wrapper

Jantzi berriekin iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar errege magoak, aurten, Azpeitira. Horrez gain, karroza dotore berri banaren gainean egingo dute kalez kaleko ibilbidea.

Karroza berriek ilusioa eta fantasia transmititzen dituzte, abstrakzioaren bitartez. Geometria bereziko diseinuak dituzte, eta imajina dezakegun edozer izateko aukera ematen diete hiru egiturei. Karrozako eta jantzietako elementu guztiek errege mago bakoitzaren jakintzarekin dute lotura, hala nola astrologiarekin, alkimiarekin eta botanikarekin.

Zafiro kolorea izango da Meltxor astrologoaren bereizgarria, eta haren karrozako zirkunferentziek urrea irudikatuko dute. Esmeralda koloredun egituran, Gaspar joango da, alkimista, intsentsuarekin; hiruki formadun erliebeek apainduko dute haren karroza. Baltasar botanikaria, berriz, rubi koloreduna izango da, eta mirra irudikatuko duten motiboak izango ditu haren egitura mugikorrak.

Hain zuzen ere, zura, material islatzaileen disdira eta argia izango dira protagonista origami itxurako formetan, eta erregeei dagokien dotorezia emango diete. Jantziek ere karrozen koloreen hari bera jarraituko dute, multzo bakoitzari osotasuna emanez.

Ibilbidea

Lehenik eta behin, Lasaora iritsiko dira erregeak, 16:30 inguruan, eta, hango umeak agurtu ostean, txutxu trena hartuko dute. 17:15 aldera iritsiko dira parrokiara, eta han egingo diete lehen harrera herriko umeek.

Atsedenaldi labur baten ostean, 19:00etan hasiko da kabalkada, igerileku aurretik. Ohi bezala, ibilbide guztian zehar, herriko gaztetxoak izango dituzte lagun Errege Magoek. 20:00ak inguruan, plaza nagusira iritsiko dira guztiak, eta udaletxeko balkoira igoko dira Errege Magoak, herriko haur eta gaztetxo guztiak agurtzeko eta hitz batzuk esateko.

Karameloak, parrokian eta plazan

Aurreko urteetan, Errege Magoek botatako karameloak jasotzeko ahaleginetan, hainbat arrisku egoera sortu izan dira ibilbidean. Haurren segurtasuna bermatu eta arrisku egoera horiek saihestu asmoz, kabalkadaren antolakuntzan parte hartzen duten eragileek erabaki dute Errege Magoek geldirik dauden guneetan botako dituztela karameloak aurten, hau da, Azpeitira iristen direnean, parrokian, eta kabalkadaren amaieran, plazan elkartzen direnean.

Bezperan, urtarrilaren 4an, Errege Magoen laguntzaileak udaletxeko arkupetan egongo dira, 17:30etik aurrera, haurren eskutitzak jasotzen. Ohi bezala, karameloak emango dizkiete eskutitzak ematera joaten zaizkien umeei.

Aldaketak trafikoan

Era berean, segurtasunagatik, Sanjuandegiko errepidea itxita egongo da 18:00etatik kabalkada amaitu arte, epaitegi aurretik hasi, eta kanpoko igerilekua amaitzen den ingururaino.

Ondorioz, Sanjuandegiko autobus geltokiak bertan behera geratuko dira, eta, haien ordez, Esklaben aurrean aldi baterako jarri ziren geltokiak erabiliko dira.

Anbulatorio aurreko geltokiak ohi bezala funtzionatuko du.