wrapper

Parekidetasuna sub

Azaroaren 25ean emakumeek indarkeria matxistarik gabeko bizitza askeak izateko duten eskubidea aldarrikatu nahi dugu, espazio publikoan zein pribatuan berdintasun-baldintzez gozatzeko, herritartasun osoari dagokien eskubideak bermatze aldera. Hitz batez, norberaren askatasun indibidual eta kolektiboaren garapena bermatzea eskatzen dugu.


Berdintasunezko erabilera hori murrizten duten mekanismo anitzen artean, sexu-indarkerian jarri nahi dugu fokua; izan ere, mundu osoko emakumeak eta neskatilak espazio publikoan sufritzen ari dira.


Emakumeen eta nesken aurkako sexu-indarkeria, indarkeria matxista normalizatuaren testuinguruan, helburu argia du, funtzio sozial zehatz bat: emakumeak kontrolatzea eta haien askatasuna murriztea, hain zuzen ere. Zehazki, jai- eta aisialdi-testuinguruetan gertatzen den sexu-indarkeriak emakumeen sexualitatea kontrolatzeko funtzio hori betetzen du. Era berean, baita haien nahia, gorputza, mugikortasuna, espazio publikoko okupazioa, gizarte-harremanak eta berdintasun baldintzetan gozatzeko eskubideak kontrolatzea ere.


Beraz, euskal politika publikoen eta administrazioen betebeharra eta helburua da eskura dituen estrategia eta mekanismo guztiak sustatzea, emakumeek eta neskek beren herritartasun osoa gauzatu ahal izateko gure hiri eta herrietako espazio fisikoan, eta horiek erabiltzea, berdintasun-baldintzak bermatuta.


Kontuan izan behar dugu erreklamatutako eskubidea ez dela segurtasunera mugatzen, baizik eta espazio batean bizitzeko sarbidera eta askatasunera zabaltzen dela; sozializatzeko, bere egiteko eta eraldatzeko, emakumeen eta nesken interesen, nahien eta beharren arabera.


Toki-administrazioei dagokie, beren politika publikoen eta hiri-plangintzaren bidez, espazio publikoak emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko leku lagunkoi bihurtzea.

 

Guzti honetan urratsak eman ahal izateko, Azpeitiko Udalak bere gain hartzen ditu konpromiso hauek:

1. Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jartzea, haien beharrak eta eskaerak entzun eta aintzat hartuta, babeserako, arretarako, erreparaziorako eta berriz ez gertatzeko bermerako eskubidea bermatuko duten politika berriak diseinatzeko. Honetarako, Indarkeria Matxistaren eremuan Erakundeen Arteko II. Protokoloa eraikiko da eta herritarrei baliabide hauen berri emango zaie.

2. Gazteen artean indarkeriaren prebentzioari laguntzeko programak indartzea, etorkizuneko indarkeria-egoerak eragozteko funtsezko tresnak diren aldetik. Hezkidetza programa garatzen jarraituko dugu herriko hezkuntza komunitate osoarekin elkarlanean.

3. Emakumeen ahalduntzea sustatuko da, eta horretarako Emakumeen Txokoa erreferentziako gune gisa indartzen jarraituko dugu, bertako zerbitzu eta baliabideak zabalduz eta sistematizazioan urratsak emanez. Honen adibide; aholkularitza juridikoa, jabekuntza eskola eta ahalduntze ekimenak izanik.
4. Sexu abusuak haurtzaroan indarkeria matxistaren inguruan sakontzea eta prebentzioan lan egitea. Horretarako jardunaldi zehatzak sortuz.

5. Azpeitiko Udaletik sustatzen diren berdintasun-programak egonkortu eta indartzea.

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea