Azpeitiaren argazki industriala atera nahi da ikerketa edo azterketa honekin: “Azpeitiaren gaur egungo diagnostikoa egin nahi dugu. Krisiak lur industrialen zati handi bat aktibitaterik gabe utzi du. Pabilioi asko hutsik eta zaharkituta, baldintza eskasetan gelditu dira. Azterketa honekin, bi helburu ditugu, alde batetik, hutsik dauden pabilioien zerrenda aterako dugu eta zein baldintzatan dauden zehaztuko dugu. Ondoren, aterabiderik ba ote duten aztertzeko. Bestetik, jardueraren bat duten pabilioiak nolakoak diren, zenbat jende duten lanean, pabilioiaren baldintzak, zein diren etorkizuneko beharrak… ezagutzeko aukera izango dugu”. Badakite, zaharkituta han-hemenka aurkitzen diren pabilioiek ez dutela aterabide erraza, eta lur industrialen inguruko lanketaren emaitzak epe luzerako prespektibarekin landu beharrekoak dituztela, baina arazoari heltzeko konpromisoa agertu du Alkortak: “Erronka honi heldu nahi diogu. Ikuspegi estrategikoz jokatu eta luzerako begirada geureganatu. Jabego pribatua, erakundeak… interes eta eskuduntza desberdinak batzen dira, baina pixkanaka korapiloak askatzen joan behar dugu. Ezinbestean heldu beharreko gaia dela uste dugu”, zehaztu du.
Azaroan hasita, ikerketa
Azpeitiko Udalak eta Urolako industrialdeak elkarlanean egingo dute azterketa, eta horretarako enpresen laguntza behar dute. Azaroan hasita, Urola Industriaguneko teknikari bat enpresaz enpresa ibiliko da informazioa biltzen. Aurretik, gutuna bidali zaie bisitatuko diren enpresa guztiei. Zenbat eta informazio gehiago eta zehatzagoa jaso, orduan eta errealitatearen diagnostiko osoagoa osatuko dute. Eskatuko diren datuak helburu estatistikoa soilik izango dute. Azterketaren emaitzak martxoa-apirila alderako izango ditu Udalak.