wrapper

Ikasturte honetan, Azpeitiko ikastetxeek 21 urte beteko dituzte jasangarritasunaren bidean. Izan ere, 2003 urtean ekin zioten Eskolako Agenda proiektua lantzeari.

2022-2023 ikasturtean, metodologia berria ezartzen hasi zen EA2030 egitasmoan. Hori dela eta, programaren egituraren baitan aldaketa nabariak eman dira. Orain arte, programaren iraupena ikasturte batekoa zen, eta urtero, diagnosia egin ostean, alkateari hainbat eskaera zuzentzen zizkioten; metodologia berriarekin, aldiz, programaren iraupena bi urtera luzatuko da: lehen ikasturtea diagnosia eta eskuhartze planaren diseinua egiteko, eta, bigarrena, eskuhartze plana martxan jartzeko.

Esku-hartze plana

Iazko ikasturtean Energia, bizitzaren motorra gaia jorratu zen. Ikasleek egindako herri diagnostikoa eta Eskolarteko Foroan adostutakoa kontuan izanda, esku-hartze planean gauzatu nahi ziren ondorengo bost proposamenak aurkeztu zituzten Udal Foroan:

1. Udal igerilekuan energiaren kontsumoa murrizteko eta berriztagarriak sustatzeko udalak hartu dituen neurriak herritarrekin partekatzeko informazio-sentsibilizazio kanpaina diseinatzea eta gauzatzea. Kanpaina honen helburu nagusia da herritarrek ere igerilekuan energia arduraz erabiltzea.
2. Argirik gabeko jolasak antolatzea. Ikastetxe guztien artean partekatu eta egiteko.
3. Herriko puntu beltzen eta gehiegi argiztatutakoen mapa egitea, ondoren neurriak hartzeko
4. Mugikortasun Astea antolatzea.
5. Ikastetxean, teilatuan, plaka fotovoltaikoak jartzeak zer abantaila dituen eta nola funtzionatzen duten informatzeko aurkezpenak antolatzea.

2023-2024 ikasturtean, ikastetxe guztien artean 1. proposamena aurrera eramatea erabaki zuten irailaren 21ean irakasleekin egindako bileran. Azaroaren 16an, Ikasleen Lehen Foroan, informazio-sentsibilizazio kanpaina nola egin adostu zuten:

• LHko ikasleek, infografiak egingo dituzte, QR bidez informazioa zabaltzeko eraikin publikoetan (udaletxea, liburutegia, auzitegia, polikiroldegia…). Infografia hauek udalak azken urteetan igerilekuko energiaren kontsumoa murrizteko hartutako neurriei buruz izango dira.
• DBHkoek, berriz, bideo bat sortuko dute hiru ikastetxeen artean, eta, ondoren, komunikabideetara zabalduko dute (Uztarria, Hitza, Erlo telebista…). Bideoa Soreasun proiektatu daiteke eta herritarrak gonbidatu.

Ikasleek udalaren laguntza izango dute ekintza plana gauzatzeko. Honen garapena Ekoetxeako talde pedagogikoak koordinatuko du.