wrapper

Parekidetasuna sub

Azaroko ohiko udalbatzarra egin dute gaur, eta EH Bilduko nahiz EAJko zinegotzien adostasunarekin onartu dute indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko bigarren erakunde arteko protokoloa. Besteak beste, bi dokumentu biltzen ditu protokoloak: alde batetik, indarkeria matxista kasuetan emakumeen arreta hobetzeko erakundeen arteko (Azpeitiko Udala, Osakidetza eta Ertzaintza) koordinazioa nola egin zehazten duen dokumentua, eta, bestetik, udalak indarkeria matxista kasuen aurrean salaketa publikoa egiteko gauzatu beharreko jarduketei buruzko dokumentua.

Miren Arrieta Parekidetasun batzordeburuak azaldu duenez, “prozesu baten emaitza” izan da protokoloa. 2013n onartu zuten orain arte indarrean zegoena, eta ordutik legedian aldaketa ugari izan direla ikusita, berritzeko beharra ikusten zuen udalak. “Aldi berean, Udaltzaingoak ere bide bat hasi zuen indarkeria matxistaren arloan eskumen gehiago hartzeko, eta arlo honetan lanerako prestutasun handia zuenez, prozesua abian jartzeko momentu ona zela ikusi zen”. Protokoloa berritzeko prozesua barne prestakuntzarako ere erabili dutela esan du Artolak.

Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateari eta erakundeen arteko koordinazioari dagokionez, Azpeitiko protokoloaren bereizgarrietako bat da Udaltzaingoak beste herrietan hartzen ez dituen ardurak hartzen dituela bere gain. Adibidez, salaketa jartzeko aukera eskaintzen du, eta jarraipena ere berak egiten du. Berrikuntza gisa, erakundeen arteko koordinazio mahai bat sortu da, eta azaroaren 27an bilduko da lehen aldiz. Aurten, estreinakoz, hainbat udal zerbitzuren datuekin txosten bat ere egingo da, koordinazioa hobetu eta indarkeria matxistari aurre egiteko politikak hobetzeko.

Udalaren erabaki eta jarduketa publikoei dagokienez, berriz, udalak zein kasutan egin behar duen salaketa publikoa jasotzen du protokoloak, bai eta hori egiteko zer urrats egin behar dituen ere: nola kontrastatu informazioa, norekin koordinatu, nork hartu erabakiak eta zeren arabera egin edo ez egin salaketa publikoa.

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea