wrapper

Landa lurren mugak zehaztu, eguneratu eta digitalizatzeko lanetan ari da Azpeitiko Udala, mugen gaineko ezagutza bermatzeko asmoz. Horretarako, azaroaren 8an, 11:00etan eta 18:00etan, bilerak egingo ditu udalerriko 02, 03, 04 eta 06 poligonoetako landa lursailen jabeekin, Azoka Plazako lehen solairuko eraikinean.

Lursailen titularren batezbesteko adina altua da, eta gero eta zailagoa da landa eremuko lursailen mugak identifikatzea eta zehaztea. Ondorioz, beharrezko ikusten da mugak eta mugarriak GPS koordenatuekin zehaztea. Udala Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia, Turismo eta Landa Ingurunearen Sustapenerako Departamentuak diruz lagunduta ari da digitalizazio lan horretan, eta jabeei ez die inolako gastu ekonomikorik eragingo.

Lanak behar bezala garatzeko, ezinbestekoa da jabeen laguntza, haiei baitagokien lursailen mugak eta mugarriak adostea. Jabeek edo haien oinordekoek landa jabetzak ahaztu edo ezagutzen ez badituzte, mugarriak eta mugak nahasgarriak izango dira edo, besterik gabe, desagertu egingo dira. Horren ondorioz, zailagoa da mendia zaintzea, eta ondorio kaltegarriak eragiten ditu landa munduan.