Eragile ugariren elkarlanarekin osatu da aurtengo Gabonetako ekintzen egutegia, eta horren adierazle izan da gaurko prentsaurrekoa. Aurten, herriko hiru ikastetxeek ahalegin berezia egin dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrerari buelta bat eman, eta egun hori sendotzeko. Ikastetxeetako haurrek, Juan Astxieta Musika Eskolako haurrek eta Itsaikoek lagunduko diete kalejiran. 11:45ean San Martin egoitzara joango dira, bertako aiton-amonei bisita egin eta gaztainak ematera. Ondoren, 12:30ean, kalejiran abiatuko dira plazara. Aurten berrikuntzak izango dira: "Eguna osatze aldera, berrikuntza batzuk egin ditugu. Alde batetik, kalejiran ttuntturroak, argitxoak eta ikazkinak izango dituzte laguntzen Olentzero eta Mari Domingirek. Ikastetxe guztietako haurrek hartuko dute parte, eta Musika Eskolako musikariak eta Itsasiko dantzariak ere hor izango dira", adierazi du Mikel Ibarzabal Festetako zinegotziak. Plazara iristean ere aldaketak izango dira; aurtengoan, hiru ikastetxeetako haurrak izango dute Olentzero eta Mari Domingiri bertsoak botatzeko ardura.
Ibarzabalek eguna antolatzeko bilera ugari egin dituztela azpimarratu du, "eta eskertu nahi diet ikastetxeei erakutsitako gogoa". Ikastetxeetako ordezkariak ere ados agertu dira "egun polita" izango dela azpimarratzean. Bukatzeko, Ibarzabalek Pedro Otaegi, Mirari Bereziartua eta Juanjo Bereziartua Gaztaña eskertu nahi izan ditu urtez urte "egun horretan musutruk egiten duten guztiagatik".
Gabonetako haur parkea
Bertan Merkatari elkartearentzatere garai bereziak dira Gabonak: "Gabonetan herriko mertaraitzan erosketak bultzatzeko hainbat ekintza jartzen ditugu abian, eta horietako bat Gabonetako haur parkea izan ohi da", adierazi du Xabier Aldalur Bertaneko teknikariak. Abenduaren 16, 27 eta 28an eta urtarrilaren 2, 3 eta 4an 16:00etatik 20:00etara izango da zabalik. Sarrera 2€koa izango da, baina beste urteetan bezala, Gabon erosketak herriko dendetan egitean ere eskuratzeko aukera izango da doan.
Gabonetako ekintzak
Udaleko Gazteria teknikariak, Aloña Larrañagak azaldu du dagoeneko Gabonetako ekintzetarako izen ematea egina dela eta 180 bat lagunek hartuko dutela parte: "Azpeitian eta Urrestilan eskainiko ditugu zerbitzuak, eta eguraldia lagun, ekintza ugari egiteko asmoa dugu", azpimarratu du. Abenduaren 26, 27 eta 28an egingo dituzte ekintzak
Familia osoarentzako zinema
Azpeitiko Kultur Mahaiaren Kooperatibak, Kulturazek, zinema antolatu du abenduaren 22an, 29an eta urtarrilaren 6an. Disney etxeko hiru film eskainiko dituzte: Chistipher Robin, Cascanueces eta Super Lopez: "Era askotako zine eskaintza antolatzeko aukera dago Gabonetan. Baina familian egoteko egunak izanik, familian zinera joateko moduko filmen eskaintza egiten dugu aurtengoan", adierazi du Agustin Jimenez kooperatibako teknikariak-
Erregeak tren txu-txuan
Gabonei bukaera emateko errege kabalgata izango da. Urtarrilaren 4an, Baigera Jubilatu Elkarteak antolatuta Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeen pajeak gutunak jasotzen izango dira sanagustinpean, 17:30etatik aurrera.
Urtarrilaren 5ean, berriz, kaleetan izango dira. Ohiturari jarraituz 17:00ak inguruan Lasaora iritsiko dira. Aurten, aldaketatxo bat egin behar izan da ibilbidean, Burdinbidearen Euskal Museoa itxita izango baita egun horretan, eta tren txu-txuan iritsiko dira Lasaotik Azpeitira. Parrokiara etorriko dira, hango jaiotza ikustera eta haurren kaso egitera. "Erregeak Lasaora etortzeko ahalegina egin dugu, eta aurtengoan tren txu-txuan etorriko dira Parrokia aurrera", azaldu du Ibarzabalek.
Ondoren, 19:00etan, igerilekutik erregeen kabalgata hasiko da. Urtero bezala, herriko ikastetxeetako gaztetxoek lagunduko diete ibilbidea egiten. 20:00ak aldera iritsiko dira plazara, eta udaletxeko balkoitik herritarrak agurtu ondoren, deskantsatzera joango dira. Gau luzea izango dutelako.