Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiaraziko dute gaurtik aurrera UEMAk eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean, eta Azpeitiko Udalak ere bat egin du. Kanpaina honekin UEMAk lortu nahi duena errenta aitorpena euskaraz egitea.
Gainean da 2022ko errenta eta ondarea aitortzeko garaia eta, ohi bezala, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bertako kide diren udalekin eta foru ogasunekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du aurten ere, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian. Errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua urtez urte gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik, eta horretan eragin nahi dute UEMAk eta udalek, herritarrei administrazioarekin ere euskaraz aritzeko deia eginez. Apirilaren 3an hasi da kanpaina Arabako eta Gipuzkoako foru ogasunetan, eta ekainaren 30era arte iraungo du.
Tokian tokian, elkarlana eta askotariko kanpainak
Udalekin eta hainbat erakunde publikorekin elkarlanean gauzatzen da kanpaina, eta foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak moldatzen du bere beharren arabera. Mezu orokorra berbera da leku guztietan, baina tokian toki, foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoaren arabera moldatzen du kanpaina eta mezua. Besteak beste, Errenta aitorpena euskaraz lelodun kartel orokorra eta azalpen kartela jarri ditu eskura UEMAk, nork bere arabera moldatzeko aukerarekin. Gipuzkoan, aurten ere, Ogasunarekin euskaraz leloa erabiliko du aldundiak, eta UEMAk ere halaxe gehituko du Gipuzkoako udaletara zabaldutako euskarri guztietan.
Errenta euskaraz egiteko modu bat baino gehiago daude: autolikidazio proposamena onartzeko orduan, eta baita aitorpena internetez edo modu mekanizatuan ogasunaren bulegoetan aurrez aurre egitean ere, euskaraz egin nahi duzula hautatuz edota dagokion langileari horrela adieraziz. Bestalde, aitorpena gestoria batean eginez gero, errenta aitorpena euskaraz egiteko eta ogasunekiko harremanetan euskara aukeratzeko borondatea ere adierazi daiteke.
Iazko Azpeitiko datuak
Azpeitiaren kasuan, pasa den urtean, 2021ko errenta aitorpena egiterakoan, honakoak izan ziren datuak:
Guztira eginiko errenta aitorpenak: 8.096
Euskaraz eginiko errenta aitorpenak: 3.656 (%45)
Euskaraz egin ez ziren errenta aitorpenak: 4.440 (%55)