wrapper

Alde Zaharra 1. Heko 1.1. azpieremua hirigintza mailan egikaritzeko hirigintza hitzarmena

Alkatetzak, 2016ko ekainaren 13an emandako Dekretuaren bidez hirigintza antolamendua eta egikaritza xedea duen HIRIGINTZA HITZARMENA onartu zuen, behin behineko izaerarekin. Hain zuzen, hitzarmenaren helburua Azpeitiko Hirigintza Antolamenduaren Plangintza Orokorreko "Alde Zaharra" 1. HEko 1.1. Azpieremuaren jabekide partikularrei dagozkien hirigintza-betebeharren edukia eta irismena eta hitzarmena betetzeko baldintzak zehaztea da, kontuan hartuta Udalak interesa duela antolamendu orokorraren arabera azpieremu horretan baimendutako eraikin berriaren azpialdean zuzkiduretarako aparkaleku publiko bat eskuratzeko.

Horrenbestez, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30ko 2/2006 Legearen ZAZPIGARREN xedapen gehigarrian araututakoaren arabera, jendaurreko erakustaldian jarriko da aipatutako espedientea, Azpeitiko Udaleko Idazkaritzan, eta Udalaren web orrian www.azpeitia.eus hogei eguneko epean, iragarki hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo biharamunetik hasita. Aipatutako epean aztertu eta egoki eritzitako alegazioak aurkeztu ahal izango dira Udaleko Sarrera Erregistroan, Azpeitiko Alkate-Lehendakariari zuzenduta.

AZPEITIKO HIRIGINTZA ANTOLAMENDUAREN PLANGINTZA OROKORREKO "ALDE ZAHARRA" 1. HEKO 1.1. AZPIEREMUA HIRIGINTZA MAILAN EGIKARITZEKO HIRIGINTZA HITZARMENA (ALBERDIENEA HITZARMENA)

Azpeitian, 2016ko ekainaren ....(ea)n

PARTE HARTU DUTE
Eneko Etxeberria Bereziartua jaunak, Azpeitiko Udaleko alkate-presidentea den aldetik, ... (I. Eranskina).
Aitor Uria Lopetegi jaunak, «Zinealdea, S.L..» merkataritza-sozietatearen izenean eta ordezkari, IFK: B-20741906... (II. Eranskina).
Martin Ascacibar Gregorio jauna, «Altuna y Uría, S.A..» merkataritza-sozietatearen izenean eta ordezkari, IFK: A-20029104... (III. Eranskina).
Aldeek, esku hartzen dutenez gero, antolamendurako eta exekuziorako hirigintza-hitzarmen hau emateko nahikoa ahalmen legal aitortzen diote elkarri, eta honako hauek zehaztu dituzte:

AURREKARIAK
Lehenengoa.-
Azpeitiko gaur egungo Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra (HAPO) 2013ko irailaren 17ko osoko batzarrean hartutako erabakiaren bidez onartu zen, eta 2013ko urriaren 11ko eta azaroaren 6ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialetan (195. eta 211. zenbakiak) eman zen testu osoa argitara.
Udalerriko Alde Zaharrak, HAPOn zehazten denez, "Alde Zaharra" 1. Hirigintza Eremu berria biltzen du, eta, horren barnean, hegoaldeko ertzean eta Urola ibaiaren ondoan, 1.1. Azpieremua dago mugaturik (Goiko kalea, 1, 5, 7 eta 13 zkak. - Azilona). Hain zuzen, eremu osoan aplikatzekoak diren antolamenduko irizpide eta helburu orokorrez gain, beste hauek ere finkatu dira azpieremu horretarako: berrikusitako Arau Subsidiarioen dokumentuan aurreikusitako hirigintza-proposamenak baliozkotzea, eta, zehazki, eremua berroneratzea Goiko kale osoaren hirigintza-egitura osatzeko, ingurune horretan ibaiertzeko oinezko pasealekua errematatzea, eta Urola ibaiaren parean plaza bat sortzea, han ordenatutako bizilekuen eraikin berrien beheko solairuaren mailan pasealeku arkupetu batez inguratuta.

Bigarrena.-
Plan Orokorraren aurreikuspenak garatze aldera, "Zinealdea, S.L." merkataritza-sozietateak, lurzoru gehienaren jabekidea den aldetik, "Alde Zaharra" 1. HEko Azpieremurako Hiri Antolamenduaren Plan Berezia landu du (aurrerantzean, HAPB). Plan berezi horretan, 2.345 m2-ko Jarduketa Eremu berri bat (AD. 1.1.) mugatzen da, eta aurreratzen da aukera dagoela Azpeitiko Udalarekin hitzarmen bat sinatzeko eta eraikigarritasun haztatuaren %15 lagatzeko legezko betebeharrak nola bete zehazteko, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 27.2 artikuluan –Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2005 Legea indarrean sartu ondoren emandako idazketaren arabera– zehaztutakoarekin bat etorriz, bai eta uztailaren 3ko EAEko 123/2012 Dekretuan ezarritako hirigintza-estandarrak nola bete behar diren zehazteko ere.
Azpeitiko Udalak, bestalde, aparkaleku publiko bat egokitzeko interesa du, erdigunera sartu ahal izateko, barneko trafikoen fluxua handitu gabe. Eta, horretarako, 1.1. azpieremuak baldintza egokiak betetzen ditu: kokapen aldetik, Alde Zaharraren hegoaldeko ertzean dagoelako eta, sarbide aldetik, Harzubiako zubiaren ondotik Alde Zaharrera erraz sartzeko aukera ematen duelako.
Eraikin berrian sortuko diren aparkaleku pribatuen aldean aparteko antolaketa izango du zuzkiduretarako aparkaleku horrek. Sotoko lehen solairuan egokituko da aparkalekua, eta guztira 1.611,10 m2-ko azalera eraikia hartuko du. Aparkalekuaren azalera horrek 1. Lursaila osatzen du, eta, HAPBn adierazitako eraikuntza-faseen arabera, aurrenekoan gauzatuko dela aurreikusita dago.
Aparkaleku horren ezaugarri zehatzak eta Udalari zer baldintzatan emango zaion zehazteko premia kontuan hartuta, beharrezkoa da Hitzarmen hau izenpetzea.
Era berean, Udala aztertzen ari da erdigune horretan lokal bat eskuratzeko beharra, zerbitzu publikoen sarea osatu ahal izateko; izan ere, gaur egun nabarmena da gune egokien eskasia.

Hirugarrena.-
"Zinealdea, S.L." eta "Altuna y Uría, S.A." merkataritza-sozietateak, Altuna eta Uria taldean bilduak biak ala biak, eremuko lurzoru pribatuaren %74,48 eta %25,52ren jabekideak dira, hurrenez hurren. Erregistroan finka bakartzat hartzen da lurzoru hori, honako deskribapenarekin:
"HIRITARRA. Azpeitiko "ALDE ZAHARRA" HEko Bederatzi. Bi Egikaritze Unitate gisa zehaztutako partzela. Bi mila hirurehun eta hirurogeita hamar metro eta berrogei dezimetro karratuko orubea hartzen du partzelak. Hauek dira horren mugak: iparrera, Goiko kaleko bost zenbakiko etxea, kale hori bera eta Olatzeko Amaren plazatxoa; mendebaldera, kalea; ekialdera, Goiko kaleko bost zenbakiko etxea eta Plaza Nagusiko sei zenbakiko etxea; eta hegoaldera, Urola ibaia. Hauek dira partzela osatzen duten elementuak: a) ETXEA, 1. zenbakia, Buztinzuri (gaur egun Olatzeko Ama) plazatxoan kokatua. Etxeak beheko solairua, goiko bi solairu eta ganbara ditu, eta hiru area, laurogeita sei zentiarea eta bederatzi dezimetro karratuko hedadura hartzen du; hau da, hirurehun eta laurogeita sei metro eta bederatzi dezimetro karratu. Buztinzuri plazako 1. Zenbakiko etxetik bereizten da lursail hori; zati horrek hamahiru area, hirurogeita hamaika zentiarea eta laurogeita hamaika dezimetro karratu neurtzen ditu; zati horren gainean, etxe-txalet bat eraiki da Arzubia kalean, gaur egungo Olatzeko Amaren plazatxoan. Etxeak beheko solairua (biltegira bideratua), bi solairu eta teilatua ditu. Hormigoi armatuz eraikia dago eta jasota dagoen finkaz inguratuta dago. Eraikinak ehun eta berrogeita hamasei metroko orubea du. Garajea. Horren estalkia Buztinzuri plazako (gaur egun Olatzeko Amaren plazatxoa) 1. zenbakiko etxearen terraza da, Justo Alberdi jaunaren jabetzakoa, eta etxearen hegoalde-ekialdeko mugan dago. Txabola bat, Buztinzuri plazako edo gaur egungo Olatzeko Amaren plazatxoko 1. zenbakiko etxearen ekialdera kokatua, eta horri loturik c) Baratza bat, Santo Domingo edo Goiko kaleko bosgarren zenbakiko etxearena izan zena. Baratzak seiehun eta bi metro eta berrogeita lau dezimetro karratuko azalera du.
IV. Eranskin moduan gehitu da deskribatutako finkaren Erregistroko Ohar Soila.

Laugarrena.-
Adierazitako aurrekariak kontuan hartuta, aldeek, hitzarmen honen bidez, 1.1 Azpieremua exekutatzearen ondorioz zer hirigintza-betebehar dagozkien eta betebehar horiek nola beteko dituzten adostu dute, modu horretara, Udalaren helburuak bete ahal izateko; hau da, zuzkiduretarako lokal bat eskuratzeko eta alde zaharrari lehentasunez zerbitzu emango dion zuzkidura-aparkaleku publiko bat egokitzeko. Funtsezko puntu hauek daude hitzarmen honen oinarrian:
1. Aipatutako 1.1. Azpieremuan eraikitzekoa den eraikin berriko aparkalekuko honako zuzkidura hauek Udalari entregatzea: aparkalekuko sotoaren lehen solairu osoa (1.611,10 m2 (t) eta erdisotoko solairuan beste azalera estali bat (35 m2) sotoko solairuetako oinezkoen bi irteerak egin ahal izateko, hori guztia Hiri Antolamenduaren Plan Berezian jasotako okupazio eta eraikigarritasun aurreikuspenekin bat etorriz.
2. Derrigorrez laga beharreko hirigintzako eraikigarritasunaren %15ari dagokion konpentsazio ekonomikoa udalari ordaintzea. Zenbateko horren osotasunaren edo zati baten ordez, merkataritza-lokal baten azalera entrega dezakete sustatzaileek, hitzarmen honetan aurreratutako baldintzetan.
2. Aipatutako higiezinak eraikitzen hasteko eta Udalari entregatzeko epeak finkatzea.
3. Aipatutako 1.1. Azpieremua exekutatzearen ondorioz sortzen diren hirigintza-betebeharren edukia eta irismena zehaztea, adierazitako higiezinak entregatzeagatik Azpeitiko Udalak aldeei ordaindu beharreko konpentsazio ekonomikoa finkatzeko. Eta, orobat, eginbehar hori betetzeko baldintzak eta epeak ere adostea.
Adierazitakoarekin bat etorriz, aldeak adostasun batera iritsi dira; hain zuzen, adostasun hori da Hitzarmen honen oinarria eta honako puntu hauetan zehazten da:
KLAUSULAK
Lehena.- Xedea.
Hirigintza-hitzarmen honen xedea da Azpeitiko HAPOko "Alde Zaharra" 1. HEko 1.1. Azpieremuaren jabekide partikularrei dagozkien hirigintza-betebeharren edukia eta irismena eta hitzarmena betetzeko baldintzak zehaztea, kontuan hartuta Udalak interesa duela antolamendu orokorraren arabera azpieremu horretan baimendutako eraikin berriaren azpialdean zuzkiduretarako aparkaleku publiko bat eskuratzeko.

Bigarrena.- 1.1. Azpieremuan lurraren jabetza lagatzeko hirigintza-betebeharren edukia.
Hiri Antolamenduan 1.1. Azpieremurako finkatutako zehaztapenak aintzat hartuta eta dokumentu hau betetzeko baldintzak finkatzeko helburu soilarekin, hauek dira, EAEko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 25. artikuluan jasotakoaren arabera, udalari doan lagatzeko betebeharrak:
1.- 964,24 m2 (t) lagatzea, tokiko sistemen sareko zuzkiduretara eta ekipamenduetara bideratzeko (Hirigintza-estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuaren 6.1.b.2 art.).
2.- Eremurako zehaztutako eraikigarritasun haztatuaren hazkundearen %15 edo horren kantitate ekonomiko baliokidea lagatzea.
Udal Zerbitzu Teknikoek 2016ko ekainaren 7an emandako txostenarekin bat etorriz, 2/2006 Lurzoruaren Legearen Zazpigarren Xedapen Gehigarrian jasotakoa betez, hauxe da udal eraikigarritasunaren ordezko balioa: laurehun eta hamabost mila ehun eta laurogeita hiru euro eta hogeita hamabi zentimo (415.183,32 €). Txosten tekniko horren kopia gehitu da V eranskin gisa.
Hirugarrena.- 1.1. Azpieremuan lurzoruaren jabetza lagatzeko hirigintza-betebeharrak betetzea.
Aurreko klausulan jasotako lagatze indibidualizatuak betetze aldera, "Zinealdea S.L." eta "Altuna y Uría S.A." merkataritza-sozietateek, azpieremuko lurzoru gehienaren jabekideak diren aldetik, Arau Partikularrean zehaztutako hirigintza-kargez eta legez dagozkien gainerako guztiez gain, konpromiso hauek hartzen dituzte beren gain Azpeitiko Udalaren aurrean:
A) HAPBren 1. Lursaileko sotoan lehen solairu osoaren jabetza lagatzea, kargarik gabe eta zuzkidura-eraikigarritasunaren kargura; solairu horrek 1.611,10 m2(t)-ko sabai-azalera eraikia izango du eta gutxienez berrogeita hamaika (51) aparkaleku-plaza ireki egokitzeko edukiera. Lagapen horrekin batera erdisotoko solairuan beste azalera estali bat (35 m2) entregatu beharko zaio Udalari, sotoko solairuetarako aurreikusten diren oinezkoen bi irteerak egin ahal izateko.
Horrenbestez, eta kontuan hartuta entrega horiekin Azpeitiko Udalak berez dagokiona baino azalera eraiki gehiago jasoko duela zuzkiduretarako (zehazki, 367,03 m2 (t) gehiago), eta aurreko klausulan aipatzen den Udaleko Zerbitzu Teknikoek emandako balorazioarekin bat etorriz (hor jasotzen da udal eraikigarritasunaren ordezko balioa ere), honako hau da aldea: hirurehun eta hogeita bi mila bederatziehun eta laurogeita bi euro (322.982 €), BEZ gabe.

B) Laurehun eta hamabost mila ehun eta laurogeita hiru euro eta hogeita hamabi zentimo (415.183,32 €) ordaintzea, eraikigarritasun haztatuaren hazkundearen %15ari dagokion balioaren konpentsazio ekonomiko gisa, hirigintza-kargetatik libre.
Zenbateko hori oso-osorik edo partzialki ordezkatzeko (udal irizpideen arabera erabakiko da hori), HAPBren ondoriozko 1. eta 2. Lursailetan aurreikusitako eraikinen beheko solairuan merkataritza-lokal bat entrega dezakete sustatzaileek. Horretarako, erosteko prezio hau finkatu da lokalerako: 1.100 €/m2.

Udalak erabakitzen badu beheko solairuan lokal-azalerarik ez eskuratzea, legez %15 lagatzeko betebeharra aldi berean ordainduko da, eta ordainketa hori berariazko baldintza izango da esparruko lehen eraikinaren lehen okupaziorako lizentzia eskuratzeko.

C) Berdegune eta eremu libreen 405 m2 lagatzea; horietatik 52,81 m2 legezko estandarretik gorakoak dira eta zenbatuak izango dira 123/2012 Dekretuaren 6.1.b.2) artikuluan jasotako zuzkidura-erreserba betetzeko.

D) Goiko kalen ibilgailuen zirkulaziorako gutxieneko sekzioa izateko beharrezkoak diren azpieremuko kanpoko lurzoruak, behar bezala urbanizatuta, Udalari lagatzea, modu horretara gaur egungo bi zirkulazio-noranzkoak mantendu ahal izateko.

Laugarrena.- Lokalak entregatzeko eginbeharrak betetzeko bermeak.
Hirugarren klausulan zehaztutako garajeko solairua entregatzeko eginbeharra beteko dela bermatzeko, honako baldintza hauek zehaztu dira:

A) Birpartzelazio Proiektuan, lursailak zatitu ondoren sortutako 1. Partzelan partaidetza-kuota bat esleituko zaio Azpeitiko Udalari, hirigintza-kargarik gabe, jaso behar duen zuzkidura-azalera eraikiaren proportzio berekoa, HAPBan ezarritako nomenklaturarekin bat etorriz, eta zehaztapen hau aintzat hartuta: kuota horren arabera, udalak eskumena izango du honako hauen eraikigarritasuna gauzatzeko: sotoko lehen solairu osoa (1.611,10 m2(t) guztira) garaje erabilerarako, eta erdisotoko 35 m2(t)-ko azalera azpiko solairuko udal aparkalekuko oinezkoen irteerak egokitzeko.
B) Birpartzelazio Proiektuan jasotako berme juridiko-hipotekarioa osatzeko, eremuaren sustatzaileek, Birpartzelazio Proiektua behin betiko onartu eta hilabeteko epean gehienez ere, eta betiere 1097/1997 EDaren 6. artikuluan jasotako udal Ziurtagiria eman aurretik, banku-abal bat eman beharko diote Udalari, lehen errekerimenduan eman ere, kaudimen nahikoa duen finantza-erakunde batek jaulkia, 415.183,32 €-ko zenbatekoarekin. Udalak kitatzeko baimena ematen duen arte izango da indarrean abal hori, eta sustatzaileen betebeharrak –besteak beste, garajeko solairua bukatuta entregatzeko eta %15a ordaintzeko agiri honetan bere gain hartutakoak– beteko direla ziurtatzeko berme partziala izango da.

Horrez gain, jabetzak, esparru horretarako antolamendua gauzatzeko legez dagozkion bermeak hartu beharko ditu bere gain.

Bosgarrena.- Lokalak entregatzeko epeak eta baldintzak.
Hiri Antolamenduaren Plan Berezia eta Birpartzelazio Proiektua behin betiko onartu ondoren, merkataritza-sozietate sinatzaileek 1. eta 2. Partzelen gainean aurreikusitako eraikuntzaren Oinarrizko Proiektua aurkeztuko dute, eta hor jasoko dituzte lokalak egokitzeko egingo dituzten obrak. Lan horiek, beti ere, VI. Eranskinean zehaztutako eraikuntza- eta akabera-ezaugarriak izango dituzte. Hitzarmen honi atxiki zaio eranskin hori, aldeek behar bezala sinatuta.
Aurrekoaren osagarri, eta lokalaren erabilera ez mugatzeko xedearekin, lokala dagoen eraikineko komunitate-arauetan jasoko da eraikinaren estalkia eta aireztapeneko barneko patioak erabiltzeko eskubidea, lokalean egingo den jarduerarako instalazio osagarriak kokatu ahal izateko.
Lokalak, kargarik eta errentamendurik gabe, gehienez ere 33 hilabeteko epean utziko dira Azpeitiko Udalaren esku, eraikuntza-lizentzia ematen denetik zenbatzen hasita.
Obra berriaren eskrituran eta eraikin berriaren jabetza horizontalaren eraketan, sotoko solairu guztiei kuota bera esleituko zaie eta berariaz jasoko da zuzkidura publikoek ez dutela parte hartuko solairu pribatuei loturiko portal, eskailera eta igogailuen gastuetan. Era berean, eskritura horretan jasoko da sotoko solairu guztiek derrigorrez parte hartu behar dutela solairu guztietarako komuna den ibilgailuentzako aldapa mantentzeko, kontserbatzeko eta konpontzeko gastuetan.
Sotoetako udal solairuei zerbitzua emango dieten igogailu publikoen obrak direla eta, eremu pribatuetan inolako eraginik sortzen bada, beharrezko bide-zorrak zehaztuko dira, igogailuen funtzionaltasuna bermatzeko.
Beheko solairuko lokalak soilik Goiko kaletik izango du sarrera, eta, ondorioz, ez du parte hartuko portaletako, eskaileretako eta igogailuetako gastuetan.

Seigarrena.- Jabekide pribatuen betebeharrak.
Lortutako akordioei babes juridiko-urbanistikoa emateko, hitzarmen hau izenpetu duten merkataritza-sozietateek konpromisoa hartzen dute eginbehar hauek betetzeko:

A) "Alde Zaharra" 1. HEko 1.1. Azpieremuaren HAPBa zuzentzea, Hitzarmen honen edukira egokitzeko eta gehienez ere hilabeteko epean izapidetzeko, sinatzen denetik zenbatzen hasita. HAPBak zehaztuko du eremua hitzarmen-sistemaren bidez exekutatuko dela, eta hirigintza-obrak (edo eraikuntzako obra osagarriak) egiteko epeak ere zehaztuko ditu. Epe hori gehienez ere hogeita hamahiru (33) hilabetekoa izango da, obra horiek jasoko dituen proiektua behin betiko onartzen denetik.
B) Hitzarmen Batzordea eratzea, HAPB behin betiko onartzen denetik hilabeteko epean gehienez ere, eta Birpartzelazio Proiektua Udalean izapidetzeko aurkeztea, Hitzarmen Batzorde hori eratu eta bi hilabeteko epean. Batzordea eratzea ez balitz beharrezko, garapeneko plangintza behin betiko onartu eta hurrengo bi hilabeteetan aurkeztuko da Proiektua.
C) HAPBaren 1. eta 2. Partzeletarako Eraikuntza Lizentzia eskatzea (hor kokatuko dira beheko solairuko lokala eta etorkizuneko zuzkidura-aparkaleku publikoa), Birpartzelazio Proiektua behin betiko onartu eta gehienez ere hurrengo hiru (3) hilabeteko epean.
D) Aipatutako 1. eta 2. Partzeletan aurreikusitako bizitoki-eraikinak lehen aldiz erabiltzeko lizentzia eman aurretik bukatuta eta jasota izan beharko ditu Udalak azpieremuko hirigintza-obra guztiak, baita Goiko kaleko bide eta errepideak mantentzeko beharrezkoak diren kanpoko beste lanak ere, gehienez hiru urteko epean, hitzarmen hau sinatzen denetik zenbatzen hasita. Salbuespenez, Azpeitiko Udalak lehen bizitoki-eraikinaren okupaziorako baimena eman dezake, nahiz eta obrak jaso gabe izan, beti ere Udaleko Zerbitzu Teknikoen irizpideen arabera egiteko geratzen den zatiak ez badu gainditzen hirigintza-aurrekontuaren %25a eta Udalari banku-abal bat ematen bazaio, lehen errekerimenduan eman ere, ordaintzeko geratzen den zatiaren balioa %30 handituta, lan horiek behar bezala eta gehienez ere sei hilabeteko epean bukatuko direla bermatzeko.

Zazpigarrena.- Azpeitiko Udalaren betebeharrak.
Azpeitiko Udalak, hitzarmen hau betetzeko helburuarekin, honako konpromiso hauek hartzen ditu:
A) Dagozkion eskumenak baliatuz, "Alde Zaharra" 1 HEko 1.1. Azpieremuko Hiru Antolamenduaren Plan Berezia izapidetzea eta onartzea. Hitzarmen honetan adierazitako antolamendu xehatuaren zehaztapenak jasoko ditu plan berezi horrek.
B) Birpartzelazio Proiektua behin betiko onartzea. Ahal den neurrian, Birpartzelazio Proiektu horren aldez aurretiko izapidetzea eta HAPBaren izapidetze administratiboa biak aldi berean egin ahal izango dira.
C) Hirugarren A) klausulan zehaztutako soberako eraikuntzaren balioaren aldea ordaintzea, hau da, 322.982,12 € gehi dagokion BEZa, epe eta zenbateko hauen arabera:
%15, gehi zenbateko horri dagokion BEZa, salerosketako kontratu pribatua sinatzean. Eraikin berriaren eraikuntza-lanak hasi eta hilabeteko epean izenpetu beharko da kontratu hori.
Beste %15, gehi zenbateko horri dagokion BEZa, lehen ordainketa egin eta urtebeteko epean, betiere eraikin berriaren egitura amaituta baldin badago.
Gainerako %70, gehi dagokion BEZa, eskritura publikoa sinatzen denean, behin eraikina amaitu ondoren.

Udalak azken prezioaren kontura aurreratutako zenbatekoak, gehi dagokien BEZa, sustatzaileek abalatuko dituzte, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen Lehen Xedapen Gehigarrian zehaztutako moduan eta baldintzetan.

Zortzigarrena.- Gastuak.
Dokumentu honetan aipatutako beste batzuk alde batera utzi gabe, hitzarmena izenpetu duten merkataritza-sozietateen kontu eta kargura izango dira honako gastu hauek:
1. Lurpeko aparkalekuko hiru solairuetara sartzeko arrapalen eraikuntza-lanak, HAPBan aurreikusitako okupazio baldintzetan (arrapala horiek 1.1. Azpieremuaren barnean badaude ere, 1.1. A.D.-tik kanpo daude). Bestalde, sustatzaile pribatuek Goiko kalen ibilgailuen zirkulaziorako gutxieneko sekzioa izateko beharrezkoak diren lurzoruak lagako dizkiote Udalari, doan laga ere, behar bezala urbanizatuta eta HAPBaren A.1. planoan zehazten diren baldintzetan, modu horretara gaur egungo bi noranzkoak mantendu ahal izateko (hitzarmen honen VII. Eranskin gisa atxiki da aipatutako plano hori).
2. Sustatzaileek ezin badituzte esparruaren kanpoko hirigintza-lanak egiteko beharrezkoak diren lurrak hitzarmen hau sinatzen denetik sei hilabeteko epean eskuratu, Udalak eskumena izango du horretarako beharrezkoak diren gestioak egiteko, baina beti ere lurrak eskuratzeko eta eraldatzeko eginiko gastuak merkataritza-erakunde sinatzaileen kontura izango dira.
3. Hitzarmen honetan zehaztutako lokalak eskualdatzearen ondorioz sortutakoak, eta hor sartzen dira eskriturak emateko eta erregistroan inskribatzeko gastuak. Aldiz, Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) ez da sozietate horien kontura izango, Azpeitiko Udalaren kontura baizik.
4. Etorkizuneko eraikinaren sotoan egingo diren garaje guztien jarduera-lizentzia eskuratzeko sortutako gastuak.
Udalaren kontura izango dira gaur egun gainazaleko aparkaleku publiko libre moduan behin-behinean erabiltzeko egokitutako eremua (garai bateko Alberdi-enea orubea) mantentzeko egin beharreko gastuak, harik eta Hitzarmen Batzordeak edo jabe bakarrak eremu hori urbanizatzeko obrak formalki esleitzea erabakitzen duen arte. Baldintza hori betetzen ez den artean, Udalak doan okupatuko ditu lurzoru horiek.

Bederatzigarrena.- Ez betetzeak eta ondorioak.
Baldin eta merkataritza-sozietate sinatzaileek ez badituzte HAPB, Birpartzelazio Proiektua edo Eraikuntza Proiektua bosgarren klausulan finkatutako epean aurkezten izapidetze administratiborako, Hitzarmen hau bertan behera geratuko da eta Udalak ez du aurreko klausulan zehaztutako konpromisorik bete beharko.
Era berean, hitzarmena bertan behera uzteko arrazoi izango dira honako hauek ere: jabekideen edo hitzarmena betetzeko erantzukizuna duten entitate juridikoen kaudimen eza, lehiaketa-deklarazioa edo lehiaketa judiziala. Arrazoi horietakoren bat tartean bada, hitzarmena eraginik gabe geratuko da.

Hamargarrena.- Jabekideek beren gain hartutako eskubideen eta eginbeharren estatutu-izaera.
Agiri honetan ezarritako betebeharrek eta konpromisoek hitzarmenaren eraginpeko lursail guztien jabetzari eragiten diete, edozein dela ere lursail horien jabea. Horrenbestez, hitzarmen honetan parte hartzen duten lurzoruaren gaur egungo jabeek hitzarmen honen xede den hirigintza-eremuko lursailetako baten jabetza hirugarrenei eskualdatzen badie, erosleek berariaz hartu beharko dituzte beren gain agiri honetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak, eta horren berri emango diote aldez aurretik eta frogatzeko moduan Azpeitiko Udalari.
Baldin eta udalaz gaindiko administrazioek hartutako erabakien ondorioz "Alde Zaharra" 1 HEko 1.1. Azpieremuari dagozkion antolamendu xehatuko oinarrizko zehaztapenak, Plan Bereziaren espedientean jasotakoak, ez badira behin betiko onartzen, aldeek ez dute hitzarmen honen bidez beren gain hartutako betebeharrik bete beharko.
Erabaki edo ebazpen horien ondorioz hitzarmen honen arabera aldeek beren gain hartutako eskubide eta betebeharrak aldatzen badira, haien bidezko proportzionaltasuna berrezarriko da, Hitzarmen hau gauzatzeko aintzat hartutako parametro ekonomiko berberen arabera.

Hamaikagarrena.- Aplikatzeko araudia.
Hitzarmen honetan aurreikusi gabeko guztian, EAEko lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean eta Lurzoruari eta Hirigintza Birgaitzeari buruzko testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuan Hirigintza Hitzarmenei buruz zehaztutako araudia aplikatuko da.

Eta ados daudela erakusteko, aldeek hitzarmen honen bi/hiru ale sinatu dituzte, goiburuan ageri den tokian eta egunean.

 

Dokumentazioa

Txosten teknikoa

Baldintzak

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea