wrapper

Oharrak

Azpeitiko Udalak abiatu du 2020ko aurrekontuak osatzeko prozesua. Hori dela eta, Udal Gobernu berriak aurtengorako zehaztutako prozedura eta asmoen berri eman du gaur prentsaurrean. Udala "egoera ekonomiko onean" dagoela zehaztu du Nagore Alkorta alkateak, eta 2020ko "beharrei erantzun eta begirada luzera begira" jarriko dutela adierazi du. 

Badira hilabete batzuk udal gobernu talde berria abian denetik. Hilabete horietan "erabaki handiagoak eta txikiagoak hartzea" tokatu zaiela adierazi du Alkortak eta "ardura berrietara egokitzeko momentua" izan dela azpimarratu du. 2020ko aurrekontuak osatzerakoan, aurrera begira jartzea dute helburu. 

Urte zailen ondorengo aurrekontuak izango direla nabarmendu dute: "Krisi ekonomikoak gogor astindu zuen gure herria. Eta gaur egun, oraindik ere agerikoak dira eraginak, lan baldintzen kalitatean, adibidez; baina langabezia tasa %7,6ra jaiste lortu dugu, EAEko langabezia baino hiru puntu baxuagoa da. Bada zerbait", zehaztu du.

Aurrekontuak osatzerakoan, oso garrantzitsua izaten da Udalaren egoera, eta azken urteotako "kudeaketa zorrotzak", udal osasuntsu eta ekonomikoki solbentea izatea ekarri duela azpimarratu du eta "arazoak arazo, esan dezakegu etorkizunari baikor begiratzeko moduan". 2020ko aurrekontuak osatzerakoan  ez  dute urtebeko ikuspegiaz jokatu nahi; luzera begira jarri nahi dute: "Uste dugulako momentua dela sakoneko arazoei eusteko eta Azpeitiarentzat estrategikoak diren erronkei aurre egiteko".

Bide horretan,ordea, dena ez da Udalaren esku izango: "Ahalegin guztia egiteko prest egon arren, eskumen ezberdinak tarteko beste erakundeekin elkarlanean aritu beharko dugu. Helburu nagusi bat eta bakarra daukagu; azpeitiarren bizi kalitatea hobetezea jarraitzea".

Etorkizunera begira jarrita, ekonomia eta gizarte babesari ematen diote garrantzia berezia; horri lotuta, Azpeitia gero eta inklusiboa egitea ere lortu nahi dute. Azpeitiko udalaren plan estrategikoa izango dute oinarri eta eragile nahiz herritarrekin adostuko dituzte lehentasunak: "Orain arteko bideari jarraipena emanez, ekonomiaren sustapena eta gizarte beharrei erantzuteko baliabideak nahiz azpiegituretan dauden beharrei erantzuten saiatuko gara, bide horretan, salto bat eman eta lur industrialen arazoari heldu nahi diogu. Etxebizitza politikan sakondu eta eskaintza jarraitua egingo dugu. Datorren urtera baino 2030era begiratu behar dugu;  eta adinekoen beharrei erantzuteko neurriak ere hartu nahi ditugu", zehaztu du. 

Etorkizunari baikor begiratzen dio Alkortak, eta epe luzerako plangintzari heldu nahi diola azpimarratu du: "Herri moduan indarrak batu eta guztion artean lan egiteko momentua da. Eragile eta herritar guztien ekarpenak ezinbesteko izango zaizkigu eta beste behin elkarlanerako gure eskua luzatuta dagoela gogorazi nahi dizuegu".

 

Ekarpenak eta ideiak jasotzeko prozesua abian

2019ko aurrekontuetako errepasoa egin eta 2020ko aurrekontu zirriborroa lantzen hasi da Udal Gobernua: "2019ko urtea bukaerara iristen ari den honetan, urteari errepasoa eman, eta aurtengorako prestatutako proiektu eta programak nola dauden aztertuz osatu dugu lehen zirriborroa", adierazi du Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak. Gaur aurkeztu dute lehen zirriborroa Ogasun batzordean, eta aurreikuspenen arabera 20 milioi euro inguruko aurrekontua izango du Udalak 2020an.

Zirriborro horri ekarpenak egiteko momentua da eta "udal barruan teknikoekin zein oposizioko kideekin landuko dira, bai ogasun batzordean eta baita arlokako batzordeetan ere".

Horretaz gain, azken urteotan bezala, eragile eta herritarrei ere iritzia eman eta ekarpenak egiteko aukera eskainiko zaie. Hala, etxe guztietara eskuorri bat banatuko da, eta herrian 10 postontzi jarriko dira ekarpenak uzteko.  Udal webgunearen bidez ere, izango da ekarpenak egiteko aukera. Eragileekin datozen asteetan egingo dira hainbat bilera gaian sakontzeko, eta auzoetako bilerak, dagoeneko eginak ditu Udalak. 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information