wrapper

Emakumeen Txokoak eta Parekidetasun Sailak elkarlanean prestatu dute ikasturte honetako bigarren lauhilekoko Jabetze Eskolen eskaintza. Ekainera bitartean, askotariko ikastaro, prestakuntza eta ekimenak eskainiko dira. Emakumeen Txokoak ordutegi zabalagoa izango du aurrerantzean.

Jabetze Eskolen helburua da herriko emakumeen bizitzak hobetzea, ahalduntzea oinarri duten prestakuntza saioen bidez. Horretaz gain, emakumeen arteko sareak sortzen eta elkar ezagutzeko espazio seguruak eta atseginak eraikitzen laguntzen dute, kolektibotik ere eragin ahal izateko.

Zazpi tailer izango dira uda bitartean: Xaboigintza komunitarioa, Ez! Limiteak jartzearen plazera, Eskalada Hastapenak, Eskalada 2.0, Baratze ikastaroa, Batukada Feminista eta Ziklo menstruala ezagutzen. Bizitzako hainbat arlo landuz, emakumeen ahalduntzea bermatu, eta tresnak eskaini nahi dira. Horiez gain, askotariko sentsibilizaziorako ekimen eta ekintzak izango dira: hitzaldiak, ibilaldiak, film laburren emanaldiak eta abar.

Hainbat berrikuntza

Urte berriarekin batera, Emakumeen Txokoa indartzeko apustua ere egin da. Hemendik aurrera, arreta zerbitzua astelehenetik ostegunera 09:00etatik 19:00etara egongo da irekita; ostiraletan, berriz, 09:00etatik 13:00etara.

Beste berrikuntza bat ere izango da: martxoaren 3an egingo den Lilatoira Azpeititik taldean joateko proposamena. Horretarako, urtarrilaren 31 bitartean izena eman beharko da, Emakumeen Txokora joanda. Modu horretan, kamisetak eta dortsalak herrian bertan jasotzeko aukera izango da. Lilatoiaren egunean Azpeitiko Udalak autobus zerbitzua eskainiko du Donostiara joateko.

Lehen aldiz, gizonentzako tailer ez mistoa ere antolatuko da: Gizontasuna desmuntatzen: indarkeriatik aukera feministetara tailerra. Gizonek berdintasunarekiko eta feminismoarekiko pausuak emateko saio teoriko-praktikoa izango da. Aipagarria da ekainaren 28aren bueltan egingo den LGTBI+ astea ere. Parekidetasun Sailak martxan duen Azpeitiko LGTBI+ kolektiboaren diagnostiko eta ekintza planaren prozesuarekin bat eginda, hura indartzeko asmoz egingo da. Hau da, LGTBI+ politiketan sakontzen hasteko lehen urratsa izango da, eta gaiari behar bezala heltzeko bideak irekiko ditu.

Izen ematea, martxan

Hainbat ikastaro iraunkor mantendu egingo dira, eta bestelako parte hartze taldeak sortuko dira. Besteak beste, Irakurle talde feminista eta Empalabramiento taldeek jarraitu egingo dute beren jarduerarekin. Udal Euskaltegiarekin elkarlanean, Noka Hikastaroa ere izango da. Ikastaro hori mistoa izango da eta emakume zein gizonak arituko dira noka praktikatzen eta ezagutzen.

Gaur irekiko da Jabetze Eskoletan izena emateko epea eta otsailaren 2ra arte iraungo du. Ikastaro gehienetarako izen ematea epe horretan izango bada ere, ikastaro eta ekimen batzuek zehaztuta dituzte beraien epeak (adibidez, aurrez aipatutako Lilatoiak).

Plangintza osoaren nondik norakoak ezagutu eta Emakumeen Txokoko bestelako zerbitzuak ezagutzeko, hemen duzue informazio guztia jasotzen duen eskuorria.