wrapper

Hirigintza ingurumena sub

Herrietako berde guneek berebiziko garrantzia dute. Izatez landatutako azalera urbanoak proportzionalki eraikitako azalerak baino handiagoak beharko lukete, baina, orokorrean, garatutako hirigintza ereduak ibilgailuen mugimenduari eman izan dio garrantzia eta baita instalakuntza sare egokiak izateari ere. Horren ondorio nagusia herrietako berdeguneen azalera eta lurren hedadura mugatzen joatea izan da. Berdeguneek herritarren funtzio estetikoetatik haratago dauden onurak dakartzate; izan ere, pertsona orok behar ditu naturguneek eskaintzen dituzten onurak. Horren jakitun, Azpeitiko Udalak duela zenbait hilabete herriko berdeguneen zaintza lanetik harago, berdeguneen plan integrala egin eta gune horiek bere osostasunean aztertu eta lantzeko bidea hartu zuen, horretarako mahai bat sortuz.

Zuhaitzak, altxor

"Ez geunden gustura zuhaitzen inguruko kudeaketarekin, eta berdeguneen altxor nagusia zuhaitzak izanik, gai horri lehenbailehen heldu nahi izan diogu", azaldu du Josu Labaka zinegotziak.

Gainera, bada gune bat bereziki landu beharrekoa: "Gure lehentasunetako bat Loiolako hiribideko zuhaitzak izan dira. Mahaiaren lehen lanetako bat gune horretako ezkien egoera ikusi eta azterketa egitea izan da, badakigulako ez daudela egoerarik onenean. Eremu horretako zuhaitzen balioaz jakitun, aditu batekin elkarlanean zuhaitz horien inguruko neurriak hartzeko", adierazi du. Hala, datozen egunotan Loiolako pasealekuko hainbat zuhaitz kenduko dituzte, egoera oso txarrean daudelako, eta herritarren segurtasuna bermatzeko: "Orain gutxi bi zuhaitz erori dira, eta beste zenbait zuhaitzen egoera ere txarra dela ikusia genuen ordurako, eta lehenbailehen kentzea erabaki dugu", adierazi du Labakak.

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea