Beste hainbat ekitaldi bezala, Stock Azoka ere ezberdina izan da aurtengoan. Covid-19aren mehatxuaren aurrean, hainbat aldaketa egin behar izan dira, herritarren eta dendarien osasuna bermatzeko helburuarekin.
Egoera berri honetan, saltokiek izan duten inplikazioa oso modu positiboan baloratu da. Merkatari askok euren denden aurrean ezarri dute postua, Azoka Plazako Merkatuan postu gutxiago ezarriz eta beraz, espazio eta distantzia handiagoak sortuz Azokaren banaketan.
Arriskuak ekiditeko neurri gehigarri moduan, jende metaketak sor zitzaketen dinamizazio ekintzak ez egitea erabaki zen da. Horren ordez, pizgarri moduan, hiru erosketa bonoren zozketa gauzatu da Azokara gerturatu diren bezeroen artean. Gaur ezagutu dira hiru saridunak: Azoka Plazako postu batean erosketa egiteagatik Maje Rezola, Zume arropa dendan erosketa egiteagatik Ainhoa eta Jostaldi kirolak dendan erosketa egiteagatik Maite Araujo.
Salerosketei dagokienez, balorazio positiboa burutu dute, oro har, dendariek. Azken urteetan bezala, ostiral arratsaldea eta larunbat goiza, bereziki, izan ziren erosketa une garrantzitsuenak. Edonola ere, jendearen joan-etorria kontrolatua baina etengabea izan zen Stockak zirauen bitartean eta eguraldia lagun, orokorrean jendea hurbildu dela azpimarratu daiteke, beti ere segurtasun neurriak errespetatuz.
Guztiaren gainetik, aipatzekoa eta eskertzekoa da, herritarrek agertu duten jarrera. Momentu oro, segurtasun neurriak ulertu eta errespetatu dituzte, Azokaren garapena erraztuz. Horregatik, Bertan Merkatari Elkarteak eta Udalak eskerrak eman nahi dizkie Stock Azokara hurbildu diren guztiei.