wrapper

Aurrekontuak eta parte-hartzea lotuta doaz Azpeitian. Azken urteetan, hainbat bide jarri izan ditu udalak herritarren ekarpenak jasotzeko, eta lan egiteko modu hori indartu egingo du aurten, aurrez aurreko harremanei garrantzi handiagoa emanez. Hain zuzen ere, landa eremuko auzoetan ez ezik, herrigunekoetan ere batzarrak antolatu ditu. Hamaika izango dira guztira: Aratz-errekan, Loiolan, Urrestilan, Matxinbentan, Nuarben, Lasaon, Oñatzen, Elosiagan, Sanjuandegin, Alde Zaharrean eta erdigunean.

Batzar horien bidez, aurrekontuei begira herritarrek zer lehentasun dituzten jakin nahi du udalak, baina, horrez gain, aurrekontuetatik harago, bestelako zer proposamen eta behar dituzten ere jasoko du.

Aurrez aurreko batzarretara etortzerik ez dutenek beste bi bide izango dituzte parte hartzeko. Alde batetik, herritarrek eskuorriak jasoko dituzte etxeetan, beren ekarpenak idazteko; eta eskuorri horiek jasotzeko, azaroaren 17ra arte, postontziak egongo dira herriko sei puntutan: udaletxean, igerilekuan, liburutegian, Urrestillan, Jose Artetxe kalean eta Urbitarte auzoan.

Internet bidez ere egin ahal izango dira ekarpenak, helbide honetara idatzita: www.gardentasuna.eus/gardentasuna/iradokizunak-gardentasuna

Herritarren ongizatean inbertitzen jarraitu nahi du Azpeitiko Udalak, kalitatezko zerbitzu publikoen eta azpiegitura egokien bidez. Horretarako, ezinbestekotzat du herritarren lehentasunen berri izatea. Elkarri entzun, eta elkarrekin aurrera egitea da helburua, azpeitiar guztion ekarpenekin, Azpeitia hobea egiteko.

Bileren egutegia:

• Azaroak 6. Aratz-erreka. Auzoko tabernan, 19:00etan.
• Azaroak 7. Loiola. Loiolatxon, 20:00etan.
• Azaroak 8. Erdigunea. Baigeran, 19:00etan.
• Azaroak 9. Urrestilla. Auzo lokalean, 19:00etan.
• Azaroak 13. Matxinbenta. Taberna gaineko gelan. 19:00etan.
• Azaroak 14. Sanjuandegi. Baigeran, 19:00etan.
• Azaroak 14. Nuarbe. Sokatira museoan, 19:00etan.
• Azaroak 15. Alde Zaharra. Basazabalen, 19:00etan.
• Azaroak 15. Lasao. Auzo lokalean, 19:00etan.
• Azaroak 15. Oñatz. Elizako lokalean, 19:00etan.
• Azaroak 21. Elosiaga. Añotan, 19:30ean.