Azpeitiko Udalak hainbat urtez eskaini du Arreta Soziosanitario titulua ateratzeko ikastaroa herrian. Irailetik aurrera, ikastaro hori berriro eskaintzeko asmoa du. Herrian zaintzan lanean ari diren hainbat lagunek orain arteko ikastaroen ordutegi eta erritmoa lanarekin bateratzeko dituzten zailtasunen jakitun, ikastaroa egokitu egingo da. Hau da, egunean 2-3 orduko saioak izango dira eta ez orain artean bezala 5 ordukoak. Ikastaro horrekin zaintza lanetarako ezinbesteko den titulua eskuratzen da. “Langabeziari aurre egiteko formazioa da Udalaren apustu nagusia. Bide horretan, formaziorako aukerak eskaintzen ditugu herrian. Zaintza lanetarako Arreta soziosanitario ziurtagiria eskainiz zaintza lanetan aritzen direnen profesionalizazioa bultzatu nahi dugu, eta bide horretan, lan horiek duintzeko egiten dugu esfortzua”, adierazi du Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak.
Ikastaroa irailaren bukaeran hasiko da, baina ikastaroaren berri emateko eta izena eman nahi dutenek oinarrizko ikastetak ba al dituzten ziurtatzeko datorren astelehenean, uztailak 6, bazkal ostean, txanda ezberdinetan, bilerak egingo dira interesatuekin. Bertan, profesionaltasun ziurtagiriaren inguruko xehetasunak emateaz gain, ikasketa maila frogatzeko azterketa txiki bat egingo zaie. Hala, maila ez dutenei profesionaltasun ziurtagiria ateratzeko ikastaroan hasteko aurre-prestakuntza bat eskainiko zaie, beharrezko gaitasunak bermatzeko.
Uztailaren 6rako, saio desberdinak antolatu dira, azoka plazan, jende pilaketak ekiditeko. Beraz, ezinbestekoa da izena ematea 688 845 118 telefonora deituta. Astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 15:30era bitartean eman daiteke izena; horretarako azken eguna uztailaren 3a izango da. Izena ematean esango zaio bakoitzari zein ordutako saiora joatea egokitu zaion. Ezinbestekoa izango da maskarilla eta boligrafoa norberak eramatea.