Herritarren gogoeta bultzatu nahi duen kanpaina jari dute abian Azpeitiko merkataritza saltokiek, Bertan Merkatari Elkarteak bultzatuta. 'Nolako Azpeitia nahi duzu?' lemapean, herriko kaleek komertziorik gabe izango luketen itxura transmititu eta hausnarketarako tarte bat zabaldu nahi dute herriko dendariek.
"Merkataritza txikiak bizi duen egoera kezkagarriaren aurrean -egunetik egunera, gero eta gehiago dira beren negozioa itxi beharrean aurkitzen diren saltokiak" Bertanen arabera eta bezeroen sentsibilizazioa helburu duen kanpaina da abian jarritakoa.
"Askotan, ez gara konturatzen daukanaz hau galtzen dugun arte", eta horregatik, merkataritzak herriari ematen dion "argia, bizia eta segurtasuna nabarmendu" eta saltokiak ixteak suposatuko lukeena islatu nahi dute. Horretarako, Azpeitiko 180 saltokik erakusleihoak estali dituzte atzo arratsaldetik astelehenera bitartean.
Egun hauetan, erakusleihoak estalita izan arren, saltoki guztiak zabalik egongo dira ohiko ordutegietan. Erakusleihoak estaltzeko erabiliko den plastiko beltza, behin kanpaina amaituta, jaso egingo da eta beste erabilera bat izan dezan nahi duen ororen eskura jarriko du Bertan Merkatari Elkarteak.
Ondoren, abenduaren 3tik aurrera, saltokiek bihotz formako globo gorriekin apainduko dituzte establezimenduak eta kanpainari bukaera emateko Gabonetako argiak piztuko ditu Udalak.