wrapper

Guraso eskolak, aitatasun tailerra eta gazteentzako autoestimua lantzeko tailerra. Hiru tailer antolatu ditu Azpeitiko Udalak; xede-talde edo publiko jakin bat du bakoitzak; datak ere ezberdinak izango dira. Hala ere, badute helburu komun bat hirurek: ezagutzaren bidez eta egoera jakin batzuk kudeatzeko tresnak barneratzen lagunduz, norbere garapen pertsonalean sakontzea, izan guraso edo gazte.

Leire Sarasua Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez, tailer hauen bidez herritarrei baliabideak eman nahi dizkie udalak, egunerokoan izan ditzaketen hainbat egoerari aurre egiteko prestatuago egon daitezen. Eskaintza osatzerakoan, udalak eta herriko beste zenbait eragilek ikusitako beharrak hartu dituztela kontuan nabarmendu du zinegotziak. “Herriko komunitate desberdinetan dauden kezkei eta bizi dugun errealitatean sortzen diren behar berriei erantzun nahi diegu. Aldi berean, gurasoek nahiz nerabeek elkar elikatzeko eta beren bizipenak partekatzeko uneak sortzea nahi dugu”.

Guraso eskoletan, adibidez, era guztietako gaiak landuko dira: hasi haur txikienen gurasoek izaten dituzten zalantzetatik eta gero eta kezka handiagoa eragiten duen pantailen erabilpeneraino.

Guraso, tutore edo haurren ardura duten guztientzat bideratuta daude guraso eskolak. Alabaina, iaz bezala, aitentzat bakarrik prestatutako beste tailer bat ere antolatu du udalak. “Aitatasuna, zaintza, kudeaketa emozionala eta harremanak landuko dituzte aitek saio horietan”, esan du Sarasuak.

Gazteen autoestimua lantzen

Herritarren ongizate emozionala zaintzea lehentasunetako bat da Azpeitiko Udalarentzat; tartean, gazteen ongizate emozionalari ere heldu nahi dio. Horregatik, guraso eskolako hitzaldietako bat nerabeen buru osasunari buruzkoa izango da, baina, horrez gain, gazteei beraiei bideratutako lau saioko tailer bat ere egingo da. “Iaz, lanketa handi bat egin genuen nerabeen eta gazteen ongizate emozionalean, eta aurten ere arlo horretan sakontzen jarraituko dugu. Izan ere, horretarako beharra ikusi dute gazteen bueltan lan egiten duten eragileek”.

 

GURASO ESKOLAK (kartela)

Non: Azoka Plazako aretoan
Ordua: 18:00etan
Itzulpen-zerbitzua egongo da Telegram bidez. Bakoitzak bere mugikorrean izan beharko du instalatuta aplikazioa.

• Urtarrilak 25, osteguna. Gure seme-alabak eta pantailen eragina

EDUKIA: pantailen erabilpenaren eragina heldu eta haurren arteko harremanetan, horren arriskuak eta kalteak. Zer gerta daiteke, pantailen erabilpenak haurren eta helduen arteko harremana ordezkatuko balu?

Norentzat: 0-6 urte guraso, tutore eta arduradunentzat
Hizlaria: Alvaro Beñaran Aranzabal

 • Otsailak 6, asteartea. Nerabeen garrasia. Osasun mentala aldaketa garaian

Norentzat: Haur eta nerabeen guraso, tutore eta arduradunentzat
Hizlariak: Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabal

 • Otsailak 15, osteguna. Oinarri Sendoak 0-3 urteetan

Norentzat: Haurren guraso, tutore eta arduradunentzat
Hizlaria: Nerea Mendizabal
Treba Gurasoak. Foru Aldundiaren laguntzaz

 • Martxoak 6, asteazkena. Arauak eta mugak. Nola ezarri era asertibo batean

Norentzat: Haur eta nerabeen guraso, tutore eta arduradunentzat
Hizlaria: Leyre Cano
Treba Gurasoak. Foru Aldundiaren laguntzaz

 AITATASUN TAILERRAK (kartela)

Datak: otsailak 5, otsailak 19, martxoak 4 eta martxoak 18
Ordutegia: 18:00-20:00
Non: Basazabal jauregian
Dinamitzailea: Mikel Arakis (On:Giz/Ez:berdin elkarteko kidea)

Landuko diren gaiak: aitatasuna, zaintza, kudeaketa emozionala eta harremanak.

Izena emateko lotura

GURE AUTOESTIMUA HOBETZEKO TAILERRAK (gazteentzat)

Datak: otsailak 16, martxoak 15, apirilak 26, maiatzak 24 eta ekainak 7.
Ordutegia: 16:30-18:00
Non: Basazabal jauregian
Norentzat: DBH4, batxiler 1, batxiler 2 eta Lanbide Heziketako ikasle eta gazteentzat.
Dinamizatzailea: Saioa Garmendia
Izena emateko lotura