wrapper

Etorri berriak hizkuntzaren eta emozioen bidez herrian integratzea, horixe da Azpeitiko Udalak sustatuta Udal Euskaltegiaren bidez ikastetxeetan ipinitako programaren helburua. Kepa Urbieta Udal Euskaltegiko irakasleak landu eta osatutako metodologiaren bidez jarri zen abian iaz. Emaitza positiboak jasota, aurtengo ikasturtean ere ekin diote; irailetik hona 5 etorri berrirekin landu da programa eta urte berria hastearekin bat beste hiru haur edo neraberekin ekingo diote. 

Azpeitira etorri berriei harrera egoki bat eman, hasieratik hizkuntzarekiko lotura goxotasunez lantzea eta haur edo nerabe horien integrazioa erraztea, horixe da Harrera egitasmoaren helburua. Azken hilabeteetan lanketa prozesuan duten Euskara Plan berrian ere Azpeitira migratzen dutenei "harrera egokia" egitea izan dute mintzagai eta  "integrazioarako bidea egiten laguntzea" ere helburu dela azpimarratu dela azaldu zuen Eneritz Albizu Euskara Batzordeburuak. "Harrera egitasmoa zuzen lotuta dago Euskara Planaren lanketan agertzen den kezka horrekin, ildo horretan lanean jarraitu beharra daukagu eta sakontzen joango gara". 

Ikastetxeekin batera aurkeztu dute proiektua, eta "aberasgarritzat" jo du elkarlan hori. Hezkuntzaren baitan kokatu du egitasmoa, azken finean, ikastetxeetara heltzen diren azpeitiar berriei zuzenduriko harrera baita. Lehen Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu bitarteko haur eta gaztetxoen artean gauzatzen da, eta Kepa Urbieta Udal Euskaltegiko irakaslean sortu, landu eta  proposaturiko metodologiaren bidez jarri zen martxan iaz. Albizuk eskertu nahi izan dio "ideia edukitzean gugana jo izana martxan jartzeko". "Horrelako herritarrak eta euskara patronatuan horrelako langileak izatea zorte bat da", gaineratu du. 

Estrategikoki heldu beharrekoa da ikastetxeetan sartzen diren etorri berriei behar bezalako harrera egitea eta baliabideak eskaintzea, ikasketa prozesuan aurrera egiteko behar beharrezkoa delako euskara eta baita integratzeko tresna ere badelako euskara: "Garbi ikusten dugu Hezkuntza Sailak herren duela gai hori eta hor eragin beharra daukagu". 

Euskara, emozioak eta inklusioa

2006tik Etorkizun programa martxan da Azpeitian. Udaleko Gizarte Zerbitzuen eta Udal Euskara Patronatuaren eta ikastetxeen elkarlanaren bidez ematen da aurrera. Programa horretan, eskola orduetatik kanpo etorri berriei euskaraz trebatzeko zerbitzua eskaintzen zaie. Helburu nagusia ikasleek euskaraz ulertzeko eta mintzatzeko oinarrizko maila lortzea da. Proiektu horretan 80-100 ikaslek hartzen dute parte, %20ak 2-3 urtean lortzen ditu gaitasunak, baina beste %80ak 3, 4, 5 edo 6 urte behar izaten zituen maila lortzeko, Urbietaren arabera. "Hori zergatik gertatzen zen bueltaka hasi nintzen, eta gaitasunak azkarren lortzen zituzten horiek herrian, eskolan eta lagun artean azkar eta erraz integratzen zirela ondorioztatu nuen nagusiki. Hori, batez ere, kirolaren bitartez lortzen dute", zehaztu du. Beste %80an erreparatu zuen, ordea, Urbietak: "Hori lortzen ez dutenak haserreak, fustrazioak, amorrazioa hartzea euskarari...  izaten dituzte. Lan bat egiten ari nintzen hortaz ohartu nintzen garaian, eta horixe hartu nuen gaitzat". Galdera bat egin zion bere buruari, ea inklusioak egoera horretan ba zuen eraginik. "Inklusio horretan zerk eragin dezakeen aztertzen ar naiz, ikerketa oraindik ere egiten ari naizelako. Alde batetik, hizkuntzak eta, bestetik, emozioek dutela eragina uste dut". 

Ikasleeak etorri berritan hartu eta harrera goxatuz, emozioen bidez, hizkuntza ikastea errazterik ba ote dagoen probatzen da proiektu pilotu honekin: "Helburua, lehenbailehen hizkuntza ikastea da, horrek inklusioa erraztuko dietelako". 40 orduko esku-hartze baten bidez, euskararen ulermen maila oinarrizko batera iristea ea posible ote den probatzen ari da. Iaz 4 esku-hartze egin zituen eta emaitza "politak" jaso zituzten. Aurten, metodologia edo lanketa prozesu hori sistematizatzea dute helburu. 

20 egunean 40 orduko lanketa egiten da Harrera Egitasmoan. Lehen astean, egunero hiru orduz egiten da lanketa; bigarren eta hirugarren astean, bi orduz; eta, azken azkean, ordubetez. Ahozkotasunean oinarritzen da prozesua. "Hitz egiten dugu, jolastu... eta azken orduan, beti ikaskide bat etortzen da aurrez landutakoari jarraipena emateko. Hala, hizkuntza lantzeaz gain inklusioa eta ikaskideak ezagutzea da helburua". Oraindik ere "zorrozteko asko" dagoela adierazi du. 

Aurkezpenean zeuden Aitor Cordoba, Mari Azkue eta Mikel Olaizola ikastetxeetako zuzendariak ere "gustura eta pozik" agertu dira egitasmoarekin. Esperientzia aberasgarria izan da, programaren bidez bilatzen den hizkuntza eta ikaskideekiko lotura gelan islatzen da gero" azaldu dute. "Emozioek eragin zuzena dutela ikusi dugu". 

Harrera egitasmoan egindako aurrerapenari jarraipena emateko Etorkizun egitasmora batzen dira ondoren etorri berri horiek, beren ikasketa prozesuan jarraitzeko. Hala ere, Urbietak bere ikerketarekin aurrera jarraitzen du eta lotura hori hobetzea eta ulermen eta mintzamenean emaitzak hobetzen jarraitzea du helburu. 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information