Azpeitiko Udalak arrisku handieneko espazio publikoak desinfektatzeko lanak jarri ditu abian, eta egunero desinfektatuko ditu alarma egoera honek irauten duen bitartean herritarrak ibiltzen diren guneak.
Herritarrek espazio publikoan ibiltzeko duten debekua kontuan hartuta (baimendutako jardueretarako bakarrik), udalak arrisku handieneko eremuak zehaztu ditu, eta horiek egunero desinfektatuko ditu hipokloritoarekin. Kaleak, denda inguruak, anbulatorio aurrea, autobus geltokiak, aulkiak, pasabideak... eta bereziki barandila eta hondakinen edukiontziak desinfektuko dira.
Horretarako, udal brigadako kideak ere garbiketa lanean arituko dira kale garbitzaileekin batera: “Koronabirusari ahalik eta modurik eraginkorrenean aurre egitea da Udalak momentu honetan duen lehentasun nagusia. Baliabide guztiak horretara bideratuta ditugu eta lehentasuna espazio publikoen garbiketa eta desinfekzio jarraitua egitea da; eta horretan ari gara. Higienea eta garbiketa ezinbestekoa da pandemia honi aurre egiteko, eta kaleak egunero desinfektatzen ari gara”, adierazi du Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako zinegotziak.
Desinfekzioa, irudietan