wrapper

Ezkustako hitzarmenaren hasierako onarpena

Azpeitiko Udalbatzak 2017ko otsailaren 7an egindako bilkuran Ugarte Epelde familiarekin hitzarmen bat sinatzea onartu zuen hasierako izaeraz. Hitzarmenaren helburua Izarraitz auzoan dagoen Ezkusta eraikuntza eraistea da (eraikuntza hori Azpeitiko sarreran, GI-631 Zumaiatik Zumarragara errepidearen aldamenean dago kokatuta 12,100 puntu kilometrikoan), eta Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak inguru horren antolamendua eta kalitate estetikoa hobetzeko helburuarekin sustatu duten egitasmoaren baitan sartzen da.

Horrenbestez, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30ko 2/2006 Legearen ZAZPIGARREN xedapen gehigarrian araututakoaren arabera, jendaurreko erakustaldian jarriko da aipatutako espedientea, Azpeitiko Udaleko Idazkaritzan, eta Udalaren web orrian www.azpeitia.eus hogei eguneko epean, iragarki hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo biharamunetik hasita. Aipatutako epean aztertu eta egoki eritzitako alegazioak aurkeztu ahal izango dira Udaleko Sarrera Erregistroan, Azpeitiko Alkate-Lehendakariari zuzenduta.

ESKUSTA ETXEAREN HITZARMENA

ESKU HARTU DUTE
"...

Bi aldeek HIRIGINTZA HITZARMEN hau sinatzeko adinako lege-gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta honakoak jasoarazi dituzte:

AURREKARIAK

Aurrena.- Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Ezkusta Etxearen inguruan urbanizazio-lanak egitea dute aurreikusia, alde horren antolamendua eta kalitate estetikoa hobetzeko helburuarekin. Adierazi behar da lan horien bidez Azpeitira sartzeko irisbide nagusienetako baten itxura hobetuko dela.

Bigarrena.- Alde horren hobekuntzari bukaera emateko komenigarria dela Ezkusta Etxeari egin behar zaizkion jarduketak ere sartzea, eraikin horrek eragin garrantzitsua baitu Azpeitiko herrigunera iristeko sarbidearen itxuran. Han dagoen eraikinean gaur egunean ez da inor bizi.

Hirugarrena.- Eraikinaren kontserbazio-egoera dela eta, iritzi dela irtenbiderik egokiena gaur egun dagoen eraikina eraistea dela, eta horren ordez bi bizitzako erakin berria egitea partzela horretan bertan, baina gaur egunekoaren kokapena baino atzerago.

Laugarrena.- Jabetzak gaur egun ezin diela eraikina eraitsi eta berria eraikitzeko lan guztiei ekin, eta ondorioz, ordezkatze lan horiek bi fasetan egitea planteatzen dela. Lehenengo fasean, gaur egunean dagoen eraikina eraitsiko da, eta ondoren egingo da eraikin berria eraikitzea. Eraikin berria eraikitzeko epea 10 urtean jarri da.

Azaldutako guztia kontuan izanik, bi aldeek honako hirigintza hitzarmen hau sinatu dute, honako estipulazioen arabera:

ESTIPULAZIOAK

AURRENA.- ...........andreak agintzen du Eskusta Etxea 6 hilabeteko gehieneko epean eraitsiko duela, hitzarmen hau sinatzen den egunetik hasita. Eraikina eraistearekin zerikusia duten gastuak jabeen kontura izango dira. Eraisketa egiten denean, orubeak eta bere inguruak errematatuta eta bukatuta geratu beharko dute, antolamendu berriaren osotasunean txertatua geratzeko moduan, eta inolako arriskurik gabe.

BIGARRENA.- Udalak agintzen du han dagoen bi bizitzako eraikina partzela horretan bertan berreraikitzeko eskubidea hamar urteko epean mantenduko duela jabeen edota haien kausadunen alde. Bi bizitzako eraikin berri hori egin ahal izateko proiektu bat aurkeztu beharko da, eta bertan justifikatu indarrean den legeria betetzen dela, 2/2006 Legearen 30. artikuluan jasoa datorren urte beteko gehieneko epea salbu, zeina 10 urtera arte luzatzen den, Hitzarmen honen arabera. Zehaztu den epealdi horren baitan jabetzak ezin badu eraikin berria egin, legeria aldatu delako, gaur eguneko eraikinak Katastroaren arabera duen balioa (56.659,3 €) adinako kalteordaina emango dio Udalak, KPIarekin eguneratuta.

HIRUGARRENA.- Eraikinaren eraisketa-lanak errazteko, jabetzak Udalari eskuordetzen dio lanak eta proiektuak egikaritzea eta dagozkion baimenak lortzea. Lanak egikaritzen direnean, Egiaztagiri bat emango da, lan horien azken kostua adieraziko duena. Kostu hau, gutxi gorabehera, 30.000 €koa izango dela irizten da, eta jabetzak ordaindu beharko du zenbateko hori. Jabetzak, eraisketaren kostuak ordaintzeko, proposatzen du eraikin horrek hartzen duen lurzorua ematea Udalari, eta lurzoru hori eraikinaren ondoan dagoen herri-lurrari –bidetara eta berdegunetara bideratua dagoena– gehituko zaio. Eraikinak hartzen duen lurzoruaren balioa 35.618,24 €koa da, Katastroaren arabera. Eraikina eraisten denean zehaztuko da Udalari eman beharreko azalera. Notaritzako eta Erregistroko gastuak Udalaren kontura izango dira.

LAUGARRENA.- Eraikinaren jabeek ez dute esku hartuko egin behar den kanpo-urbanizazioaren kostuetan. Kanpo-urbanizazio hori Administrazioaren kontura egingo da.

BOSGARRENA.- Hitzarmen hau indarrik gabe geratuko da, automatikoki, berau sinatu den datatik hamar urte igarotzen direnean.

Eta ados daudenaren seinale, bi aldeek hitzarmen hau sinatu dute, goiburuan adierazitako datan eta lekuan.
-o-

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea