wrapper

Herritarren beharrei erantzun ahal izateko, 24,2 milioi euroko aurrekontua izango du Azpeitiko Udalak 2024an, aurten baino %6 handiagoa; hau da, dirutan ia 1,4 milioi euro handiagoa. Aurrekontu bateratuta, Euskara Patronatua, Kirol Patronatua eta Azpeitia Berritzen kontuan hartzen dituena, 26,6 milioi eurokoa izango da.

Atzo, abenduak 12, abenduko ohiko udalbatzarrean onartu zituzten datorren urterako aurrekontuak, EH Bilduko zinegotzien aldeko botoarekin eta EAJkoen abstentzioarekin.

Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga Ogasuneko batzordeburuak gaur eman dituzte xehetasunak. Alkortak azaldu duenez, aurrekontuaren igoera batik bat bi arrazoik eragin dute: alde batetik, foru funtsetik ia 13,4 milioi euro jasoko ditu udalak, aurten baino %6,79 gehiago; bestetik, 2024rako onartutako ordenantza fiskalei esker ere sarrerak handituko zaizkio udalari, tasak, zergak eta prezio publikoak %3 igoko baitira.

Ziurgabetasun handiko garaiak direla esan du, baina aurreko urteetan egindako “kudeaketa egokiari” esker, egoera ekonomiko “onean” dagoela udala.

Agintaldiko lehen aurrekontuak dira atzo onartutakoak. Alkateak azaldu duenez, “herri duinagoa, aktiboagoa, iraunkorragoa, bizigarriagoa eta errotuagoa” lortzea da helburua, eta horri begira prestatu dituzte aurrekontuak. “Bai edukian, bai aurrekontuak osatzeko moduan, gure izaerarekin bat egiten dute”. Azaldu du herritarren ekarpenak eta azken asteotan egindako bileretan udaleko teknikariek, udaleko batzordeek eta herriko eragileek egindako ekarpenak jasota osatu dituztela.

 

1kaptura

 

Xehetasunetan sartuta, Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak honako hauek nabarmendu ditu: Gizarte Zerbitzuen Sailak izango duen gorakada, udalak sustapen ekonomikoan eta trantsizio energetikoan egingo duen ahalegina eta herritar guztiek azpiegitura eta zerbitzu egokiak jasotzeko egingo diren inbertsioak. 

  • Gizarte Zerbitzuak eta Parekidetasuna:

Igoerarik handiena izango duen saila izango da, %14koa.

• 18 urtetik gorakoentzat, psikologo zerbitzua jarri du martxan aurten udalak, eta zerbitzu horrek jarraitu egingo du hurrengo urtean ere. Horrez gain, nerabe zein gurasoentzako orientazio zerbitzu bat jarriko dute Gaztelekuan.
• Etxez etxeko laguntzara (egunekoa, gaueko eta integrala) diru gehiago bideratzea aurreikusten da, gizartea zahartzen ari denez, erabiltzaile kopurua handitzen ari delako. 800.000 euro bideratuko ditu udalak arlo horretara. 
• Adinekoentzako Elizkaleko etxebizitza tutelatuak urte hasieran jarriko dira martxan. 12 etxe dira.
• Hainbat prestazio eskaintzen jarraituko du udalak (gizarte larrialdietarako laguntzak eta udal laguntzak)
• Harrera protokoloa eguneratu eta herriko harrera plan integral bat egiteko proiektuari ekingo zaio.

  • Tokiko ekonomia garapena eta trantsizio ekologikoa

• Iraurgi Berritzeni 414.000 euroko ekarpena egingo dio udalak, eta 400.000 euro bideratuko ditu sustapen ekonomikoko laguntzetara.
• Lehen sektorean, azoka plaza “erreferente” bihurtu dela esan du Goenagak, eta hura indartzen jarraitzeko asmoa agertu du.
• Trantsizio ekologikoari dagokionez, Energia Plana izango da udalaren “bide-orria”. “Oinarri sendoak ari gara jartzen, Ekindar bezalako komunitate energetikoekin, eraikin publikoetan eguzki plakak jarriz…”.
• Irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa hobetzeko, 200.000 euro jarriko dira herritarrentzako laguntzetan. Aurten, arrakasta handia izan dute laguntza horiek.

  • Guztiontzako azpiegiturak eta inbertsioak:

Zerbitzu orokorretan %11ko igoera egongo da. Kaleko garbiketa, kaleen mantenua, eraikin publikoen garbiketa, lorazaintza eta abar sartzen dira sail horretan. Udal langileriaren aurrekontuak ere %5,5eko igoera izango du, besteak beste, soldatak %2,5 igoko zaizkielako langileei eta zerbitzu berriak emateko langile gehiago kontratatuko direlako. Goenagak nabarmendu du inbertsio horiek ezinbestekoak direla kalitatezko zerbitzu publikoak eskaini ahal izateko.

Azpiegituretan ere hainbat inbertsio aurreikusi ditu udalak datorren urterako. Esanguratsuenetako batzuk hauek dira:

• Urrestilla urbanizatzeko proiektua faseka egingo da, eta 250.000 jarriko dira 2024an.
• Herriko ekipamentuetarako 150.000 euro jarriko dira. Besteak beste, hiru haur parke guztiz berrituko dira.
• Karmelo Etxegaraiko eraikinetan inbertsioak egiten jarraituko du udalak. Euskalerria auzoko eraikineko barruko lurra eta Perdillegoko patioa eraberrituko ditu.
• Kirol instalazioetan hainbat proiektu egiteko lanak enkargatuta ditu(adibidez, igerilekuko irisgarritasuna hobetzeko eta Garmendipeko eremurako). 2024an padel eta teniseko pistak estaliko ditu.
• Udal eraikinetan ere beharrezko hobekuntza eta inbertsioak egingo dira.
• Landa lurren mugak digitalizatzeko proiektuari jarraituko zaio.
• Obretako txosten eta proiektuak egiteko partida igo du udalak, efizientziarekin, energiarekin eta aerotermiarekin loturiko proiektu eta azterlanak egiteko.