wrapper

Gizarte zerbitzuak sub

Azpeitiko Udalak 5.000 euro bideratuko ditu orain gutxi Nepalen izandako lurrikaran kaltetuei laguntza emateko. Leire Etxaniz Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak agertu duenez, Azpeitiko Udalak bere aurrekontuaren %0,7a garapen bidean dauden herrialdeetara eta nazioarteko lankidetzara bideratzeko duen egitasmoaren baitan hainbat urtetan herriko Chil Bright Fundazioari laguntzak eman dizkio Nepalgo umezurztegien proiektuak laguntzeko. "Orain, egungo hondamendia ikusirik, fundazioak laguntza eskatu dio Udalari eta Nepalgo egoera berezia eta dagoen beharra ikusirik, Azpeitiko Udalak 5.000 euro bideratzea erabaki du".
2015-2016 denboraldiko helduentzat opor programa abian jarri du Imsersok eta eskaerak ekainak 5 bitartean egin daitezke dagoeneko. Egon daitezkeen plaza hutsak betetzeko asmoz, ekainaren 6an berriro zabalduko da izen-emate epea eta abenduaren 1 bitartean egongo da zabalik. Iazko denboraldian izena eman zutenek, ez dute berriz eskaera orria bete beharrik, Imsersok datuak badituelako. Gainontzekoek, bi bide dituzte eskaerak egiteko; alde batetik, internet bidez, https://sede.imserso.gob.es helbidean eta bestetik, berriz, Udaleko Gizarte Zerbitzuetan 08:30etik 14:00etara bitartean.
Atzo, asteazkena, Sanjuandegiko auzo elkarte berria lehenbizikoz zabaldu zen. Elkar-ekin eta XJ Auzolanean eragileek antolatuta, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Gizarte Zerbitzuetako teknikaria Edurne Zubia bertan izan ziren herritarrei gizarte laguntzen inguruko informazioa eman eta pobreziaren inguruko diagnostikoak emandako emaitzak aurkezteko. Igerilekuko instalazioetan aurkitzen den lokala herritarrez bete zen informazioa jaso eta egon daitezkeen dudak argitzeko asmoz.
Azpeitiko Udal Gizarte Zerbitzu sailak "BIZITZEN JAKITEA, HERIOTZAREKIN BIZITZEN IKASTEA DA" tailerra antolatu du. Hiru saio izango dira guztira, maiatzaren 12, 19 eta 26an. Guraso tailerren baitan antolatu bada ere, herritar guztientzat zabalduta dago eta parte hartu nahi dutenek, maiatzaren 7 baino lehen eman behar dute izena Gizarte Zerbitzuak sailean edota 943 15 71 92 telefono zenbakian. Parte hartzeko 10 euro ordaindu behar dira, ezin dutenek ordaindu ordea, beka sistema eska dezakete.
Mikel Garmendia Olaziregik 100 urte bete ditu eta familia eta San Martin egoitzako egoiliarrekin ospatu du data berezia. Eneko Etxeberria alkatea ere egoitzara gerturatu zen apirilaren 23an, Begoña Garmendia, Mikelen alaba eta Beizamako alkatearekin batera, Garmendia zoriondu eta oroigarriak emateko. Garmendia Donostiarra da jaiotzez, Ordizian bizi izan zen urte luzez eta gaur egun, Azpeitiko San Martin egoitzan dago. Mikel Itxarkundia batailoiko gudari izan zen eta heriotzara zigortu zuten frankistek, hala ere, alde eegite lortu zuen. Zorionak Mikel!
Azpeitiko Udalak koordinazio sozio-sanitarioko protokoloa sinatu du, esparru soziosanitarioan koordinatzean sortzen diren egoerak arautzeko helburuarekin; eta beti ere, herritarren eskubideak bermatze aldera. Modu honetan, lehen mailako arreta soziosanitarioaren garapenean urrats bat ematea lortu da, izan ere, protokoloaren helburu nagusia mendekotasun egoeran edo egoteko arriskuan dauden pertsonen arreta hobetzea eta haien premiei erantzun integrala ematea da. Eta horretarako, kasuak detektatu eta atenditzeko orduan, profesionalen arteko koordinazio eta lanketa egokiak finkatu eta hedatzea bilatzen da.
Gutxitasun fisikoa, organikoa edota sentsoriala duten pertsonei zuzendutako oporraldiak prestatu ditu Elkartuk, Foru Aldundiaren laguntzarekin. Gipuzkoako Gutxitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzaileak antolatutako Elkarbidean programa 16 urtetik gorako pertsonentzat da eta besteak beste, Torrevieja, Salou, Cullera eta Lanzarotera joateko aukera eskaintzen du. Interesatuek apirilaren 24a baino lehen aurkeztu beharko dituzte eskabideak. Informazio gehiago nahi duenak edota izena emateko, Udaleko Gizarte Zerbitzuetara joan behar du.
Azpeitira iritsi eta erroldatzen diren etorkinei zuzenduriko harrera gida argitaratu du Udalak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzari esker kaleratutako liburuxka, bost hizkuntzatan kaleratu da: euskaraz, gazteleraz, ingelesez, urdueraz eta arabiarrez."Gizarte Zerbitzuen saileko protokoloarekin dago lotuta gida. Azpeitira iristen diren etorkinek Azpeitiaz gutxi dakitela detektatu dugu. Horregatik, herrira iristen den eta Azpeitian erroldatzen diren pertsona guztiei emango diote liburuxka, herriaren berri izan dezan. Joan-etorrian ibiltzen da jendea, aldaketak izaten dira, eta herritar berri horiekin jarrera positiboa izan behar dugu", azaldu du Eneko Etxeberria alkateak.
Azpeitiarrek dituzten benetako beharrei erantzun egokia emateko, beharrezkoa da errealitatea ezagutzea. Gainera, Mahai Sozialak diagnostiko baten beharra agertu zuen eta horren aurrean, Azpeitiko Udalak pobrezia ikerketa egin zuen. Emaitzak jakin berri dira, eta SIIS dokumentazio eta ikerketa zentroaren laguntzarekin egindako txostena garbia izan da; azpeitiarren %5a pobrezia egoeran bizi da eta %15a, berriz, pobrezia arriskuan. "Guretzat oso garrantzitsua da diagnostikoa edukitzea, datu eta egoera erreala jakitea, gero estrategiak martxan jarri eta tresnak bideratzeko aukera izango dugulako", esan du Eneko Etxeberria alkateak.
Pobrezia eta gizarte bazterketari aurre egiteko neurri eraginkorrak abian jartzeko, beharrezkoa da jakitea herriko egoera erreala, datu errealak. Modu honetan, Azpeitiko pobrezia ezagutzeko diagnostikoa egin du Udala, Donostiako SIIS dokumentazio eta ikerketa zentroaren laguntzarekin. Eta ikerketan lortutako emaitzak, jendaurrean aurkeztuko dira gaur, astelehena, 18:00etan Sanagustin kulturgunean. Azpeitiko Udalak herritarrak bertaratu eta ikerketaren emaitzak ezagutzera gonbidatu nahi ditu.
Página 7 de 8
2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea