wrapper

Urtarrileko ohiko udalbatzarra izan zen atzo, eta, besteak beste, Buruzai proiektuaren inguruan Sañu Bizirik taldeak aurkeztutako mozioa izan zuten hizpide.

Mozioko testuan, taldeko kideek esan zuten martxoaren 7ko udalbatzarrean Azpeitiko Udalak proiektu horren kontrako jarrera agertu zuela, eta galdera bat egin zioten udalari: “Zein neurriren bidez gauzatu behar du udalak Buruzai proiektuaren aurka adierazitako jarrera?”. Nagore Alkorta alkateak hartu zuen hitza, eta martxoaren 7ko udalbatzarrean onartutako mozioko testu hura ekarri zuen gogora.

      “Buruzai izenez ezagutzera eman den egitasmoaren sustatzaile den Capital Energy enpresak ezezkoa eman dio eraiki nahi duen balizko energia sorkuntzarako intsalazioa herri entitateen eskuetara  bideratzeko aukerari. Gauzak horrela, aipatu proiektua enpresa energetikoekiko daukagun menpekotasuna beste 30 urtez luzatzera dator. Eragin negatiboa herriarentzat geldituko den bitartean, inbertsio      enpresek eramango dituzte etekin ekonomiko ikaragarriak. Ez da gure herriarentzat nahi dugun eredua eta ez da Azpeitiak behar duen eredua. Ez dio azpeitiarren beharrei erantzuten eta ondorioz Azpeitiko Udalak kontrako jarrera agertu nahi du”.

“Hauxe da martxoaren 7an onartu genuena eta berresten duguna”, zehaztu zuen Alkortak. Horren ostean, mozioren bidez egindako galderari erantzun zion. “Zuek ondo dakizuen bezala, alegazioak aurkeztuko ditugu. Jakitun zarete proiektu honek eragindako lau herrietako alkateak [Azpeitia, Azkoitia, Zumarraga eta Ezkio] juntatu garela alegazio komun batzuk aurkezteko”.

Nabarmendu zuen Buruzai proiektua jendaurrean aurkezteko fasean dagoela asteotan. "Martxoaren 7an onartu genuen mozioan udala posizionatu egin zen Buruzai proiektuaren inguruan. Momentu hartan, posizionatzea bakarrik zegokigun, aktuatzeko bide handirik ez genuen. Orain, informazio publikoko epean gaudenez, aktuatzeko bideak badauzkagu, eta bide horietako bat da alegazioak aurkeztea. Beraz, momentu honetan prozedura administratiboan gure esku dagoena egiten ari gara”.

Javier Altuna EAJren bozeramaileak, berriz, beti egon direla "energia berriztagarrien alde" esan zuen. "Gauza bera esango dugu proiektua Sañu bada edo Buruzai baldin bada, afekzioak batean edo bestean antzekoak izango baitira. Berotegi efektua murrizteko, berdin da Sañun edo Buruzain ekoizten den, energia berriztagarria ekoizten bada". Hala ere, zehaztu zuen Statkraften eredua "pixka bat erakargarriagoa" egiten zaiela. "Proiektu hauek tramitazio luze eta zaila daukate. Txosten guztiak pasatzen baditu, aztertuko dugu; bitartean, neurri zuzentzaileak jartzea ondo iruditzen zaigu".

Jarraian, udalbatzarrera joandako herritarren beste hainbat galderari ere erantzun zien Nagore Alkorta alkateak, eta esan zuen hala eskatu duten herritarrei informazioa eman zaiela eta horretan jarraituko duela aurrerantzean ere udalak. Ondoren, udalbatzarreko gainerako puntuak landu zituzten; besteak beste, aho batez onartu zituzten etxez etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako hitzarmena eta Buztinzuriko Errebalean eraiki diren udal-etxebizitza tasatuen behin betiko kalifikazioa.