Azpeitiko Udala Enparan Dorretxe aurrea egokitzeko obrak bukatu berri ditu, eta eremu hori oinezkotzeko pausoa eman du. Obraren helburua Enparan-dorretxe aurrea oinezkotu eta Zelai Luzerekin bat egitea izan da. Horretarako lurra altxatu eta adokinatu egin da, Alde Zaharreko lurzoruaren itxura emanez: "Oinezko ugari ibiltzen diren gunea da; haur asko ibiltzen da ingururu horretan, baina aldi berean, Alde Zaharrerako sarrera ere bada. Oreka mantenduz, oinezkoek lehentasuna izango duten gune bat sortu nahi izan dugu. Horretarako, Zelai Luzeko pasaoarekin bat egin dugu", adierazi du Aitor Bereziartua zinegotziak.
Dorretxe aurrea eta zubiarekin batera, hainbat herritarren eskariri erantzunez dorretxearen eta Urola ibaiaren arteko pasabidea ere konpondu da eta argiztapena ere hobetu da punturen batean: "Herritarrek hainbat eskari genituen inguru horretan eta horiek ere aintzat hartu dira, ingurua hobetzen laguntzen zutela iritzita. Hala, ibai ondoko pasabidea konpondu eta irisgarri egin dugu, espaloioa zabalduz. Hala, Enparan atzetik Julian Elorza hiribidera arteko harriak kendu eta gorde egin ditugu, eta hiribideko lurzoruko baldosa berdinak jarri. Horretaz gain, argi puntu bat gehiago ere jarri dugu, herritarren eskariz argiztapena hobetzeko", gaineratu du.
Lehiaketa publikoa irabazi ondoren, Asfalados y construcciones Morga enpresak egino ditu obrak eta 183.543,76 euroko aurrekontua izan dute.
Ingurua argazkitan