Azken hamarkadetan aldaketa handia jasan dute herriek. Industrializazio eta garapenak, herrietako paisaia eta errealitateak aldatzea ekarri du. Aldaketa horien testigu izan dira herritarrak eta horiei ahotsa emanez osatu nahi da 'Kultur memoriak' proiektuaren bidez. Azpeitian, Eibarren eta Arrasaten jarriko da abian Foru Aldundiak bultzatutako proiektua. "Herrietan herritarrei eman behar zaie ahotsa, horiek direlako herriaren iragana bizi izan dutenak, sentitu dutenak eta oroitzapenak dituztenak. Herriaren memoria, ezinbestean herritarren memoriarekin, izenekin, momentuekin kontatu behar da" azaldu du Eneko Etxeberria alkateak.
Herri bakoitzean, gai zehatz batzuei lotutako lanketa egingo da. Azpeitian, Urolako trenak Azpeitiaren garapenean izan duen eraginaz gain, herritarrek industriarekin izan duten lotura, ingurumena, festetako ohiturak eta Loiolak turismorako izan duen garrantzia aztertzea da helburua.
Horretarako, hainbat saio izango dira herrian. Helburua da 15-20 laguneko taldea osatu eta sorkuntza parte-hartzaile baten bidez, herritarrek herria aztertu eta jasotakoa dokumentatuz talde kontaketa bat egiteko. Herri guztietako esperientziak eta lanketak jasotzen dituen webgunea osatuko da, ondoren.
Proiektua aurkeztu bada ere, datozen egunotan Azpeitian aurkeztuko da, xehetasun gehiago eskainiz.
: count(): Parameter must be an array or an object that implements Countable in