wrapper

Parekidetasuna sub

2012tik eskaintzen du Azpeitiko Emakumeen Txokoak hezkuntza eta sexualitate aholkularitza zerbitzua. Hasieratik, herritarren kezkak eta nahigabeak bideratzeko asmoa izan du, betiere genero ikuspegia kontutan hartuta. Ikasturte honetan, zerbitzua eraberrituta eta izen berriarekin dator: Lardaxka sexu, genero eta bikote aholkularitza izenpean hasiko da martxan.

Oro har, sexuaren, generoaren eta sexuen arteko harremanen inguruko ezinegonak, zalantzak eta zailtasunak argitzeko zerbitzua izango da. “Herritarrek beren sexualitateaz hausnartzeko eta kontsultak egiteko gunea eskaini nahi da, oraindik tabu asko daudelako identitate sexualaren, desiren orientazioaren eta bikote arteko problematiken inguruan”, esan du Miren Arrieta Parekidetasun batzordeburuak.

Ahalegin berezia egingo dute jendartean dagoen aniztasunari balioa emateko, eta, pertsona bakoitzaren berezko moduak eta berezitasunak abiapuntutzat hartuta, norbanakoaren nortasuna, desioak, beldurrak lantzeko aukera eskaini nahi da.

Malen Aldalur udaleko Berdintasun teknikariak eta Ione de la Cruz Emakume Txokoaren dinamizatzaileak jakitera eman dutenez, jendarteak markatutako sexu eta genero identitate zurrunen aurrean senti daitezkeen “jakin-min eta deserosotasunei” aurre egiteko eta genero estereotipoetan oinarritutako harremanak gainditzeko helburua du zerbitzuak. “Sexologian eta genero gaietan aditua den pertsona bat egongo da zerbitzu horren gidaritzapean, ikuspegi zientifiko-sexologikoan oinarritutako mezu eta informazioa eskaintzeko”. Zerbitzua profesionala, doakoa eta konfidentziala izango da.

Herriko eragile eta kolektiboekin ere egingo du lan, eta beste sail eta zerbitzuekin koordinatuta arituko da. “Tratu onetan eta indarkeria matxistarik gabeko herri bat osatzeko bidean, behar beharrezkoa da sexu identitate anitzak, LGBTI kolektiboaren beharrak eta elkarren arteko harremanak ere ikuspegi parekide batetik lantzea eta jorratzea. Horretan ere lan egingo du aholkularitza zerbitzuak”.

Askotariko gaiak lantzeko aukera

Ainhoa Airak emango du zerbitzua. Asteartetan eskainiko da, bi astean behin, Emakume Txokoan. Goiz eta arratsalde egongo da, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. “Herritar orori zuzenduta dago, eta banaka, bikotean zein kolektiboan etorri ahalko dira erabiltzaileak”, azaldu du Airak. Aurrez aurreko zerbitzua lehenetsiko da, baina telefono bidezko zerbitzuak ere emango da. Aurretik eskatu beharko da hitzordua Emakumeen Txokoan edo 943 15 70 55 eta 688 751 000 telefonoetara deituta.

Airak azaldu duenez, askotariko gaiak landuko dira, adibidez: bikote eztabaidak; sarketarekin izan ditzakegun zailtasunak; praktika erotiko desberdinak eta ohiko errutinatik irteteko aukerak; seme-alabak edukitzeko prozesuan edo erditze ondorengoan erotismoari eusteko bideak; sexu identitateari dagozkion zalantzak; desiraren orientazioaren inguruko zalantzak; jeloskortasunak eta elkar ez ulertzeak sortutako gatazkak; sexting, pornografia eta sare sozialen bitarteko gertakarien inguruko zalantzak; gorputzaren ezagutza; bizitzako etapa desberdinetan ematen diren aldaketa eta gogo berriei eman beharreko erantzunak...

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea