wrapper

Azoka plazan egoten diren baserritarren eskaerari erantzunez, Santo Tomas Egunean, udazkeneko azoka berezia indartu egingo du aurten Azpeitiko Udalak. Horretarako, hainbat jarduera egingo dituzte haurrekin.

Gaur aurkeztu dute egun horretarako egitaraua Mikel Odriozola Festa batzordeburuak, Ander Larrañaga Ekonomia batzordeburuak, Sakona baserriko Aiora Etxeberriak eta Ibarbi elkarteko Joxean Labakak.

“Azoka plazan egoten garen baserritarrok ikusten genuen azoka bera garrantzia galtzen ari zela Santo Tomas egun horretan. Pena ematen zigun halako egun batean jendeak azoka eta festa banatzeak”, esan du Etxeberriak. Kontatu du jabetzen direla jendearentzat ez dela erosketa egun bat. “Baina asteartetan edo ostiraletan plazan egoten garen baserritarrok egun horretan ere etortzen gara, eta udazkeneko azoka berezi horri bere pisua eman behar zitzaiola ikusten genuen”.

Jendea azoka plazara erakartze aldera, umeei letxugak banatuko dizkiete saltzaileek, gero etxean landa ditzaten. Horrez gain, errezil sagarrarekin egindako izozkiak banatuko dituzte. Ibarbi elkarteko Labakak azaldu duenez, berrehun lagun ingururentzat ekarriko dituzte izozkiak. “Sagar zukuarekin egiten da izozkia, eta jendeari asko gustatzen zaio”.

kartela santotomasak 2023

 

Horiez gain, egun osorako egitaraua izango da Santo Tomas egunean. Ohi bezala, herritarrei baserritarrez jazteko eskatu die udalak.

Indarkeria Matxistarik gabeko gunea ere egongo da plaza txikian, 20:00etatik 22:00etara.