Udala arduratuko da pertsona horiei banan-banan deitzeaz eta hitzorduak emateaz. Elkar-ekinen lana, berriz, pertsona horiekin aurrez aurre egotea eta dagokien arropa ematea izango da. Jendearen anonimotasuna arretaz zainduko da oraingoan ere; beharra duten pertsona horiek ahalik eta erosoen sentiarazteko.
Datozen banaketak maiatzaren 18an hasita egingo dira, eta Arropa Bankuaren erabiltzaileei jakinaraziko zaizkie banaketa egun eta ordu zehatzak.
Arropa jasotzeko beharra duten herritarrek Elkar-ekinen telefono zenbaki honetara deitu behar dute: 644 96 16 06. Telefono horretan emango zaie herritarrei informazioa.
Arropa Bankuaren xedea da herriko jendeak donazio gisa bertara eramandako arropa beharrik handiena duten lagunen artean banatzea. Arropa jaso, garbitu eta ordenatu ondoren, dena prest izaten dute bazterketa egoeran dauden herritarren artean banatzeko. Elkargunea datozen asteetan irekiko da berriz ere, eta orain arte bezala, arropa bertan uzteko aukera izango dute herritarrek.
Zerbitzu hori ematen hasi zirela bost urte beteko dira irailean. Proiektuak aurrera egin badu, ehunka azpeitiarren ekarpenari esker izan da. Asko eta asko izan dira arropa eraman eta hartzera Elkargunera hurbildu diren herritarrak; elkartasun sare emankorra osatu da Arropa Bankuaren inguruan, eta bide horretan sakontzea da Elkar-ekinen eta udalaren borondatea.