wrapper

Pasa den astean, gaia publiko egin zenean Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak iragarri moduan, urriaren 11n (asteartea), 19:00etan, Soreasu antzokian egingo da ‘Piaspe’ deituriko eolikoen proiektuaren inguruko batzar irekia, herritarrekin. Batzarraren helburua da gardentasunez proiektuaren inguruko informazio osoa herritarrei jakinaraztea. Azpeitiko Udalak Statkraft Norvegiako enpresa publikoaren ordezkariak ere gonbidatu ditu batzarrean parte hartzera eta bertan izango dira herritarrei informazioa aurrez aurre eskaini ahal izateko. Bide batez, udalak proiektuaren inguruan duen ikuspegia ere azalduko die herritarrei eta azpeitiar guztiak animatu nahi ditu parte hartzera.

Pasa den astean, hedabidetan gaia “modu interesatuan” atera egin eta berehala konfirmatu zuen Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak Statkraft-ekin harremanetan daudela eta proiektuaren inguruko gutxieneko informazio baduela. Azpeitiarrak informatzeko batzar irekia iragartzearekin batera, nabarmendu zuen proiektuak badituela bi bereizgarri: batetik, Statkraft Norvegiako Estatuaren enpresa publikoa dela, eta hori, orain arteko proiektuekin alderatuz berritasun bat dela; bestetik, enpresak energiaren sozializaziorako eta entitate lokalen parte hartzea sustatzeko erakutsitako borondatea. Azken hori aukera berritzailea izan daitekeela azpimarratu zuen Azpeitiko alkateak.

Alkateak aurreraturikoa konfirmatzera dator ondorengoa: irailaren 16an, Statkraft-ek Azpeitiko udaletxean ofizialki sarrera eman zion ‘Piaspe proiektu eolikoarekin lotutako lankidetza publiko pribatua sustatzeko’ adierazpena. “Tamaina honetako proiektuei dagokionez, lehen aldiz hitz egiten da herritarren parte hartzeaz energia komunitateen bitartez, tokiko enpresen edota udalen jabetza partekatuaz. Orain arte ezagutzen ez den eredu batez ari gara, egungo sistema energetikoa aldatu eta denon artean herritarren beharrei erantzungo dien eredu berritzaile bat eraikitzeko aukera posibleaz; energia kontsumitzaile soil izatetik energia sortzaile izateko aukeraz”.

Gaia hedabideetan “modu interesatuan” atera ostean, herritarren artean jakiteko gogoa, eztabaida eta kezka sortu dela jakinda, lasaitasunerako mezua eman nahi izan du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak. Udalak gardentasunez aritzeko duen konpromisoa berretsi eta proiektua oraindik aurrelanketa fasean dagoela azpimarratu du alkateak. “Prozesua luzea izango da, oraindik argitzeko galdera asko dago, ingurumen inpaktuaren azterketak egin behar dira, nahikoa haizerik badagoen fisikoki neurtu, eta abar. Beraz, ez dago emaitza ziurtaturik. Gauzak beste modu batean egiteko aukeraz hitz egiten dugunean, esan nahi dugu, egiteko moduan ere eredu partehartzeaile bati lotuta eman behar dela prozesua. Gaiaren inguruko eztabaida behar den lasaitasunez gauzatu eta erabakiak modu partekatuan hartzeko ahalegina egingo du udalak”.