Eusko Jaurlaritzaren eta Azpeitiko Udalaren elkarlanaren ondorioz, esklabetan alokairurako 48 etxebizitza eraikitzeko obrak egiten ari dira. Obrak aurreikusi bezala doaz eta 2023 urte amaieran obrak bukatuta izatea aurreikusten du Jaurlaritzak. Etxebizitza horien esleipen prozeduran parte hartzeko, Azpeitian erroldatutako gazteek izango dute lehentasuna. Eta parte hartzeko, nahitaezkoa da Etxebiden alokairuko aukeran alta emanda egotea, Jaurlaritzak tramitazioa hasi aurretik.
Etxebizitzen xehetasunak
Proiektua Azpeitiko Udalak Etxebizitza Sailari lagatako Jesusen Bihotzaren Esklaben antzinako komentuko ekialdeko hegalean kokatzen da, eta bizitoki-erabilera ematea du helburu. 7.951 metro koadroko espazio horretan, txandakatzeko aldi baterako erabilera izango duten 48 apartamentu sortzear dira; bertan, gehieneko egonaldi-epea 5 urtekoa izango da. Zuzkidura-bizitokiak gazteen emantzipaziorako bide emateko formula egokia dira; gazteek hilean ordainduko duten alokairuaren zenbatekoak ez du inolaz ere gaindituko haien diru-sarreren % 30.
48 zuzkidura-bizitokiak komentuko ekialdeko hegaleko hiru solairutan –beheko, lehen eta bigarren solairuak– banatuko dira. Beheko solairuan hamasei bizitoki egin dira; haietako hamaika logela bakarrekoak izango dira eta bost, bi logelakoak. Goiko bi solairuetako bakoitzean, logela bateko hamar egongo dira eta biko sei. Apartamentuetako bi mugikortasun urria duten pertsonentzat egokituak egongo dira.