wrapper

2003tik, emakumeon aurkako indarkeria matxistari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 121 emakume eta 12 haur erail dituzte Euskal Herrian, eta, aurtengo azaroaren 25ean, bereziki gogoan hartu nahi ditugu haiek guztiak. Urteak daramatzagu indarkeriari maskara kentzen, sistema patriarkal sendo baten ondorio baita, eta, Azpeitia ere ez baitago hartatik salbu. Horren adierazgarri da, 2023. urtean, momentuz, 16 kasu artatu direla Gizarte Zerbitzuetan indarkeria matxistagatik.

Aurten, bereziki aipatu nahi dugu haurren aurkako sexu-erasoen aurrean genero-ikuspegia duen kalitatezko sexu-hezkuntza izateak duen garrantzia. Ildo horretan, euskal erakundeek eskura dituzten estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar dituzte, emakumeek eta neskek bizitza-garapen osoa izan dezaten, askatasun-eta segurtasun -baldintzetan. Hain zuzen ere, beraien desirak, afektuak eta sexu-portaerak derrigortasunik eta indarkeriarik gabe adieraz ditzaten, genero-estereotipoak eta genero-aginduak alde batera utzita.

Azaroak 25 hau, beraz, indarkeria matxistaren alderdi ugariak identifikatzen jarraitzeko eguna izango da, jendartean normalizatuen dauden sotilenetatik hasita: ukitzeak; ahozko lizunkeriak; mezu eta adierazpen sexistak; janzkera, jendarte-sareen erabilera edo lagunartea kontrolatzea; eremu publikoa (eskolako patioak, jolastokiak, parkeak) askatasunez okupatzeko zailtasunak; edo emakume eta gizonen arteko berdintasunari zuzenean eraso egiten dieten administrazio-erabakiak. Plano gogorrago batean, sexu-erasoak eta eraso fisikoak daude; eta, esparrurik bortitzenean, erailketak.

Gutariko bakoitzari dagokigu egoera hori aldatzea, eguneroko zereginetatik hasiz, gure inguru hurbilenean jardunez. Eta gure kasuan, udaletik jardunez, horretarako beharrezkoak diren baliabide tekniko, ekonomiko eta politikoak aktibatuz, Parekidetasun sailak sustatuz eta haiei laguntza eskainiz, udal sailen arteko koordinazioa hobetuz, parte hartzeko guneak sustatuz (Emakumeen Txokoa, ahalduntze-eskolak, jai parekideak eta abar). Bestalde, indarkeria matxista gertakarietako funtzionamendu protokoloek erabiltzen dituzten mekanismo guztiak egokiak izatea bermatuko du udalak, beti ere, indarkeria mota honi aurre egiten dioten emakumeen ahalduntzea helburu duen ikuspuntu batetik.

Eta horregatik:

• Kontzientziazio-, sentsibilizazio-, prestakuntza- eta erreparazio-lana sustatzen jarraituko dugu, indarkeria matxistak desagerrarazteko bidean aurrera egiteko.
• Emakumeen Munduko Martxak bultzatutako indarkeria matxistaren aurreko erantzun-protokoloa gure egiteko konpromisoa hartutuko dugu.
• Parekidetasun saila egonkortzeko eta indartzeko konpromisoa hartuko dugu.
• Indarkeria digitala prebenitzeko eta erantzuteko estrategiak landuko ditugu, indarkeria matxisten egungo egoeraren analisiari erantzuteko.
• Neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako jabekuntza jarduerak abian jarriko ditugu, hainbat gai jorratu ahal izateko, besteak beste, bikote-harremanak eta harreman sexu-afektiboak, amodio erromantikoak, sexualitate libreak, etab., 10 urtetik gorako neskei eta nerabeei zuzendutako autodefentsa feministako tailer iraunkorrak ere jasoz.
• Mutil eta gizonei zuzendutako lanketa berezituak abiatzeko konpromisoa hartuko dugu, besteak beste, afektibitatea, harreman-ereduak, maskulinitate-ereduak, rol sexistak gainditzeko estrategiak eta parekidetasuna lantzeko; eta, horretarako, programa zehatzak aktibatzeko konpromisoa ere hartzen dugu.
• Indarkeria matxista jasan duten emakumeen erreparazio eskubidearen alde guztiak (tartean, egiaren hedapena, kalte-ordainketa, akonpainamendu soziala edo ez errepikatzeko bermea) lantzeko programa iraunkorrak, eta osasun egoerari egokitutakoak, martxan jarriko ditugu, besteren artean, arlo bat baino gehiagori zuzendutako protokoloak, memoria historikoa berreskuratzea, omenaldiak, jardunaldiak, tailerrak, ikerketak, zineforumak, bisibilizazio ekimenak (kaleen izenak, kasu) eta abar jasoz.
• 2023ko aurrekontuen prestakuntzan murgilduta gaude, eta beraz, parekidetasun arloaren aurrekontuetan igoerak aplikatzeko konpromisoa hartuko dugu.

 

Horrenbestez, Azpeitiko Udalak dei egiten die herritar guztiei indarkeria matxistarik gabeko bizitzak aldarrikatzeko Denon Bizitzak Erdigunean plataformak deitutako elkarretaratzean parte hartzera. 12:00etan izango da, plazan.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information