wrapper

Aho batez onartu zituzten gai ordenago bi puntu: alde batetik, behin betiko onarpena eman zioten Azpeitiko HAPOren lehenengo aldaketa puntualari (Garmendialde 2 HE-ko 2.2. Perdillegi azpieremuari eta San Martin 2.3 JZ-ri); bestetik, Gizarte Zerbitzuak alorreko kontratazio espedientea ere guztien oniritziarekin onartu zuten.

Azpeitiko Udalaren 2023-2025 Dirulaguntzen Plan Estrategikoa eguneratzeari zegokion puntuan, berriz, abstenitu egin ziren EAJko ordezkariak, “Biolurrentzako dirulaguntzarekin ez gaudelako guztiz ados”. Nerea Alday zinegotziareren esanetan, lehen sektorea eta nekazaritza ekologikoa bultzatzearen “guztiz aldekoak” dira, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak dagoeneko badu lur-banku bat nekazarientzat erabilgarri. “Uste dugu horrelako ekimenek esfortzuak sakabanatu bakarrik egiten dituztela”. Leire Goenaga EH Bilduko zinegotziak erantzun zion nekazaritzak “proiektu denak eta gehiago” behar dituela datorren errelebo faltari aurre egiteko.

Galdera eta erreguen tartean, sansebastianetan egindako pintaketen inguruan galdetu zioten udal gobernuari EAJko zinegotziek. “Jakin nahi dugu horren inguruko hausnarketarik egin duzuen, zer ondorio atera dituzuen, publikoki salatzen dituzuen eta horrelakoak saihesteko zer neurri hartuko dituzuen”. EH Bilduko zinegotziek erantzun zieten lehenbailehen kendu ohi direla pintaketak, eta EAJkoek jada gaia hainbat batzordetan atera duten arren, “tokatzen den batzordean” lantzeko arazorik ez dutela.