko, eskerrak eman nahi izan ditu: "Herritar eta eragileei hilabete hauetan gertu sentitu dugun konpromiso horrengatik eskerrak eman nahi dizkiegu. Eskerrak erakutsitako jarreragatik.