wrapper

Hirigintza ingurumena sub

Azpeitiko Udalak bere azpiegituren eta argiteriaren kontsumoa zorrotz neurtzen du azken urteotan, energia kontsumoa murriztu eta erabiltzen den energiaren eraginkortasuna edota efizientzia bilatzeko. Hala, 2015eko energia kontsumoa %3,1ean murriztu zuela jakin berri du. "Pixkanaka, gutxinaka, han eta hemen neurriak hartuz udalak energia kontsumoa murriztu, eta energia berriztagarriaren bidez funtzionatzeko konpromisoa du", azaldu du Aitor Bereziartua zinegoztiak. 'Azpeitia 2025 Plan Estrategikoaren' baitan, energia lerro nagusietakoa da. Bertan, eraginkortasun energetikoa, kontsumoaren murrizketa eta energia berriztagarrien ezarpenarekin lotutako ekintza eta neurri desberdinak aurreikusten dira. Bide horretan, lehen lanak ari dira bere fruituak ematen, eta epe motzean abian jartzeko beste neurri batzuk ere eskuartean ditu udalak.

Iazko energia kontsumoaren %69a, udal eraikin publikoena izan zen, eta %31a, berriz, herriko argiteriarena. Eraikin publikoen artean, igerilekua da kontsumo handiena duen azpiegitura, kontsumo osoaren %47a. Ondoren hezkuntzara bideratutako eraikinak dute kontsumo altuena, %25a, eta udal bulegoek, berriz, %8a. "Bagenekien igerilekua dela, askogatik energia gehien kontsumitzen duen azpiegitura. 2014an, igerilekuan energia aurrezteko proiektu pilotoa jarri genuen abian. Baina igerilekuko energia kontsumoa murrizteko neurri gehiago ere hartuko ditugu epe motzean", aurreratu du Bereziartuak.

Kontsumo energetiko horren harira sortutako negutegi efektua eragiten duten gasen isuria ere nabarmen jaitsi du Udalak. Hala, 2014an baino %11,8 gutxiago isuri zen 2015. urtean. Hori elektrizitate berdearen kontratazioak eta gas naturalaren kontsumoa jaisteak eragin du.

Kontsumoak eta kutxadurak behera egin badute ere, gastuak %1,2 gora egin du; energiaren prezioak gora egin duelako. Hala, iaz, 751.148 euroko gastua izan da energiak eragindakoa, hau da, 51,5 euro azpeitiar bakoitzeko.

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea