wrapper

Atzo arratsaldean aurkeztu zen 2026. urtea arteko Azpeitiko Euskararen Plan estrategikoa, jendaurrean. Plana osatzeko prozesuan ia 150 herritarrek hartu dute parte, antolatutako saioetan zein etxez etxe banatutako galdetegiaren bidez. Eneritz Albizu Euskara batzordeburuak parte hartzaileak eskertu nahi izan ditu: “Plana zuek egin duzue, herritarrok esandako eta hausnartutako arloetatik sortu da. Orain abian jartzea eta jarritako lan ildoak eta erronkak betetzeko ekitea dagokigu. Hori ezin du udalak bakarrik egin, guztion elkarlana ezinbestekoa da euskarak atzerapausorik eman ez dezan Azpeitian”. Ondorioz, planaren eragile eta zaindari lanak egingo dituen Euskara Mahaia osatzea da asmoa. Horretarako, lehen bilera otsailaren 8an egingo da 18:30ean Basazabalen.

 Kontsultatu Euskara Plana

Hilabeteetako lanketa sakonaren ostean, atzo arratsaldean aurkeztu zen 2023-2026 epealdirako Azpeitiko Euskara Plana herritarren artean. Aurkezpenean prozesuan parte hartu duten herriko hainbat eragiletako ordezkariak eta norbanakoak izan ziren. Bileraren hasieran Eneritz Albizu Euskara batzordeburuak egindako lana “eskertu eta txalotu” nahi izan zuen. “150 herritar inguruk hartu duzue parte euskara plana osatzeko prozesuan, eta oso eskertuta gaude. Ekarpen oso aberatsa eta ezinbestekoa izan da egindakoa. Plana zuek egin duzue, herritarrok esandako eta hausnartutako arloetatik sortu da. Orain abian jartzea eta markatutako lan ildoak eta erronkak betetzea dagokigu. Hori ezin du udalak bakarrik egin, guztion elkarlana ezinbestekoa da euskarak atzerapausorik eman ez dezan Azpeitian”. Zentzu horretan, prozesua gidatu duen Emun-eko Mikeldi Zeberio teknikariak “herritarrak hausnarketa saioetara gaiaz ondo hausnartuta” joan zirela azpimarratu nahi izan zuen.

Plana osatzeko prozesuan, aurrez aurreko sei saio egin ziren iazko urrian eta 55 lagunek hartu zuten parte. Etxe guztietara inkesta bat ere banatu zen herritarrek ekarpenak egiteko eta 89 herritarren iritzi eta hausarketak jaso ziren.

 

3 erronka eta 5 lan ildo

“Plan anbiziotsua” zela azaldu zuten aurkezpenean, batez ere, egiteko moduak aldatzea proposatzen duelako. Elkarlana oinarri hartuta, ildo bakoitza lantzeko eragileen arteko saretzea eta elkarlana du oinarri. Lan egiteko modu berriak bilatuta ekintzen markatuko dute plana garatzeko erritmoa, eta, era berean, konplizitate sarea sortzen joatea izango da helburu nagusia.

Plana hiru erronka eta 5 lan ildo nagusitara ekarri dute:

EUSKARAREN BIZIBERRITZEA IKUSPEGI KOMUNITARIOTIK LANTZEN DUEN HERRIA

• Gobernantza partekatuaren bidezko antolaketa
• Bizikidetza eraikitzea euskara erdigunean jarrita eta bestelako hizkuntzak kontuan hartuta

HIZKUNTZA PORTAERA KONTZIENTEAK DITUEN HERRITAR SARETUAK

• Kontzientziazioa eta sentsibilizazioa landu

EUSKARAZ BIZI DEN HERRIA

• Euskararen erabilerari eustea eta gune gehiagotara areagotzea
• Euskararen ezagutza areagotzea

 Kontsultatu Euskara Plana

 

Euskara Mahaia, eragile eta zaindari
Plana osatuta betetzeaz eta jarraipena egiteko akuilu lana egiteko Euskara Mahaia osatzea da orain helburua. “Euskara plana osatu dugu, baina hau betetzea guztion lana eta ardura da. Udalak bakarrik ezin du hau egin”, adierazi du Albizuk. Horregatik, Euskara Mahaia osatzea izango da erronka. Euskara Mahaian urtean hiru bilera egitea proposatzen da, urtearen hasieran, urteko plangintza osatu eta onartzeko, maitzean, jarraipena egiteko eta urtearen bukaeran balorazioa egiteko. “hori bai, beharra eta indarra badago lanketa berezituak egiteko azpitalde edo bestelakoak sortzeko aukera ere izango da”, zehaztu du Albizuk. Ordu eta erdi inguruko bilerak egingo dira eta bilera praktikoak izango dira: “Gaiak eta proposamenak landuta emango dira, bilera eraginkorrak izatea nahi da.

Euskara Mahaia osatzeko lehen bilera otsailaren 8an egingo da, 18:30ean, Basazabalen. Bilera horretara, aurrez eragileekin hitz eginda 2023rako plangintza proposamena emango da, bertan adostu eta martxan jartzeko.

Albizuk bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi izan zien bukatzeko herriko eragile eta norbanako guztiei.

 

20230125 183819

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information