wrapper

Ardoa eta txorizoa izango dira protagonista, larunbatean, Azpeitiko plazan: 16. aldiz egingo da Ardo Dastaketa Eguna, eta hamalau upategik parte hartuko dute. Horrekin batera, 9. Euskal Herriko Txorizo Egosi Lehiaketa ere izango da, eta 22 harategi ariko dira lehian. Gaur eman dituzte egitarauari buruzko xehetasunak Mikel Odriozola Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburuak, Valentin Odriozola Edertoko ordezkariak, Ainhoa Maiztegi Gipuzkoako Merkatarien Federazioko kideak eta Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldeko ordezkariek.


Egun horretan plazan sortzen den giroa nabarmendu du Mikel Odriozolak. “Ardo Eguna egun polita izan ohi da azpeitiarrontzat; 16. aldia izango du, eta ardoa dastatzera ateratzeko ohitura hartu du jendeak. Gainera, gazteak zein helduak elkartu ohi dira plazan”. Era berean, Euskal Herriko Txorizo Egosi lehiaketak ere baduela indarra esan du. “Garrantzitsua izaten da ekoizleentzat, beren produktuak erakusteko erakusleiho bat delako lehiaketa haientzat”.

Festa batzordeburuak bereziki eskertu nahi izan ditu egun hori antolatzen ibiltzen diren norbanako, elkarte, harategi eta upategi guztiak; tartean, Gipuzkoako Merkataritza Federazioa eta Harakinak Gipuzkoa elkartea, Odriozola Ardoak, Ederto, Azkune fruta-denda, Villegas arrandegia, Misio Taldea eta Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldea.

Hain zuzen ere, txorizo pintxoak egosteaz eta banatzeaz misio taldeko kideak arduratuko dira, eta haien proiektuetarako izango da biltzen duten dirua. Lan horretarako, Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldearen laguntza izango dute. Horrez gain, gazta saltzeko bi postu jarriko dituzte baserritarrek.
Txorizo egosi eta gazta pintxoak bi euroan salduko dira, kopa euro batean eta ardo dastaketarako txartelak binaka, parea bi euroan. Epaimahaia sukaldari, harakin eta merkatarien ordezkariek osatuko dute. Eguna girotzeko, mahatsez betetako aska bat ere jarriko dute, eta dantza suelto eskolako bikote batek zapalduko du mahatsa.

14 upategitako ardoa dastagai

Larunbatean, bost sor markatako ardoak izango dira plazan.

Arabar Errioxako sor marka: Tobelos, Eguren Ugarte, Viña Real eta Ostatu.
Errioxa sor marka: Zinio, Dominio de Berzal, Beronia, Valcuerna, Lan, Olarra eta Pierola.
Besteak: Quinta do Barco (Vinho Verde), Juve & Camps (Penedes) eta Inurrieta (Nafarroa)

 22 harategi txorizo lehian

Euskal Herriko Txorizo Egosi Lehiaketari dagokionez, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako 22 harategi hauek parte hartuko dute: Valentin Odriozola (Azpeitia), Agirre-Etxe (Arrasate), Jose Maria Otegui (Eibar), Joxe Mari Barriola (Ibarra), Arrizabalaga Senideak (Mutriku), Lasa (Ordizia), Kepa (Orio), Benito Deba (Ormaiztegi), Pako (Olazti), Arozena (Tolosa), Miren (Tolosa), I. Barriola (Tolosa), Oiarbide (Zegama), Uzkudun (Zestoa), Otamendi (Arrasate), Arteaga (Donostia), Lezama (Zumaia), San Sebastian (Azpeitia), Gesalaga (Zarautz), Bengoetxea (Donostia), Rekalde (Igorre), Maialen (Donostia).

Sokamuturra

Arratsaldean, berriz, San Martin Eguna izanik, Buztinzuriko Errebaleko festak dira, eta sokamuturra izango da, 16:30ean. Berrikuntza gisa, Errebalean bertan ez ezik, Goiko Kalen ere ibiliko da zezena, Artetxe inguruan.