wrapper

Atzo aurkeztu ziren 2021eko udazkenean Sozialinguistika Klusterrarekin elkarlanean egindako hizkuntzen kale erabileraren neurketaren emaitzak. Emaitza onek, euskararen kale erabilera %86,6koa dela neurtu dute, herritarren kezkarekin kontrastatu zuten.

Azpeitiko kaleetan heritarren gehiengoa euskaraz bizi da. 2021ean egindako hizkuntzen kale neurketaren arabera, euskararen kale erabilera %86,6koa da Azpeitian. Atzo aurkeztu zituzten herritarren aurrean hizkuntzen kale erabilera neurketaren emaitzak Soziolinguistika Klusterrak eta Udalak. Datuak aurkezten izan zen Belen Uranga Klusterreko kidea. Datu positiboek ordea, herritarren pertzezioarekin egin zuten talka. Azpeitian euskara nagusi dela ikusi arren, batez ere, herriko txikienen artean hizkuntza ohiturak aldatzen ari diren zantzuak azaldu baitzituzten.

Kale neurketa iazko iraila eta urria artean egin zen, Pandemiak beste hainbat arlotan bezala, herritarren bizitza sozialean ere eragina izan zuen, eta datuetan ere eraginen bat izan dezakeela uler daiteke. Neurketa egin zen egun guztietan neurtzaileek ibilbide bera egin zuten. Guztira 930 elkarrizketa eta 3.111 solaskideren datuak bildu ziren. Elkarrizketa horietan euskararen erabilera %86,6koa izan zen; gaztelaniarena %10,1 eta beste hizkuntzena %3,3. Adin-talde gazteenetan gehiago egiten da euskaraz, baina gainerakoekin aldeak ez dira handiak; eta euskararen erabilera adin-tarte guztietan % 80tik gorakoa da. Azken neurketa hori, Azpeitian eginiko hirugarrena izan da; aurrez 2009an eta 2016an egin ziren.

Aurreko neurketekin alderatuz, 2016an euskararen erabilera jaitsi egin zen %81,9ra eta azken datuek 2009ko erabilera datuen (%86,1) antzekoak dira. Datu aipagarriei erreparatuz, haur (2 eta 14 urte astekoek) eta gazteek (14 eta 25 urte artekoek) hitz egiten dute gehien euskaraz kalean, hamarretik bederatzik zehazki. Neurketaren arabera, gainera, adin tarte berdinekoen elkarrizketetan euskarararen presentzia handiagoa da: “Hau aipagarria da benetan, neurketa egitean, haurrek haurren artean eta gazteek gazteen artean, erabat euskaraz egiten dute; guraso edo aiton-amonekin ari direnean, berriz, jaitsi egiten da kopurua. Eta hori oso positiboa da”, azpimarratu zuen Urangak .Pertsona nagusiak euskaraz gehiago aritzen dira haurrak hurbil daudenean, bakarrik daudenean baino. Joera hori orokorra da, eta Azpeitian ere araua hala betetzen da. Badirudi pertsona nagusiek beren harreman horizontaletan gaztelaniarako joera zertxobait handiagoa dutela eta haurrekin daudenean baztertzen dutela joera hori: nagusien arteko taldeetan entzuten da gutxien euskaraz, eta haurrekin daudenean, aldiz, igo egiten da euskararen erabilera. Dena den, aipagarria da Azpeitiko kaleetako euskararen erabilera altuena haurrak beren kabuz ari direnean gertatzea.

Sexuaren araberako konparaketan ohikoa da emakumeek euskaraz gehiago hitz egitea aipatu zuen, baina Azpeitian nahiko pareko datua da: “Ez dago alderik Azpeitian. Aztertzen ari gara sexuaren araberako desberdintasun hori zergatik izan daitekeen. Rolen desberditasunekin loturarik duen… baditugu zantzu batzuk, baina ez naiz ausartzen zergatik den aurreratzera”.

 

Herritarrek bestelako pertzepzioa

Urangak datuak azaldu ostean, azalpena entzutera joandako herritarrek hartu zuten hitza. Aurrez, Eneritz Albizu Euskara Batzordeburuak datuen testuingurua azaldu zuen: “Datu hauek onak diren arren, aurrez esan bezala, momentu jakin bateko argazkia da hau”. Ikastetxe, guraso elkarte eta herritar norbanakoak udalean “euskararen erabileraren inguruko kezka” azaldu dutela jakinarazi zuen. Horregatik, ikerketa hau beste batzuekin osatzeko konpromisoa azaldu zuen: “Horretan ari da udala, UEMArekin batera: jolastokietako neurketak, haur eta gaztetxoen ikus-entzunezkoen kontsumoaren inguruko galdetegiak… ikuspegi oso bat jaso nahian gabiltza, eta horri jarraiki dator euskara plana osatzeko parte-hartze prozesua ere”. Hala, ikerketa horien lehen emaitzek herritarren pertzepzioaren isla direla azaldu zuen: “Jolastokietan hainbat faktore desberdinengatik gazteleraren presentzia nabarmenagoa dela nabaritu dugu, eta ikus entzunezkoen galdetegietan ere arduraz jokatzeko datuak biltzen ari gara”. Azken galdetegi hori LH4tik Batxillergo bigarren mailara arteko herriko ikasle guztiek bete dutela zehaztu zuen. Datuein gaur egungo errealitatetik begiratzeko beharra eta arduraz jokatzeko beharra ere azpimarratu zituen: Datuei 2022ko ikuspegitik begiratu behar zaie, ez du balio duela hogei, hamar edo bost urteko Azpeitiarekin eta azpeitiarrekin alderatzea, ezta hiztun bezala norberak izan duen ibilbidearekin ere. Ez dugu ahaztu behar erdaren erausiaren aurrean, euskara hizkuntza gutxitua dela, eta beharrekoa dela egunero euskararen aldeko hautua egitea, administrazioen nahiz herritarren aldetik.

Datuekin harrituta agertu ziren herritarrak, intuizioak edo, batez ere, haur eta gazteen arteko joku-jolasetan gaztelera sartu izanak bestelako pertzepzioa izatera eraman dituztelako. “Azpeitian arau soziala euskaraz hitz egitea da orain artean, Azpeitiko kaleetan euskaraz bizi gara, eta hori aldatzea da arriskutsua”, azaldu zuen batek. “Gaur egun, oso haur txikiek zenbat jolasetarako gaztelera erabiltzen dute. Hori duela urte gutxi sinesgaitza zen Azpeitian”, zehaztu zuen beste herritar batek. Pantailek, eta pandemia garaian haurrek horien erabilira gehiegizkoak eragin zuzena izan dezaketela ondorioztatu zuten.

Herritarren kezken aurrean, Urangak, pertzepzioak datu bilakatzera arte denbora behar zela zehaztu zuen: “Garrantzitsua da zuen pertzepzioak apuntatzea, harreta jartzea, egiten ari zareten moduan beste ikerketa batzuk egin eta egoera gehiago aztertzea eta errealitate berri hori datu bilakatu aurretik neurriak hartzea”.

 

20220920 191335

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information